Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Otsaila »  Erreportaia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Literatura

Fraide baten beste bokazioa

Enekoitz Esnaola

Zein da Anastasio Esnaola? Zarautzen 43 urte bizitzen daramatzan azpeitiarra, fraidea... eta itzultzailea. Bere bigarren liburua euskarara itzuli berri du, eta Uztarria harekin izan da, komentuan.

 
 
 

Azpeitiaz daukan oroitzapenik garbienetako bat militar alemanak plazan ikusi zituenekoa da. Oso aspaldikoa, beraz; Espainiako Gerra Zibila bukatu eta handik gutxikoa. Pasatu dira urteak harrezkero. Baita Anastasio Esnaola bere herritik, Azpeititik, joan zenetik ere; hain zuzen, orain dela 56 urte erabaki zuen Arantzazura ikastera joatea eta fraide sartzea, eta, geroztik, modu finko baterako ez da itzuli herrira. Horregatik ez du, seguruenez, geroko hain oroitzapen garbirik, eta horregatik gailentzen zaio, seguruenez, militar alemanen oroitzapen hura oraindik; krudela ere bazelako irudi hura ikustea. “Gerra hasi aurretik jaio nintzen ni (1933); beraz, gerra bizitzea tokatu zitzaidan, sei urte bete ni-tuenean bukatu zelako guda. Gu artean, ordea, umeak ginen eta ez genuen nabaritzen giro hura. Baina, hala ere, oraindik akordatzen naiz behin plazan nola ikusi nituen militar alemanak; karameloak botatzen aritu ziren umeei, propaganda eginez. Ondo jantziak ziren, handiak, dotoreak”.

Herrian ez dira asko izango militar alemanak plazan ikusi zituztenak, eta, era berean, herrian ez dira asko izango Anastasio Esnaola ezagutzen dutenak, hura ez delako azkeneko mende erdian Azpeitian bizi. Orain Ramón María Valle Inclán idazle galiziarraren Buhame-argiak (Luces de Bohemia) euskarara itzuli du Anastasio Esnaolak, eta orduan jakin dute literatur zaleek edota komunikabideetan albistea irakur dutenek azpeitiarra dela hura. Fraidea dela ere jakin dute. Anastasio bera ez da harritzen hain ezezaguna izanaz. “Pentsa, neu ere ez naiz akordatzen neure eskolako gelakideez. Pare batekin edo, baina ez izen-abizenez. Hori bai, Maisu Beltza-z bai akordatzen naizena”.

Landetakoa da, Atxabaleta-behekoa baserrikoa —Urrestillara bidean dago—. Aita Antonio goiaztarra zuen, gaztea zela Azpeitira etorria bizitzera gurasoekin —orduan erosi zuten baserria—, eta ama Maria Garmendia azpeitiarra zuen. Zazpi anaia-arrebatetik Joxe Mariren eta Inazio zenaren atzetik zaharrena da Anastasio; gazteagoak ditu Joxe Miguel –hau ere fraidea–, Alberto, Maria Dolores eta Gaspar.

ARANTZAZURA 12 URTEREKIN. Ez da ohikoa Anastasioren adineko bat euskal itzulpegintzaren munduan sartuta egotea. “Normala! Guk txikitan eskolan hezkuntza espainola jaso genuelako. Eta, bestetik, oso jende gutxi joaten zen kanpora ikastera, jaunartze handia egin eta hamabi urterako jendea lanean hasten zelako”. Anastasio bidegurutze batean topatu zen jaunartze handia egin zuenean. “Neure artean esan nuen: ‘Edo lanean hasi behar duk eta joan hadi Arantzazura ikastera’. Eta Arantzazura joatea erabaki nuen”.

Aldaketa ederra bizimoduan. “Ordu arte baserrian bizi izan nintzen, eta bizimodua ere hantxe egiten nuen, ondoko baserrietako gaztetxoekin: Larringoekin, Mardurakoekin, Malkortxokoekin, Aritza Karloskoekin, Zabalekoekin… Hain justu, Zabale zen gure jostalekua; Zabaleren azpian pilotalekua zen, eta auzoko guztiok hara joaten ginen jolastera. Oñatzera ere bai tarteka. Urrestillara ere bai festatan. Herrira? Oso gutxi”.

Alemanena ez ezik, Anastasiok badu beste oroitzapen bat gogoan umetako garaiaz. “Santo Tomasak oso festa politak ziren. Gure gurasoak nekazariak ziren, eta horregatik gustatzen zitzaizkigun gehien jai hauek, itxura ederra edukitzen baitzuen plazak: baserritar ugari, animaliak salgai, jakiak… Pentsa zer-nolako ospea zuten, Nafarroatik baserrritarrak oinez etortzen zirena tropelean, galderatan, lau gurpileko gurdi antzeko hartan, oilasko, ahata eta guzti. Urrestilla aldetik etortzen ziren, eta baserritik ikusten nituen. Ikuskizun handia zen guretzat”.

Anastasiok bizimoduz aldatzea erabaki zuen, ordea, eta Arantzazura joan zen. “Neuri atera zitzaidan hara joatea. Azpeitiko erretoreak askotan aipatzen zuen Arantzazu, bokazioaz hitz egiten zuen, eta niri orduan bokazioaren ukitu bat bezala eragin zidan horrek, eta gurasoei esan nien: ‘Arantzazura joango naiz’. Ondo hartu zuten nire erabakia”.

Baserriko egoerak izan omen zuen eraginik gurasoek hain ondo hartzeko semearen deliberazioa. “Etxean, anaia-arreboz gain, beste bi osaba ere bizi ziren, iseko bat ere bai…; jende askotxo, beraz, mahairako, eta baten batek etxea uzteak kalterik sortuko ez zuela eta…”. Atxabaleta-behekoan bertan gainditu zuen Arantzazun sartzeko azterketa, azterketa pasatu behar izaten zelako izan ere. Jose Antonio Garate fraide azkoitiarra propio joan zitzaion baserrira azterketa egitera, eta “erraz” gainditu zuen Anastasiok froga. “Ez zen aparteko gauzarik jakin behar: idatzizko proba bat egiten zen, matematikako zerbait… Balekoa eman zidan”.

Goiko-errotako autobus “famatuan” joan zen Arantzazura, gurasoek eta anaia batek lagunduta, hamabi urte beteak zituela. “Nirekin batera beste bi herrikide ere joan ziren hara ikastera, Zubizarreta anaia bi”.

Arantzazun “beste mundu batekin” topatu zen. Mundu intelektualago batekin. Anastasio Esnaolarekin batera, beste berrehun bat ikasle zeuden, eta dozena bat fraide irakasle. Lau urte egin zituen han, ohi baino urte bat gehiago, espainolez “oso motza” zelako. Handik Forura (Durango) joan zen, bi urterako, eta hemezortzi urterekin nobiziadoa egitera Zarautzera. Bertan urtebete egin ondoren, Oli-tera (Nafarroa) joan zen, Filosofia ikastera, intelektualki gehiago janztera. Eta gero atzera Arantzazura, Teologia ikastera, bokazioan gehiago sakontzera. Teologia ikasteten azkeneko urtean —laugarrenean— apaiz egin zen. Bilbon egin zituen “praktikak”. Batera eta bestera ibili zen, beraz, urteetan. Behin apaiz zenean, Zarautz izan zuen berriro egoitza. “Urtebeterako etorri nintzen Frantziskotar komentura, hemengo ikastetxean klaseak ematera”. Orain dela 43 urte izan zen hori, 26 urte zituela… eta oraindik bertan segitzen du. “Irakasle ona nintzen, nonbait. Mutikoei ematen nien klasea, denetik eman ere —aritmetika, greografia, historia, erlijioa…— baina, egia esan, klasea emateko ez zegoen asko jakin beharrik”.

