Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Martxoa »  Kaito TB

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Telebista

Kaitok kamera utzi du

Nerea Uranga

Argazkilaritzan aurreneko, gero bideoarekin eta, azkenik, Kaito Telebistarekin, horrela ibili da Nicolas Oteiza ‘Kaito’; orain erretiroa hartu du

Nikolas Oteiza Kaito.  (Nerea Uranga)

Kaito Telebista, herri mailako telebista emisorea, sortzeko ideiari 1992an heldu zion Nicolas Oteizak. Pausoz pauso eta urtez urte, Kaito Telebista pixkanaka indartuz eta ezagutzera emanez joan da, lehenengo Azpeitia mailan eta geroxeago, berriz, 1995ean, Azkoitian. Hamar urte pasatu ondoren, Kaito Telebistaren lekukoa Nicolasek Urtzi semeari pasatuko dio. Az-kenaldian, ebakuntza gogor bati aurre egin behar izan dio Nicolasek eta orain kamera eta muntaketa lanari utziko dio. “Erretiroa hartu eta Kaito Telebista Urtziren esku utziko dut. Dena den, beti ere eskuren bat botako diot, batik bat administrazio kontuetan”, esan dio Uztarriari.

Irudien munduan aitaren eskutik hasi zen Nicolas, Plaza Txikian aitak zuen argazkilaritza negozioan hasi zenean. Gero, 1985. urtean irudiak bideoan hartzeari ekin zion. “Ezkontzak bideoz grabatzeko aukera ikusi nuen, garai hartan modu honek etorkizuna zuela ikusten baitzen. Hemezortzi kilo pisatzen zituzten kamera eta magnetoskopio bat erosi nituen. Garai hartako zintek hogei minutukoak ziren; hau da, gehienez zinta bakoitzarekin hogei minutu graba zitezkeen. Beraz, zezenketa batera zazpi edo zortzi zinta eraman behar izaten ziren”. Etxeetan-eta bideoa sartzen hasi zeneko garaiak ziren, eta Nicolas or-durako kamerarekin grabaketak egiten hasia zen. “Justu, 1985eko abenduan hasi nintzen grabaketak egiten, orduan argazkia eta bideoarekin, biekin aritu nintzen. Eta, jakina, danborrada garaian-eta ezin ba biak batera egin; horregatik urte ba-tzuetako danborradak grabatu gabe dauzkat. Gero, 1988an, bihotzeko ebakuntza izan nuen eta 1991. urtea arte bideoaren kontua alde batera utzita izan nuen”.

Baina 1992an telebista emisorari heldu zion gogoz eta Kaito Telebista, herrirako telebista bat egitearen ideiarekin abiatu zen. “Antena nire etxean neukan, balkoian jarrita. Hasieran asteartetan eta ostegunetan soilik emititzen nuen. Eta gero niretzako salbazioa izan den aparatua erosi nuen: repeat-a. Hau asmatu zen egunean, Kaito salbatuta gelditu zen. Nik oraindik repeat-arekin emititzen jarraitzen dut. Honek behin zinta bukatzen denean, azkar-azkar jasotzen du eta bi minuturen bueltan zinta jasota dauka, berriro botatzen hasteko”.

Gaur egun antena Azkoitiko baserri batean jarrita dauka. “Lehen etxean neukana, Azkoitiko baserri batera pasatu nuen. Baina Kaito Telebistaren antena makila bat da, besterik ez, jendeak uste baitu, ETB-koak edo TVEkoak bezalako antena bat dudala. Kaito Telebistaren bitartekoak, bai teknologikoak eta bai materialak, oso arruntak dira. Hori bai, pixkanaka gauzak izorratu baldin badira konpondu eta hobeak eta berriagoak sartzen saiatu naiz. Jaso ditudan diru laguntzak, horretan erabili ditut, behar materialetan eta inbertsioak egiteko”.

