|
|
|
Bertsolaritza
Bertsolariak promozionatuz
Nerea Uranga
Martxoan zehar Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketa izango da, eta hamasei bertsolari gaztek parte hartuko dute.
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak laster ekingo dio urtero antolatu ohi dituen bertsolaritzarekin lotutako ekitaldiei, eta aurtengoan, iaz antolatu zuten bertso paper lehiaketaren ordez, bat-bateko bertso sariketa berri bat antolatu du: Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketa. Sariketaren helburua, Ernio eta Izarraitz inguruko herrietako bertsolari gazteak bultzatzea eta ezagutzera ematea da antolatzaileen esanetan. “Bertsolari gazteak animatzea izan da helburua, lan pixka bat egitera bultzatu nahi dira. Orain arte, Zarauzko eta Azpeitiko bertsolari gazteak herri ezberdinetako elkarteetan ibili dira bertsotan, eta inguruan bertsolari gazte mordoska bat dagoenez, hauek bultzatu nahi izan dira”.
Martxoaren lehen egunean abiatuko da lehen kanporaketa saioa Azkoitian, bigarrena Zestoan izango da eta martxoaren 23an izango da finala Azpeitian. Zarautz, Zumaia, Itziar, Aizarnazabal, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitiko hamasei bertsolari gaztek parte hartuko dute sariketan. Azpeititik bertatik sei bertsolari ariko dira lehian: Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Jokin Uranga, Ruben Gorrotxategi, Haritz Etxeberria Ministro eta Urko Egaña. Gai jartzaile aritzeko talde bat antolatuta dago, eta aurkezle, berriz, Ixabel Jauregi eta Nagore Telleria ibiliko dira.
GARAI BATEAN BERTSOTAN. Sariketaz, gainera, bertsolaritzaz jarduteko parada ere jarri dute Erniarraitzeko bertsozaleek. Errezilen izango da mahainguru-tertulia, garai bateko bertsolaritza eta bertso giroa mintzagai hartuta.
|