Jubilatu arte eman izan ditu klaseak Zarauzko Frantziskotarretan; orain dela ia bi urte, hain zuzen. Bere eskuetatik ezagun asko pasatu dela dio —izen bakar bat bota du, ordea: Jose Anjel Iribarrena—, eta ikasleen artean azpeitiarrak ere izan zituela. “Azpeititik eta Azkoititik autobus kozkor bat etortzen zen garai batean”.

Euskara ere irakatsi izan du. “Frankismo garaian euskara ez zegoen ematerik, baina orduz kanpo erakusten nuen nik, beste batzuekin batera, egunean ordubetetxo bat emanez jendeari, arrats partean betiere. Oso zaila zen guretzat, ez zegoelako materialak erakusteko. Geuk prestatu behar izaten genituen gaiak”.

VALLE INCLANEN ERDARA. Orain euskarara itzuli ditu bi liburu. Arestian aipatu bezala, Buhame-argiak (iaz) eta, aurretik, 2000an, Mariano Errastiren Eguzkilore. Baina ez ditu iltzulpegintzako bere lehen lanak. Arantzazun egon izan zenean itzuli izan zuen “zerbait”, eta gero Zarautzen frankismo garaian ere bai, “jendea etortzen zelako inprimikiak-eta itzultzeko eskatuz”.

Buhame-argiak liburua itzultzeko orduan, euskarak ez dizkio lanak eman, espainolak baizik. “Izan ere, Valle Inclanek bere estilo propioa zuen, eta kaleko hitzak erabiltzen zituen asko. Hura galiziarra zen eta hango hizkuntzatik erdaratutako hitz ugari du liburuan eta ulertu ezinda geratzen zara, gaur egungo hiztegietan azaltzen ez direlako. Itzultzen hasi aurretik hiru aldiz leitu behar izan nuen liburua”. Valle Inclanen garaian —1920an argitaratu zuen liburua—, antzerkiaren aldaketa ari zen gertatzen, eta Valle Inclanek berak beste antzerki mota bat egin nahi izan zuen, eguneroko bizitzan oinarritutakoa, horixe eskatzen zuelako jendeak. “Herriarentzat baldin bazen, herriak hitz egin bezala idatzi nahi zuen Valle Inclanek, eta kalera atera zen, eta kaletarren esamoldeak eta hitzak jaso zituen eta idatzi”. Orduko mintzaira hobeto ulertzeko, Frantziskotar Ikastetxeko irakasle baten “laguntza handia” jaso du Anastasio Esnaolak: Joxerra Barrenarena. “Espainieran oso aditua da, Portugaleko Unibertsitatean irakasle egona da, Espainiako literatura asko ezagutzen du, eta askotan joaten nitzaion galdezka. Gauza asko argitu dizkit”.

Baina nolatan hasi da jubilatukoan liburuak itzultzen? Bi arrazoi ditu. “Batetik, gustatu egiten zait. Eta, bestetik, jubilatutakoan zerbaiti heldu beharra dago, nahiz eta adin honetan liburuak itzultzen hastea ez den oso ohikoa”. Ibaizabal argitaletxeak argitaratu dio Buhame-argiak, Literatura Unibertsala atalean, baina ez azpeitiar fraidearen lehen ahaleginean, lehenago ere bidalia zuelako kapitulu bat itzulita proba gisa, baina ez zioten jarraitzeko eskaririk egin; bigarrengo saioan bai.

Urte erdia pasatu zuen Buhame-argiak itzultzen. Eta “gustura” aritu zen, ia egunero eginez lan. Goizean goiz jaikitzen da, seietarako, eta mezaren eta gosariaren ondoren malekoian paseo bat egin —“lehen gehiago”— eta gero hasi ohi da liburuekin bueltaka eta itzultzen. Inguru aproposa du horretarako, oso toki lasaia delako Frantziskotarren komentu handi zaharra (XVII. mendekoa da). Anastasio 1959an bertara iritsi zenean 40 bat fraide zeuden; orain 23. Anastasio bertara iritsi zenean ez zuen pentsatuko handik 40 urte pasara liburuak itzultzen hasiko zenik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak