Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Martxoa »  Patxi Goenaga »  Mahaingurua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mahaingurua

Euskararen Normalizazio ereduez

Enekoitz Esnaola

Zer da euskararen normalizazioa? Gizarteko ezein esparrutan euskara erabili ahal izatea. Nola lortzen da hori? Badaude ereduak

Euskararen normalizazioaz asko entzun da azkenaldian Azpeitian, Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari heldu diolako. De-na dela, ez da eredu bakarra, eta Baitek mahainguru bat antolatu zuen joan den urtearen bukaeran horretaz hitz egiteko.

Juainazio Azkue (Baite Azpeitiko Euskara Elkartea)

“Hizkuntz normalizazioa gertakari soziala da eta euskalgintzak hor behar du”

“Orain dela urte eta erdi hasi ginen biltzen euskararen gaiaren inguruan, herrian kezka bat zegoelako: Azpeitia euskalduna da, erabilera handia da kalean, lagunartean eta etxean, baina hainbat gauzatan gabezia dago. Zenbait arlori konponbidea eman nahian sortu zen Baite. Euskalgintzaren bilgunea da elkarte hau, eta hori garrantzitsua da, orain arte bakoitzak bere aldetik jardun duelako. Udala ere azkenaldian urratsak egiten ari da, baina Udalak orain arte ez du kontuan hartu Baite. Baina garbi eduki behar da funtsezkoa dela herrian euskara elkarte sendoa izatea, beti izango delako eragile: ekarpenak egingo ditu, lana, kontzientziazioa, koordinazioa... Azpeitian plan estrategiko bat egin behar da, eta euskalgintzak zuzenean parte hartu behar du hor. Azken batean, hizkuntz normalkuntza prozesua gertakari soziala da, eta jendea motibatzen bada eta benetan protagonista bada izango du prozesuak arrakasta”.

Ander Elortondo (Arrasate Euskaldun Dezagun)

“Dauden ereduak kontuan hartuz, herri bakoitzak bere plana egin behar du”

“Plan estrategikoak modan daude arlo desberdinetan, hain zuzen ere funtzionatu egiten dutelako. Baina plan bakoitzak herritik bertatik sortu behar du, bere ezaugarriekin; beretzat zer nahi duen erabaki behar du, eta hor bakoitzak bere egoeratik zer egin nahi duen ikusi behar du. Kontseiluko proposamena Arrasatera etorri zitzaigunean, aproposa ikusi genuen hura. Gero Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Planaren berri ere izan genuen. Bi ereduak kontuan hartu genituen, baina biei esan genien Arrasatek bere plana behar duela. Eta hala egin dugu, besteena txarra denik esan gabe. Baina besteei ezer eskatu aurretik, euskalgintzak berak izan behar du eredu euskararen alorrean. Orduan, guk garbi genuen plan estrategikoa diseinatzerakoan bi fase beharko genituela: bata euskalgintzara zuzendutakoa eta bestea gizarte eragileetara zuzendatutakoa. Guk lehendabizi euskalgintza barruan hausnarketa egingo dugu (zer da euskalgintza?) eta gero geure plan estrategikoa 2002ko udaberrirako (denon diagnostikoa egin, helburuak finkatu, lan ildoak…). Eta horren ostean gizarte eragileengana joango gara, eta haiekin bigarren fasea burutuko dugu. Jakina, hemen dirua behar da, baina guk ez dugu inongo lotsarik Udalari dirua eskatzeko. Azken batean, honekin ez du inork onura partikularrik atera behar, irabazten duen bakarra herria da, eta, beraz, dirua herriak jarri behar du, Udalak”.

**Iņaki Azaldegi (Tolosaldeko Plan Estrategikoa)**

“Sektore bakoitzak bere diagnostikoa eginez gero, sentsibilizazioa lortzen da”

“Tolosaldeak badu agentzia ekonomiko bat —Tolosaldea Garatzen— eta hor bailarako 28 udaletatik 27k hartzen dute parte —Amezketakoak salbu—, eta horrela lortu zen euskararen normalizazioa denen artean abiatzea, eta ez orain arte bezala bakoitzak bere aldetik. Norberak —enpresak, ikastetxeak, gizabanakoek…— konpromiso bat hartu behar du, baina inor ezin da konpromiso hori hartzera behartu, konpromisoak borondatezkoa behar duelako. Eta salto mortalik ere ezin zaio inori eskatu, prozesuak ezin du azkarregia izan; prozesuak mailakatua izan behar du, beti presio bat eginez baina nahiko modu naturalean garatuz. Tolosaldean geure plana egin dugu, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Kontseiluarena, Donostiako Udal Euskara Patronatoarena eta aurretik geurean eginak genituenak uztartuz. Ezer zehazten hasi aurretik, sektore bakoitzeko kideek bere diagnostikoa egin behar dute, sektore bakoitzak ikus dezan euskara nola dagoen bere esparruan: ahuleziak, aukerak, indarguneak…. Bigarrenik, betetzeko moduko helburuak jarri behar dira. Eta hirugarrenik, helburu horiek lortzeko zer egingo den erabaki. Honekin guztiarekin, sektoreak normalizazio prozesuan zuzenean partaide izanik, izugarrizko sentsibilizazioa lortzen da sektore horretan. Az-kenik, konpromisoak hartzen dira”.

Zigor Etxeburua (Kontseilua; ‘Bai Euskarari Akordioa herrietan’)

Ezer egiten hasi aurretik, baliogarria da gizarte eragileek gogoeta egitea

"Zer da euskararen normalizazioa? Eus-kara, frantsesaren eta gazteleraren maila berera iristea gizarteko esparru guztietan eta erabili ahal izatea. Hori da Kontseiluak bilatzen duena, euskalgintzari batasuna emateaz gain. Baina hori nola lortzen da? Eusko Jaurlaritzak normalizazioa goitik behera planteatzen du, eta Kontseiluak planteatzen du behetik gorako prozesu bat ere martxan jarri behar dela. Baina guk ez dugu ukatzen goitik beherako prozesurik, eta, gainera, egon behar duela exigitzen dugu. Guk Plan Nagusi bat dugu, baina Kontseiluak gizarte eragileei ez die esaten zer egin. Gizarte eragile bakoitza, behartu gabe, pentsatzen jartzen dugu, eta berak esaten du zer egin behar duen. Beraz, gogoeta baliogarria da, eta ezeren aurretik hori egin behar da. Baina konpromisoa hartu eta betetzea da garrantzitsuena”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak