Zenbat buru, hainbat aburu
: Kanpoko begiradie
Hau da Azpeitia diot
Xabier Gantzarain
Azpeitia eta azpeitiarrok nola ikusten gaituen idazteko eskatu dio Uztarriak Xabierri. Hemen haren ikuspuntua:
Eta neu lotsatzen naiz zuek lotsatzen ez zaretela ikusita. Ez pentsa azkoitiar izateaz harro nagoenik. Nonbaiten jaio behar, esan zuen poetak. Eta igel bihurtu nintzen.
Hau da Azpeitia: euren putzuaz harro dagoen apo saldo bat. Ez dagoen beste apo pilo bat. Ezezagunak, ezagunak, ikaskide ohiak, pisukide ohiak, nire oroitzapen lausoen kutxan apopilo daudenak. Txikitako lotsarik haundienetakoak pasa nituen igerilekua.Esklabak. Gazteagoak ginenean intsumisioaren aldeko manifak egiten genituen bariantea. Gero intsumiso izateagatik ezagutu nuen epaitegia. Anbulategia. Bizkarra izorratu arren begiak ireki dizkidan Soreasuko zine-foruma. Orainari baino iraganari lotuagoak dakuskidan lekuak, tabernak, "baserri elektronikoa", igel gazteari hazten lagundu dioten bizipen ez beti gozoak. Kuadrilakoon larunbat gauetako abenturak eta kalenturak. Topikoak betez azkoitiarrak garelako gutxiesten gaituzten harroputz batzuk. Apokeriaz apokeria boterean mantentzen den apotzar lotsagarria eta hau loriatzeko bizi den bufo calamita multzoa. Baina batez ere, gehiena behar nituenean imeilak bidali dizkidaten edo lantzean behin nitaz akordatzeko lain maite nautela badakidan adiskide batzuk, inoiz amaituko ez den mende batean jaio ginela esan zigun maisu bat eta aspaldian deitu ez diodan laguna. Hau da Azpeitia diot.
Eta ez naiz lotsatzen neure herrian ere ama delako semearen heriotza jakiten azkena.
Bizitza zoriontsuago baten ametsak garagardotan itotzen diren herria ere bada Azpeitia. Desioen eskualdeko hiriburua. Ezinen azoka paratzen dutena. Auto garestiz eta arropa dotorez mozorrotutako bakardade izotzezkoen bizitoki. Antzerki Topaketen eta egunero antzerkia egin behar dutenen gela huts. Haundinahiaren gozotegietako zurrumurruen oihartzunen mu-rru. Altzairuzko bihotzen aurrezki kutxa eta banku ustelen paradisu. Iraganaren trenaren erbeste, trenaren museoa ireki ondoren. Poeten jaioterri eta euskararen berotegi. Bizinahiaren etorkizuneko herri piloto.
Hau da Azpeitia diot eta ez naiz lotsatzen azpeitiarra ere izateaz.
|