Atzera begira
: Manolo San Juan (Tailagilea)
“Gaur egun ia ez dago inor tailagintzan”
Nerea Aranburu
Orain urte batzuk tailagile lanak arrakasta zuen herrian. Urteak igaro ahala jendearen beharra somatzen da, baina San Juanek hor segitzen du. Atzera begiratu bat egin du Uztarriarekin.
|
|
Ofizio afizio.
Manolo San Juan tailagileak oso gogoko izan du beti bere lanbidea. Betidanik gustatu izan zaio orain urte asko aukeratu zuen ofizioa. Bere kasuan, ofizioa afizio egin duela esan daiteke. Gaur egun, nahiz eta erretiraturik egon, oraindik ere lantegira joateari ez dio utzi. Bestalde, orain dela hamar urtez geroztik, klaseak ematen ditu Arte eta Diseinu eskolan, Azpeitian. Argazkian, lanean ikus daiteke bere tailerrean, Pablo VI.a auzoan.
|
|
|
|
Manolo San Juan tailagilea orain dela urte batzuk hasi zen lanbide honetan, 1944ko maiatzean hain zuzen ere. Orduan 16 urte besterik ez zituen.
Nolatan aukeratu zenuen tailagintza zure lanbide bezala?
Une haietan beste aukerarik ez zegoelako. Nik gaztetan mekanikoa izan nahi nuen, baina garai hartan mekaniko bezala ez zen ezer askorik irabazten. Tailagile moduan lana eginez gero, berriz, hiru pezetako soldata ematen ziguten. Ez zen diru asko, baina orduan diru kopuru horrekin arrautza bat erosteko aukera zegoen. Nire anaia bat ere tailagile bezala ibili zen, baina, egia esan, lanbide honetan ez nintzen bokazioz hasi, orduan diru pixka bat lortzeko bidea zelako baizik.
Tailagintzan hasi zinen garaian, zein lekutan egiten zenuen lan?
Ni Agirreneko lantegian hasi nintzen. Lantegi honetan herriko jende askok egiten zuen lan. Beste asko, berriz, Damaso Azkuen ibiltzen ziren. Nik Agirrenean egin nituen lehendabiziko urte haiek.
Orduan herrian jende gehiago aritzen al zen lanbide honetan, tailagintzan alegia?
Bai, asko. Orduan Azpeitian bertan ehundik gora tailagile izango ginen. Azpeitiko herrian hiru lantegi garrantzitsu zeuden; Agirre, Azkue y Compañia eta Damaso Azkue. Lantoki hauetan jende askok egiten zuen lan, tailagile, ebanista eta arotz bezala. Gaur egun hiru horietatik Azkue y Compañíak bakarrik jarraitzen du. Baina orduan oso lantegi sendoak eta indartsuak izan ziren aipaturiko beste bi tailerrak ere.
Zer-nolako garaiak izan ziren hasierako urteak, lanbide tailagintza hartu zenueneko urteak?
Urte haiek oso urte gogorrak izan ziren, baina ez lanbide honetan soilik, orokorrean baizik. Gerra amaitu berria zen eta ondorio handiak utzi zituen. Eta ondorio haiek denok jasan behar izan genituen eta ez tailagile lanbidean bakarrik.
Nola egiten zenuten lana?
Ni ikastun bezala hasi nintzen lanbide honetan, gauza berriak ikasteko asmotan alegia. Eta gero denborarekin pixkanaka-pixkanaka mailaz igotzen joan ginen. Tartean soldadutza egin beharra izan nuen eta gero Ameriketara joatea suertatu zitzaidan, Uruguaira hain zuzen ere. Han tailagile lana oso ondo zegoen eta bi urte han igaro ondoren, berriro hona itzuli nintzen. Bertan igaro nuen denboran gauza berri asko ikasteko aukera izan nuen. Handik bueltan neuk bakarrik ekin nion tailagile lanari.
Zenbat urte daramatzazu tailagile bezala?
Urte asko. 16 urterekin hasi nintzen mundu honetan eta orain 74 urte egin behar ditut; beraz, 57 urte igaro dira lanbide honi ekin nionetik.
Tailagintzan aldaketarik ikusten al duzu zure lehenengo urte haietatik gaur egun arte?
Niretzat aldaketa nagusiena da gaur egun ia inor ez dela gelditzen lanbide honetan, inor ez esatearren. Eta horrek pena pixka bat ere ematen dit. Nire kasuan, zorionez semeak hartu du nire lekua eta horrek gustua eta, aldi berean, poz handia ematen dit. Baina, orokorrean, ez dago jende asko lanbide honetan jarraitzeko asmo handirik duenik.
Jendeak tailaz egindako lanak lehen ala orain erosten ditu gehiago?
Garai desberdinak dira. Orain, adibidez, une onean gaude, lan askorekin. Lanbide honek duen arazoa da guk egiten dugun lana ez dela jendearengana iristen, ezkutu samarrean gelditzen dela pentsatzen dut. Eskultura bat egiten badugu eta liburuetan agertzen bada, jendeak lan hori ikusteko aukera izango du. Orain dela urte batzuk, adibidez, eskailera bat egin genion pertsona bati. Lan hura edozein eskultura baino ederragoa zen, baina ez du inork ikusten, etxera eraman eta han gelditzen delako.
Nolako lanak egiten dituzue: enkarguak, saltzekoak...?
Denetarikoak. Lan asko apaingarri gisa jartzen dira; horrelakoak asko egiten ditugu. Eta enkarguzkoak ere egiten ditugu.
|