Gai librean
Urte berriko sustoak
Alaitz Olaizola
Zenbat opari, zenbat sorpresa... asko izan dira guk adina jaso ez dutenak! Denetan handiena, urte berria, urte berri bat hasteko aukera izatea ez baita gutxi! Azken finean, data berri bat, egutegi berri mordo bat eta ibili-ibili eginda ere, beste egun bat baino ez.
Halaxe igarotzen da bizitza: egunez egun besterik gabe. Halaxe egin dugu urte batetik besterako jauzia. Jauzi horretan badaukat nik ohitura, urtarrilaren 1eko ordu txikietan, igarotako urte sasoiaren idatzizko errepaso bat egiteko eta aurtengoan ez dut egin. Ohean sartu nintzen eta nahikoa lo eginda besarkatu nuen urtarrilaren 1eko goiza. Ez nioke ezer kenduko joandako urteari, ia-ia ezta jarri ere. Beraz, errepasorik gabe ere lasai lo egiteko moduan nintzela ulertu nuen.
Urte berriak zer pentsa gehiago eman dit egia esan. Aurreneko sustoa, ia gutako gehienoi bezala, euroak eman zidan; oraindik ez zait sustorik pasa.
Euro eta xentimoekin ordaintzen dudan bakoitzean, sekulako dirutza ordaintzen dudan irudipena, irudipena bakarrik ez dela pentsatzen hasia nago jada. Batetik, urte hasierako prezioen igoera eta bestetik, zentimoak biribiltzearena...
Dena sekula baino garestiago dagoela guztion ahotan dagoen arren, ez da euroaren inguruan etengabe aipatzen den kontu bakarra. Optiketan jende gehiago ikusten hasi bazarete ez harritu, jendea betaurrekoak faltan botatzen hasi baita, ikusi ere, uste baino gutxiago ikusten duela bat baino gehiago konturatu delako.
Irratian egunotan esaten ari dira asteroide bat lur planetatik nahiko gertu igaro dela. Ez gaitu ukitu ere egin ordea, eta 2028a arte ez omen da besterik hain gertu igaroko. Pasa da eta kitto. Euroa ez, euroak jo gaitu eta bertan geratu da eta ez da pasako, hementxe geratu da talka galanta eman eta gero. Baikorrak izan gaitezen: asteroidearen talka baino eraman errazagoa izango ote da txanpon berriak eman diguna! Nik, dena dela, erregeek oparitu zidaten eurokalkulagailua erabiltzen jarraituko dut, ea modu horretan txanpon berriari itxura apur bat hartzen hasten naizen.
Hori bestea! Hori urte berriak emandako bigarren sustoa. Bilbora iristen diren erregeak ezagutu asmoz, bertara txango bat egin genuen alabak eta biok. Sekulako festa Bilbon!
Eta erregeak? Haiek bai dotoreak! Alabak esan zidan errege beltza margotua bazegoen aise nabarituko zuela, muxu ematean zikindu egingo zuelako baina benetako Baltasar zela ikusi genuen udaletxeko areto arabiarrean haurrei muxuka ikusi genuenean, ez zegoen margotua.
Txanda iritsi zitzaionean, alabatxoak Meltxor aukeratu zuen eta han hurbildu zitzaion gizontxoari tente-tente eta irribartsu. “¿Has sido buena?¿Has comido todo lo que te han dado tus padres?” Eta haurrak: “Si, si”.
Eta ama —ni, alegia—, baba dariola, argazki kamera bat eskuartean ez nuelako penetan. Eta denok konforme! Bilboko hirian erregeak haurrari euskaraz hitz bat ere egin ez ziola ikusita. Argazki hura atera izan banu... Hitzik gabeko Meltxor hark zoriontsuago egingo ninduen. Urrunetik datozela eta gaztelera nonbait urruneko hizkuntza ofiziala! Magoak izango dira, baina Euskal Herrian euskaraz hitz egiten dela ezin igarri...
Bai Meltxor, alabak emandako guztia jan du, baina eskukada goxoki eman zenionean, “gracias” esatea ahaztu zitzaion.
|