|
|
|
Telebista
: Erreportaia
Martxotik aurrera asteroko programak Kaito TBn
Nerea Uranga
Asteartetan kirolari buruzko programa egingo du eta ostegunetan, berriz, elkarrizketen zuzeneko saioa
|
|
Nicola Oteiza Urtzi semearekin, Kaito Telebistako edizio gelan.
(Nerea Uranga)
|
|
Martxoaren 1etik aurrera, Kaito Telebistak proiektu berri bati ekingo dio: asteroko programazio bat jarriko du martxan. Kamera eta edizio lanetan Urtzi Oteizak jardungo du, eta harekin batera kazetari bat ariko da programak zuzentzen.
Proiektu berrian, astero zuzeneko bi programa egitea aurreikusten du; bata asteartetan, kirolari buruzkoa, eta bestea ostegunetan, herritarrei egindako elkarrizketak jasoko dituena. “Kirolari buruzko saioa egiteko, aurreko asteburuan kirol talderen baten partidua grabatuko dugu, Azkoitian edo Azpeitian, eta ondoren saioan taldekideak izango dira asteburuko kirol ekitaldiaren gora-beheren berri emateko”, dio Urtzi Oteizak. Zuzeneko saio hauetan herritarrek telefono deien bidez saioan dauden gonbidatuei galderak eginez parte hartzeko aukera ere izango dute eta bi saioak 20:30ean hasiko dira. “Lehen zuzeneko saioa egiten genuenean beranduago izaten zen, baina jendea Goenkale ikusten egoten da, eta, beraz, errealak izan behar dugu dagoenarekin, eta horregatik orain zuzenekoak lehenago egingo ditugu”.
ZINTA BERRIA. Baina bestelako saioak egiten joateko asmoa ere aurreikusten du Kaito Telebistak; hala nola, bi herrietako berriak ematearena. “Guri heltzen zaizkigun berriak emango ditugu, eta, gainera, asteartetan Azpeitian eta larunbatetan Azkoitian egiten diren azoketako berriak jasoko ditugu. Baita Azpeitian hilaren hirugarren ostiraletan egiten den ganadu ferikoak ere”.
Bestetik, orain arte Kaito Telebistak grabatutako ekitaldiak, bi egun osotan errepikatzen ziren. Baina hemendik aurrera egunero-egunero zinta aldatzeko asmoa du. “Egunero, grabazioen zinta 20:30ean aldatuko da; hau da, berria sartuko da, eta 24 orduz hiru orduko grabazio hori ikusiko da behin eta berriro. Gaur egun, gauzak asko errepikatzen diren sentsazioa badago, eguneroko aldaketarekin sentsazio hori kenduko da”. Zintan ordea, aurreko egunetako jai edota ekitaldietako uneak bakarrik ez dira emitituko; Kaitok artxiboan dituen irudiak ere emitituko ditu eguneroko programazioa beteko duten grabazioekin batera.
Bada, Kaito Telebistak proiektu honekin apustu indartsua egingo du, zuzeneko saioei lekua eginez.
|