Haren etxeko gela batean du telebistako edizio gela, eta bertatik kontrolatzen du Kaito Telebistan zer ari den emititzen. Baina orain dela bost urte arte, baserrira bertara joan behar izaten zuen emisio-zinta aldatzera. “Microhondas deitzen den aparatu hori erosi nuen arte baserrira joan behar izaten nuen zinta aldatzera. Hiru egunetik behin baserrira joan eta zinta aldatu ondoren, hiru egunetan zinta hori emititzen zen. Hasierak holakoxeak izan ziren”.

KAMERAREKIN KALEAN. Kamera sorbalda gainean hartuta ordu mordoska pasatutakoa da Nicolas kalean. Edozein ekitaldi dela, herriko edo auzoetako jaiak direla, Kaito Telebista bere lekua hartzen joan baita. Dagoeneko lau mila ordu grabatuta ditu bideo zintetan. “Grabatu izan dudan guztia gordeta dut”. Kamerarekin kalera grabatzera ateratzen zen lehen urteetan jendea ezkutatu egiten zen; jendea ohitu gabe zegoen telebista kamera bat inguruan izatera. “Baina dagoeneko jendea ohitu da. Gainera, inoiz ez naiz indarrez ezer grabatzen aritu, inoiz ez ditut gauza arraroak grabatu edota inor irrigarri uztekotan aritu, inoiz zerbait horrelakorik grabatu bada, gero moztu egin da emititu aurretik, morboaren bila ez naizelako aritu lanean”. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo kaleetan hainbat une grabatu baldin baditu ere, urrutiragoko lurretan ere ibili da herritarren pausoen segika. Herriko jubilatuekin eta Nuarbe sokatira taldekoekin atera da batik bat herritik kanpo. “Ni jubilatuen irteerak grabatzen nire kontura hasi nintzen. Autobusaren atzetik joaten nintzen autoz irteeraren bat zutenean, gero egunean zeharreko ibilerak grabatzen nituen. Bazkalondoan mahaiaren inguruan denen irudiak jaso eta horrelaxe hasi nintzen. Baina, garai hartan, ‘honek zer egiten du hemen?’ eta horrelakoak entzutera ere heldu nintzen eta utzi egin nion joateari. Baina gero, Udalekoek-eta animatu ninduten berriro jubilatuen irteeretara joatera. Orain, Kaito Telebista irteera hauetara ez bada joaten, faltan botatzen dute. Hala esan didate, gaixorik egon naizen azkenekoan, galdezka ibiliak direla badakit”.

Gernikarako eta San Ferminetarako urteroko jubilatuen irteerak ohikoak dira Kaito Telebistarentzat. Baina Nicolasek Euskal Herriko mugak ere askotan igaro ditu, kamera sorbaldan hartuta. Turista gisa joan zen aurrenekoz Nuarbe Sokatira Taldekoekin atzerrira; turista moduan eta bidaia bere poltsikotik ordainduta joan zen Nicolas, baina “ez” zuen turismo askorik egin. “Nuarbekoekin joandakoan ez da turismoa egiteko denbora askorik gelditzen. Nik, aurreneko aldi hartan ederki ikasi nuen. Egun gutxi hartuta joan ohi dira eta tiralekuan zer grabatu asko izaten da. Ordudanik, Nuarbeko taldeak ordaintzen dit bidaia eta lanera joan ohi naiz, tiraldiak grabatu eta jarraipena eginez. Azkeneko atzerriko irteerara Urtzi semea joan zen, eta datorren urtean Hego Afrikara joateko aukera dute eta ikusiko dugu zer egingo dugun. Bestela, Nuarberekin Ameriketako Estatu Batuetan, Holandan, Ingalaterran eta Suitzan izan da Kaito Telebista”.

HERRIKO TELEBISTA. Nicolasek herriko telebista, herrian gertatzen diren kontuekin eta herritarrekin beraiekin lotuta ikusten du estuki, eta ez herriko telebistaren programazioaren %90 kanpoko filmeekin eta programazioekin osatuta. “Nire-tzako herri telebista batek herriko kontuak eman behar ditu, herriko kontuak soil-soilik; herriko berriak, herritarren inguruko berriak, elkarrizketak eta horrelakoak jaso behar ditu. Niri ez zait interesatzen zer pasatzen den Donostian edo Elgoibarren, niri Azpeitian eta Azkoitian pasatzen dena interesatzen zait batez ere, informazio orokorraren berri gainontzeko telebista kateek ematen baitute lehen ere”.

