|
|
|
Kirola
: Diego Garcia
Diego Garciaren oroimena
Nerea Aranburu
Azkoitiar korrikalari handia hil zela lehen urteurrena
gogoratuko da aurten, eta haren omenez eskultura jarriko da
martxoaren 30ean; maratoi erdia ere korrituko da
|
|
Diego Garciaren oroimenez eskultura jarriko da Loiolan.
|
|
Hilabete honetan beteko da, hain zuzen ere, urtebete Diego Garcia hil zela, iazko martxoaren 31n utzi gintuelako; Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako entrenatzen ari zela, bihotzekoak jota hil zen Loiola inguruan. Urteurrena gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte haren lagunek. Horien artean, bi ekitaldi aipagarri egingo dira martxoaren 30ean, larunbatean alegia. Alde batetik, goizean Diego Garciaren eskultura jarriko dute, Diego bera hil zen tokiaren parean —Loiolan—, eta, bestetik, arratsaldean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia korrituko da.
Xebas Larrañaga azkoitiarra izan da egun horretan jarriko den eskulturaren egilea. Lan hori egitearen ideia orain denbora dezente sortu zen; Diego Garciaren oroimenez zerbait egin beharra zegoela ikusten zuten eta hortik atera zen haren oroimenezko eskultura egitea. Egilearen esanetan, “eskulturak Diego Garciaren beraren neurri errealak ditu, tamaina naturalean egina baitago lan guztia. Une honetan 1,71 metroko altuera du. Une honetan diot, zeren, gero eskultura brontzera pasatzen denean, baliteke pixka bat neurria txikitzea, zentimetro batzuk galdu egingo lituzke eta. Baina, hala eta guztiz ere, nahiz eta zerbait galdu, gutxi gora-behera altuera hori izango du eskulturak”.
Lana egiteko material desberdinez baliatu da Xebas Larrañaga azkoitiarra. Prozesu ezberdinetatik igaro izan da eskultura eta prozesu bakoitzean material desberdinak erabili ditu. “Lehendabizi burdinarekin egin dut eskultura guztiaren estruktura. Behin hori bukatuta, gero burdin horri eutsi ahal izateko, bustina erabili dut. Bustinarekin bukatu ondoren, orain eskultura guztia brontzera pasatuko dute langile batzuek, eta horrek ere bere lana eskatzen du”.
Eskultore azkoitiarraren lana, jendaurrean, martxoaren 30ean egongo da ikusteko moduan, orduan jarriko baitute lana Azkoitia-Azpeitia bitartean, Diego Garcia heriotzak harrapatu zuen lekuan hain justu ere. Oroimena geldituko da.
|