|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen: ‘Komunikabideak Azpeitian’. Zergatik erosten dugu prentsa espainola? Zergatik ez dugu irakurtzen euskarazko prentsa? Herri abertzalea izanik, zerk hutsegiten du?...
Erosotasunaren eta ohituraren indarra barruan sartutakoan
Laxaro Azkune (Kazetaria)
Herri euskalduna da Azpeitia, ez da esan beharrik, baina badu Euskal Herri guztiak duen arazo bera Azpeitian bizi denak ere euskara komunikabideetan aukeratzerakoan. Hasteko, idatzian aukera zabala eta egokia du, urte askotako eskarmentu eta diru eta marketing mailan alde handiarekin hemengo eta euskarazko komunikabideekiko. Zer esanik ez ikus-entzunezkoetara sartzen bagara. Telebista kate sorta bikaina dugu eta hori gainera antena parabolika eta horrelakoetara sartu gabe. Euskarazko komunikabideak muga asko ditu besteen lehian. Diru gutxi dugu eta, beraz, bitartekoak ere gutxiago, jende gutxirentzat egiten da eta kostuak handiak dira. Irratien munduan sarturik ere antzera gabiltza, diala aukeraz beteta dago, batzuk diru publikoz bizi direnak batez ere eta beste batzuk publizitatetik, baina Euskal Herritik ari direnak oso gutxi dira baso horretan. Publizitatea bera ere, beste atalak bezalatsu, landu beharra dago. Bere produktua saldu nahi duenak interesa ikusi behar du euskaraz eginez bere salmentek gora egingo dutela.
Hori horrela izanik ere, urte askotako ohiturak, ezarketak, aurkako propagandak eta zapalketak ditugu denak elkarri eraginez. Azken gerra ondoko belaunaldian hainbesteko lanik ez da beharbada euskara gaitu eta trebatzeko egin izango. Aurrera-pausoak eman dira eskolan, testu liburuetan, komunikabideetan, literaturan. Saiatu izan dira, edo gara, inoiz indarrez euskara inposatu nahirik, hori zelakoan bidea. Indarrak aurkako joerak indartzen ditu eta emaitza gutxi du, eta gutxiago gainera indar gutxi duenaren eskuetan. Frankismoak izan zuen indar guztiak ez baldin bazuen euskara desagertzerik lortu, pentsa lau buru berok zer lortuko duten alderantziz izanda ere. Ondo ari garela sinetsi eta betiko eran bizitzen jarraitzeak ere ez garamatza bide onera. Pixkanaka itotzen, lur eremuak galtzen, geuregan sinesmena urritzen... Izan ere, onez aurrera egiteko ere ez baititugu indar guztiak geure alde. Aurka daudenak asko dira eta indartsuak. Oraindik ez da agortu euskararen aurkakoen erasorako grina. Orain, gainera, badirudi berek eta beren aldekoek hainbat urtetan egin izan dutena euskaldungoari leporatzeko lotsa ere galdu dutela. Agintean jarri omen diren euskaldunek euskararen faboretan zertxobait egin duten orduko hor dira diskriminazio oihuak. Legeak ere ez daude hartzen diren erabakien alde, legeak beste nonbait erabakitzen dituzte eta. Dirua ere ez da agian beti zuzen erabili baina erabiltzen dena ere alferrikako gastua dela eta diskriminazio kontua sarri dago komunikabideetan eta ez bereziki euskararen alde nabarmentzen direnetan. Badira komunikabide indartsuak euskararen aurkako estrategia antolatua dutenak. Euskararen aurka agertzen ez diren komunikabideak, alde daudelako agian, badira euskarari toki txikienik ematen ez diotenak. Herri honetan bizi diren euskaldunen interesak aintzat hartu gabe. Baina egia ote da interesak aintzat ez dituztela hartzen? Hori ez baita inorentzat oztopo, denok dakigu gaztelania eta, beraz, hor ez dugu arazorik. Audientzietan ez du inolako zigorrik. Gizarteak ez dio komunikabideari inolako presiorik eta derrigorrik eragiten, ez du berak inolako eragozpenik hizkuntza erabilera horregatik, eta, beraz, lasai arraio jarrai dezake. Euskara erabiltzen duenak berak ere ez du argi gehiagora jo behar duen. Agian entzuleak edo irakurleak ez ditu horregatik irabaziko. Dituen langileak agian gaituago ditu gainera gaztelaniaz aritzeko eta euskaraz aritzean motelago ari dira, gutxiago ari direlako ere bai behar bada, beren lana ez dute horren ongi egiten euskaraz ari direnean. Eta komunikabide bat ari ote daiteke bere enpresaren kaltetan?
EUSKARAREN DESEGITURAKETA. Argi behar lukete, baina, euskara ez erabiltzeak esan beharrik ez eta herritarren proportzioz azpitik aritzean ez duela euskara indartzen. Bere lanak euskara desegituratzen laguntzen du. Baina euskararen desegituraketan partaide dira, erdal komunikabideak kontsumitu eta hauei euskara maila gora dezaten ezer egiten ez dutenak ere, entzule, ikusle, irakurle. Berdin esan daiteke liburu, disko edo elektronikako produktuekin ere eta gure eguneroko ohitura askorekin.
Dei berezia egin nahi nioke heziketa euskaraz hartzeko zortea izan duen gazte jendeari. Haiek nahiko normaltasunez hartu dutena normaltasunetik oso urruti baitago oraindik eta aurreko belaunaldiek eragindako kate-mailak ondorengo belaunaldien eragina eskatzen duela. Ez diezaiotela bizkar eman.
Badu ba bakoitzak zertan ahalegindu eta denon zeregina da hau, bakoitzak du bere lekua eta denen ahaleginak batuz eragingo diogu gurdiari. Gurdi zuloa sakona eta lohitsua da eta hankak lokatzatan sartu beharra dago aterako bada. Albotik begira edo onenean animuak emanez ezer gutxi eragingo zaio. Hasteko behintzat, dakigun neurrian euskara erabili gure eguneko zereginetan. Euskarazko produktuak kontsumitu, onak dira eta. Ezagutzen ez dena ez baita estimatzen.
|