|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Akullue
Zabortegitik zelaitxoko butaka
Leire Ostolaza
Kaixo! 48. butaka naiz. Garai batean hiru pezeta ordaintzen zituzten nire gainean esertzeagatik eta nire balioa hiru eurotik gora igo denean jubilatu naute. Hau injustizia! Nire betiko etxea ere egun batetik bestera harri eta egurrezko zabor piloa bihurtu dute eta azpian gelditu dira hamaika sekretu eta oroitzapen. Gogoan dut orain hogei urte nola etortzen ziren bikoteak oesteko pelikulak ikustera, baldin eta Miarritzen edo Baionan ez bazegoen Emmanuelle edo horrelako pelikula biziagorik. Ez zait ahaztu ez, Ama Begira Zazu taularatu zutenean, nola busti ninduen andra ipurtaundi batek, barreak eragindako pixalarriagatik. Gazteak berriz, horiek nituen gogokoen, nire tapiz ederra zerrikeriaz beterik uzten bazuten ere. Dudarik gabe, hala ere, aspaldiko bikote gazte haiek ziren entretenigarrienak. Garai hartan ez zen nonbait erraza zirriak egiteko lekuren bat aurkitzea eta hiru pezeta sakelean hartu eta gurera etortzen ziren oesteko pelikula ikusiaz, Emmanueleko igurtziak praktikan jartzera. Orain bota dute Zelaitxo eta ni zabortegian nago, eta zuei ez zaizue axola. Orain igande arratsaldetan Warner-era joaten zarete koka kola edan eta palomitak jatera. On egin!
|