Zenbat buru, hainbat aburu
: Amuko zubitik
Helduen danborrada dela eta
Jabier Altuna
Pasa den astean pil-pilean aritu ginen Sansebastian bezperako helduen danborradan zer gertatuko ote zen, Julian Barrenetxea abesbatzakoak bezperan ateratzea nahi zutela eta; norbaitek Irungo alardearen inguruan gertatutakoa txikia izango zela esan omen zuela zioten batzuek (ez naiz gehiegi fidatzen gure herriko ika-mikekin). Eta ostegun gauean entseatzen ari ginen bitartean gauza hauez pentsatzen egon nintzen.
Emakume ugari ikusten nuen neure inguruan entseatzen eta hori Irungoarekin konparatuz behingoz Azpeitian gauzak normal atera zirela pentsatu nuen; gauza logikoa, normala, bidezkoa lortzeak ez zuen iskanbilarik sortu. Ez dakit harro egoteko moduko kontua den baina beno, ez dakit, pozgarria da behintzat.
Ez ote da orain ezer gertatuko abesbatzakoekin?, pentsatu nuen neure baitan; ez ditzatela/ditzagula gauzak por cojones lortzeko tentazioa izan (berriro diot, gauza asko entzun nituen, hau eta bestea egiteko prest zeudela) eta horrekin festa izorratu. Gai honetaz nire iritzia hau da: beste taldeekin egin den gauza bera egin behar zuela Udalak; X arrazoiengatik ezetz esan baldin bazaie batzuei, hauei ere bai.
Baina debate polita sor daiteke honen inguruan; taldeak Sansebastian bezperaz eta egunez txandatu behar diren edo ez (zergatik ez?); talde berriak sortzeko eskubiderik dagoen ala ez (bai); orain danborradan ateratzen diren taldeak bakarrik ote duten eskubide hori (ez)... Baina mesedez, hechos consumados-ik ez; por cojones ez. Udaletxean herriaren ordezkariek hartzen dituzten erabakiak errespetatuz, eta nahiz eta edozeinek ez dakit zer eskubide duela pentsatu, festak izorratu gabe.
Horregatik azkenean ezer ez gertatu izanak asko poztu ninduen; oraingoan ere normalatasun giroan egin dira gauzak.
|