Kaito Telebista emisoreak baditu berezko ezaugarri batzuk: jaiak edo ekitaldiak oso-osorik grabatzen saiatu izan da Nicolas, hasiera amaiera eta bilakaera osoa jasoz. Eta emititu ere hala emititzen du, dena jarraian, grabatuta bezalaxe. “Kaito beste emisoreengandik bereizten bada, zera da: Ni, kamararekin jasotzen aritu naizenean, saiatu naiz grabatzen, gero hori ikusten duena bertan egongo balitz bezala sentitzeko. Hau da, dena jarraian grabatzen dut, zarataren bat gertatzen bada, hori ere jasoz, oihuren bat badago tartean, hori ere grabatuz. Etxean dauden herritar horiek, agian une horretan kalera atera ezin duten horiek, gertatu bezala jaso dezaten. Sansebastianetako danborradan esaterako, hasieratik bukaera arte dena jasotzen dugu. Baina beste telebista kate batzuek laburpenak botatzen dituzte, eta osoa ikusteko aukerarik ez dute ematen”. Grabatutakoa behin eta berriro, egunean zehar emateari ere bere zentzua topatzen dio Nicolasek: “Batzuek egun osoz, besteak goizez edo arratsaldez egiten dute lan, eta batek goizez, besteak arratsaldez eta beste batek agian iluntzean edukiko dute telebista ikusteko aukera. Grabatutakoa behin eta berriro bo-tatzen baldin bada, jende gehiagok izango du botatzen ari dena ikusteko aukera”.

Kaito Telebistaren diru iturriak, publizitatea, Azpeitiko eta Azkoitiko udalen diru laguntzak, eta enpresa pribatuen diru laguntzak dira. “Telebista emisora batek diru laguntzarik gabe eta publizitatearekin soilik ezin du aurrera egin, konponketak direla, materiala dela edo beste edozer dela dirua joaten baita”.

Gaur egun, herri telebista kateen legearen inguruan ere jardun digu Nicolasek. “Emisora ez da ilegala, berez lege bat badagoelako 1995. urtea baino lehenagoko tokiko telebista kateak legeztatzen dituena. Baina kontuak nola-hala eta ahal diren moduan egiten dira”. Oraintsu irrati digitala datorrela eta, 8. kanaletik 57. kanalera aldatu da Kaito Telebistaren frekuentzia, frekuentzia horretan leku bat hutsik aurkitu baitu. “Berez, eta legez, Udalak eman beharko luke frekuentzia, eta Udalak berak Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko lioke. Baina bai Azpeitian eta Azkoitian, ia Euskal Herri osoan bezalaxe, telebista frantsesaren errepikagailuak daude, gero auzoetarako errepikagailuak daude eta baita txoko arraroetarakoak ere... Azkenean, benetan legezko-legezko bezala oso kontu gutxi daude frekuentzien mundu honetan. Nire ustez, kontu hau konpontzea oso zaila izango da. Labur esanda, lege bat badago, baina osorik betetzeko zaila dena. Orduan, bakoitzak egiten duguna zera da: ahal den lekutik emititu inori trabarik egin gabe”. Kaito Telebistak kanala orain aldatuz irrati digitalari aurre hartu dio; “agian hemendik hamar urtera etorriko da irrati digitala, baina jada libre utzi behar zen 8. kanala”.

Kamera atzeko eta telebista aurreko kontuak eta komeriak guztiak, Nicolasek askotan bizitakoak. Orain Urtzi semearen ibilbidean lagun izango da; azken urteetan semea bera izan du laguntzaile. Paperak aldatuta beraz, funtzio bera egiteko. Herriarentzako funtzioa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak