Gutunak
Azpeitiko Eroskin pezetak ez omen du baliorik
E. Garate
Euroa dela eta ez dela hamaika istorio eta ezusteko sortu berri zaizkigu urte berri honetan, hauetako bat kontatzera noa.
Urtarrilaren 11n, Azpeitiko Eroskira joan nintzen erosketak egitera. Erosi beharreko produktuak hartu eta kutxara gerturatu nintzenean ezustea!: 500 pezetako txanpon bat luzatu nion bularrean Garbiņe izena zeraman kutxazainari, baina honek ezetz, ez zidala pezetako txanponik onartuko, nahi banuen eurotan edo bestela pezetako diru paperarekin ordaintzeko, berak arazoak dituela eta txanponak bankuan aldatzeko.
Eroskikoek txanponak bankuan aldatzeko arazoak badituzte, guk ez al dugu arazo bera izango? Herriko dendari eta tabernariek jokabide hau hartuz gero, zer egingo dugu pezetako txanponekin? Eroskiko zuzendaritza eta kutxazainek zer egin ote dute beren txanponekin?
Jarrera tamalgarri honen aurrean, Eroskiko zuzendaritzari mesedez buruarekin pentsatzeko eskatuko nioke eta ez euren karterarekin. Eta bide batez, jakin dezala pezetako txanponek oraindik ere lehen bezalakotxeko balioa dutela eta pezetak eskuartean darabilzkien jendea ere oraindik badela.
Gutun honekin azaldu nahi nuena gogoan hartuko duzuelakoan, eta guztiok nahi bezala erosketak egiteko askatasuna izango dugulakoan, agur eta euroberrion.
|