Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Otsaila »  Iritzia »  Komunikabidea »  Ohitura ala masokismoa?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen: ‘Komunikabideak Azpeitian’. Zergatik erosten dugu prentsa espainola? Zergatik ez dugu irakurtzen euskarazko prentsa? Herri abertzalea izanik, zerk hutsegiten du?...

Ohitura ala masokismoa?

Xabier Aranbarri (Injinerua)

Azpeitian, espezializatua ez den edota prentsa orokorraren %75 inguru, El Diario Vasco egunkaria erosten da. Datua benetan ikaragarria eta ulergaitza da. Betidanik pentsa izan dut prentsa dela demokrazia fiktizio edo estalitako diktadura berri honetako kapitain general moduko bat. Bere boterea ia mugaezina da. Gaur egun munduan dagoen arma motarik bortitzenetakoa da (begira bestela munduko azken gerreetan eduki duen indarra), erabateko manipulazioaren bidez pertsonak pentsaeraz aldatu eta itsutzeko ahalmena duelako, eta, gainera, norbera ohartu gabe.

Baina eguneroko prentsari dagokionez, badugu bere indarra neurtzeko aukera bat. Oraindik kioskora joan eta nahi dugun egunkaria erosteko aukera dugu. Francoren garaian bi edo hiru egunkari zeuden Azpeitian (La voz de Espańa, Unidad... ), guztiak ideologikoki antzekoak. Orain, berriz aukera zabalagoa eduki arren —prentsa abertzale euskalduna barne— gure herrian lehenean jarraitzen da; hau da, Francoren garaiko egunkarien ondorengoa da nagusi. Zergatik?

Nire inguruan askotan solasgai izan dugu prentsa eta bere eragin politiko eta soziala, baita Azpeitian eguneroko prentsarekin gertatzen dena ere. DV irakurtzen dutenek bota dizkidaten arrazoiak —kirola, eskelak, herriko karta, lan eta bestelako eskaintzak...— txikikeria iruditzen zaizkit egoera honek izan ditzakeen ondorioekin alderatuz. Kirol munduko egunkari ugari dago, eskelak, lan eskaintzak eta abar egunkari batean edo bestean azaltzea gure esku dago, ordainduak izaten baitira, eta herriko kartak beste egunkarietan ere badaude eta ugaltzen joango lirateke eskaera handia izanez gero.

ZER OHITURA? Bada, ordea, eztabaida guztietan entzun ahal izan dudan beste arrazoi edo aitzakia bat: ohitura. Zer ohitura?; gazteleraz irakurtzeko ohitura?; euskaldunon eta euskararen aurkako iritzi eta berriak irakurtzeko ohitura?; berri guztiak ikuspen espainiar batetik jakiteko ohitura?; gure hizkuntza eta kultur ekintzen berri ez jakiteko ohitura ?...

Ez dut uste Azpeitia, eta azpeitiar gehienok, politikoki, sozialki eta kulturalki egunkari horren ideiekin bat egiten dugunik, eta, beraz, masokismo era honi aurre egiteko garaia dela deritzot. Bestela, globalizazio eta monopolizazio garai hauetan, egunkari abertzale euskaldunak desagertzeko zorian egongo lirateke, eta guk geuk burutuko genuke Espainiako sasiepaile bat urteetan saiatzen ari den helburua.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak