|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Euskaldun Garen Egunkaria
Patxi SAez (Hizkuntza Normalizazio Teknikaria)
GAIA: ‘Komunikabideak Azpeitian’. Zergatik erosten dugu prentsa espainola? Zergatik ez dugu irakurtzen euskarazko prentsa? Herri abertzalea izanik, zerk hutsegiten du?...
Euskaldunen artean, egunero irakurtzen duten egunkaria dela-eta, galdezka hasiko bagina, gazteek batez ere, gurasoek erositakoa irakurtzen dutela erantzungo lukete. Izan ere, egunkaria erostearena eta irakurtzearena ez da gizabanakoari edo norbanakoari lotutako gorabehera, baizik eta, taldeari edo, zehatzago esanda, familiari dagokion aztergaia da.
Jaiotzen garenetik gizarte-sareak edo gizataldeak sortzen eta osatzen ari gara etengabe. Bizitzako lehen urteetan gizarte-sare askotako partaide izaten gara eta adinean aurrera egin ahala, geure sare propioak sortzen ditugu. Sare horietan izango dugun kokagunea (gure ekintzekin beste kideen jokamoldeetan eragiteko ahalmena) ezberdina izango da. Hala, geure bizitzan sortzen eta osatzen dugun gizarte-sarerik iraunkorrena familiarena izan ohi da. Jaioberritan familia osatu egiten dugu eta, gerora, geuk sortzen dugu geure familia propioa. Familia da gizabanakoak izan ohi duen lehen taldea, lehen harreman-sarea eta, hain zuzen ere, gizabanakoaren lehen sozializazioa familian gertatzen da.
Gizabanakoaren jokamolde soziala ez dago bere gizarte-saretik, gizataldetik, isolatuta. Gizarte-sareak edota gizataldeak bere baitako kideei, era batera edo bestera jokatzeko, aukerak emango dizkie batetik, eta mugak ezarriko dizkie bestetik. Beste era batera esanda, gizarte-sareak edota gizataldeak jokabide jakin batzuk baietsi eta bultzatuko ditu eta beste batzuk ezetsi eta galaraziko.
Ohiko familiaren harreman-sarean gurasoek, beren kokagunea dela-eta, gainerako kideen (seme-alaben) jokaeretan eragiteko duten ahalmena erabatekoa da. Hizkuntzari dagokionez, gurasoek erabakiko dute zein izango den familiako hizkuntza eta, era berean, seme-alaben ama-hizkuntza. Ildo beretik, gurasoek erabakiko dute seme-alabek zein hizkuntzatan eskolaratuko diren (beti ere, giza-inguruneak edo gizarteak aukera hori ematen badie). Eta, besteak beste, gurasoen baitan dago zein egunkari irakurriko duten etxean. Kontuak honela, etxe batean gaztelerazko egunkaria bakarrik erosten bada, etxe horretako kide guztiei ez zaie aukerarik emango euskaraz irakurtzeko, edo beste era batera esanda, eguneroko berriak euskaraz irakurtzeko mugak eta trabak jarriko zaizkie, nahita edo nahi gabe.
AUKERAKETAN ERAGILEAK. Ikus dezagun orain egunkariaren aukeraketan zein eragilek esku-hartzen duten:
-Gurasoak beren familia propioa osatu aurretik beste familia banatako partaide ere izan dira eta badira. Familia horietan ere egunkari jakin bat erosteko eta irakurtzeko ohitura baldin badago, ohitura horrek eraginda, familia propioa osatzerakoan, egunkari bera erosten jarraitzeko joera dago (jabetuta edo jabetu gabe). Kasu honetan ere, gizarte-sareak (txikitako familiak) gizabanakoen (gurasoen) jokamoldean duen eragina nabarmen gelditzen da. Giza jokabidean ohiturak indar handia du. Hizkuntza kontuetan, esate baterako, familia osatu aurretik bikotekideek gazteleraz ezagutu badute elkar, familia osatu ondoren, (familia hizkuntza euskara izango dela finkatu arren, eta seme-alabekin euskaraz soilik egin arren) bikotekideen artean, askotan, gazteleraz egiteko joera nagusitzen da ohiturak eraginda.
-Familia osatzen duten kide guztiek euskaraz irakurtzeko gaitasuna izatea eragile garrantzitsua da. Norbaitek euskaraz ez badaki edota, euskal hiztuna izan arren, euskaraz irakurtzeko ezintasuna baldin badu, besteak beste alfabetatu gabe dagoelako, nekez egingo da euskarazko egunkariaren hautua.
-Euskaraz irakurtzeko erraztasunak ere badu eraginik euskarazko edo gaztelerazko egunkaria hautatzeko garaian. Ez dugu ahaztu behar erraztasuna gaitasunaren ondorengo maila dela. Gaur egun euskaldunez osatutako familietan seme-alabek gutxi-asko euskaraz irakurtzeko erraztasuna izan arren, guraso gehienek dezenteko ahalegina eginez irakurtzen dute euskaraz.
-Asetasun maila ere eragile garrantzitsua da. Kontsumo-gizartearen legea da: orain duzuna baino hobea aurkitzen baduzu, eros ezazu. Beraz, euskarazko egunkariak gaztelerazkoari tokia hartu nahi badio, irakurleari gehien interesatzen zaizkion informazio-arloetan sakondu behar du eta gaztelerazko egunkariak ematen diona baino gehiago eman behar dio.
-Euskararen aldeko interesa eta jarrera, edo bestela esanda, euskaltzaletasun maila, kontuan hartzeko eragilea da euskarazko egunkariaren hautua egiten dutenen artean. Dena dela ez da eragile erabakigarria izaten, eragile bat gehiago besterik ez da. Hala ere, eragile hau indartsua denean, euskarazko egunkaria eros dadila ahalbidetu dezake baina gaztelerazko egunkaria ordezkatu gabe, alegia, biak erosi ohi dira, eta irakurri, berriz, era ezberdinean irakurtzen dira.
HIRU ILDO ESTRATEGIKO. Kontuak honela, euskarazko prentsak normalizaziorako bidean, hiru ildo estrategikoetan jardun beharko du: erabileran, transmisioan eta kalitatean.
-Erabilera: lehenik eta behin, batez ere, gazteengana bideratua behar du izan, gazteak erakarri behar ditu eta gazteak asebete behar ditu, hala, guraso euskaldunek, euskararen aldeko jarrerak eraginda, beraiek irakurri ez arren, seme-alabentzat erosiko dute.
-Transmisioa: gazteak euskarazko prentsa irakurtzen ohituz gero, gerora, beraien familia osatzen dutenean, euskarazko prentsa irakurtzeko ohiturari eutsiko diote eta, hala, euskarazko prentsaren transmisio katea sortuko da.
-Kalitatea: euskarazko prentsak jorratutako edukiek gaztelerazko egunkariarenak baino asetasun maila handiagoa lortu behar dute informazioari dagokionez (herri informazioa, eskelak, jaiotzak, urtebetetzeak...), hala, motibazio instrumental horrek eraginda, poliki-poliki, informazio-atal jakin batzuk irakurtzeko ohiturak sortuko ditu (gurasoen artean ere bai).
|