Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Martxoa »  Zelaitxo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Kultura

Bi zine areo txiki irekitzear Zelaitxon

Nerea Uranga

Zinealdea S.A. promotorak bi zine areto txiki egiteko proiektua du, Zelaitxoren lekuan; Udala, berriz, Soreasu berritzea aztertzen ari da

Sarrera bera ziurrenik
Sarrera bera ziurrenik.  Egingo diren bi zine areto berriek sarrera ziurrenik Zelaitxok zuen bera izango dute. Eraikiko diren garajeek, atzeko kaletik edukiko dute sarrera.   (Nerea Uranga)
Soreasu ereberritzeko maketak
Soreasu ereberritzeko maketak.  Sarobe A.E.G.k Soreasuko proiektu tekniko bat aurkeztu zuen, eta iazko Euskal Antzerki Topaketetan eman zen ezagutzera. Soreasun, Antzerki Topaketei buruzko erakusketan ikusgai izan zen maketa, argazkian. Proiektuaren arabera, Soreasuri solairu bat gehituko litzaioke eta bi albotan lokalak lituzke. Aurrekontua 600 miloi pezetatakoa litzateke.  

Zelaitxoren lekuan, Zinealdea S.A. promotorak 35 etxebizitza, komertzio lokalak eta garajeak egingo ditu, baina baita, Uztarriak jakin duenez, bi zine areto txiki ere. Eraikinaren beheko solairua eta lau alturako eraikuntza baten proiektua eginda du promotorak.

Zinealdea S.A.k Ansoalde familiari erosi zion Zelaitxo antzokia, eta Azpeitiko Udalari orain dela bi hilabete aurkeztu zuen proiektua. Altuna y Uria S.A.-ko gerente Fernando Lucasek Uztarriari esan dionez, “Udalak dagoeneko lizentzia eman du, eta baita eraikuntza bera botatzeko baimena ere. Orain, egite proiektuaren baimena besterik ez da falta, eraikuntza bera altxatzen hasteko”. Promotorak uste du 24 hilabete gutxienez beharko direla eraikuntza bukatzeko. Aurten, urtarrilaren hasieran bota zuten Zelaitxo antzoki eta zine aretoa. Sarrera bera zutik gelditu zen, gainean etxebizitza batzuk baititu, hain zuzen lehen Zelaitxoren jabeak ziren Ansoalde familiarenak.

Zelaitxon egingo diren bi zine aretoak txikiak izango dira; 110 edo 120 eserleku inguru izango ditu bakoitzak. Promotorak oraindik ez du zehaztuta gero nola kudeatuko diren aretoak. Zinerako sarrera ere, ziurrenik, lehengo Zelaitxo aretorako sarrera bera izango da.

Zelaitxo antzokiak 1955eko uztailaren 24an ireki zituen ateak. Orduzkero era anitzetako ekitaldiak egin izan dira. Baina azken urteotan zine areto bezala funtzionatzen zuen, batik bat.

Zelaitxo eta Soreasu zine aretoekin Azpeitiak asteburuetan bi zine emanaldiren aukera zeukan, eta hori ez da Azpeitiaren tamainako herri askotan gertatzen. Dena den, aukera bai, baina bi zine aretoen egoera ere ez da oso ona izan azken urteotan, bietan ere berritze lanak urriak izan baitira.

Bi areto txiki egingo direla eta, Azpeitiko Zine Klub taldeko kide Juan Carlos Arellanok aukera gehiago izatea “ona” dela uste du, “askotan entzun izan ditugulako komentarioak herriko zine aretoen egoera dela-eta, horregatik joaten dela jendea Azkoitira zinea ikustera edota beste norabaitera”. Dena den, Zine Klubekoentzat herrian bi zine areto izatea, orain arte Soreasu eta Zelaitxorekin gertatu izan den bezala, eragozpena izan ohi da askotan. “Lehia kontua sartzen da hor, zeren eta maiz film bat ekartzea pentsatu izan badugu eta Zelaitxok ekarri behar bazuen, guk ezin izaten genuen jarri. Hau banatzaileen kontua izaten da, eta askotan guretzat muga da”.

SOREASUN ZER? Kultur azpiegituren kontua azken hilabeteotan hautsak arrotzen ari da. Adibidez, Udalean Soreasu zine aretoaren birmoldaketa eta berritzea aztertzen ari dira. Hala, iazko azaroan, Antzerki Topaketen atarian, Sarobek egindako proiektu teknikoaren maketa jarri zuen erakusgai topaketen erakusketaren barruan. Proiektu honek Soreasu eraberritzea aurreikusten du eta 600 miloi pezetako aurrekontua luke. Baina, Udaleko Kultura Batzordeko arduradunak beste aukera batzuk ere aztertzen ari dira. “Soreasu eraberritu edota eraikina bera bota eta berria egin, bi aukerak aztertzen ari gara. Soreasuko aretoa zein taldek erabiliko luketen eta zer behar betetzeko egin beharko litzatekeen aztertuko dugu, eta ondoren ikusiko da zein aukerari heltzen zaion”, esan digu Aitor Gorrotxategi kultura batzordeburuak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak