Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Otsaila »  Iritzia »  Zer diyo?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Zer diyo?

Beste behin errekako landaredia garbitu dute

Jexux Zelaia (Biologoa)

Berriro Amuko zubitik hasi eta Damasokoraino urte askotan sortutako landare eremu guztiak suntsitu dituzte (Zelai Luze parean ondo ikusi daiteke). Haltzak, sahatsak, makalak, ihiak... oinetik moztu ditu norbaitek, batzuk zuhaitz sendoak (enborraren diametroa 20 zentimetrokoa eta altuera zortzi metrokoa). Landare horien jabetza ez da moztu edo moztea agindu duenarena, bertakoa eta guztiona baizik. Ez zait iruditzen uholdeak sortzeko arazo bat izango zirenik, errekako landarediak uholdeak oztopatzen baititu uraren abiadura jeitsiz.

Herritar batzuen ustez, gune hauetan sortzen dira uda garaian ateratzen diren eltxoak, hainbat arazo sortzen dizkigutenak ziztadekin, baina uste hori ez da benetakoa. Eltxo mota hori ur geldi edo putzuetakoa da (adibidez, baratze batetako aska edo ontzi bateko ura, airearekin kontaktuan dagoena denbora luzean) eta ez errekako ur bizietakoa. Errekan sortzen diren intsektuak beste batzuk dira: efemerak, trikopteroak, simulidoak... ez dute ziztadarik eragiten.

Landare hauek, errekako bizidunetan eragin izugarria dute urteko edozein garaitan. Udan, hostoek itzala sortzen dute eta urak gehiegi berotzea oztopatuz eta hala bertako oxigeno kopurua ez da jaisten. Zuhaitzik gabe, egun beroetan urak oxigeno asko galtzen du arrain eta abarren bizia arriskuan jarriz, garai horietan ere errekak ur gutxi eramaten baitu. Udazkenean, berriz, hostoak erortzen direnean, bertako intsektu eta abarrentzat janari bihurtzen dira eta neguan zehar bizitzeko balio diete. Intsektuen bizilekuak ubideko harri azpietan daude batez ere eta inguruko hosto eta egur zatietaz elikatzen dira, hauek errekatik kendu ezkero bertako bizidunen elika kate osoan eragiten da eta gainera bere oinarrian. Landarerik ez badago, intsektuentzat arazoak. Intsekturik gabe, arrain eta txorientzat ere arazoak... Beraz, katea ez hausteko landare guneak babesten hasi behar da, bestela erreka ura soilik daraman zerbait bihurtuko da, hila, eta erreka bizia nahi dugu.

Bertan hainbat bizidunentzako txokoak daude: zozoak, txantxangorriak, txepetxak, ahateak, kaskabeltzak, martineteak, buztanikarak eta or-nogabe ugari besteak beste. Errekako zikinkeriak jasotzea ondo dago baina landaredia errespetatuz eta ez orain bezala (ez da lehen aldia).

GALDERAK. Erreka bere onera etortzen hasten den bakoitzean, hau gertatzen da eta hori ikusita zenbait galdera etortzen zaizkit: nork agintzen ditu mozketak? Legezkoak diren ala ez ba al daki? Ubideak berreskuratzeko Eusko Jaurlaritzaren proiektuak ez al dira kontutan edukitzen? Zertarako balio du Tokiko Agenda 21ek? Udaleko agintarien artean ba al dago koordinaziorik ingurumen arloan? Hurrengo mozketa noiz eta non da? Horrela hezitzen al gaitu Udalak ingurumenarekiko?...

Erreka guztiona da eta ez agintariena eta erreka garbitzeko ez dago dena moztu beharrik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak