Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Iritziak »  Euskara ikasleak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Zer diyo?

Biziberritze planean ez al dira euskara ikasleak sartzen?

Mikelats AEK Euskaltegia

U rrian ekin zion Azpeitiko Mikelats AEK euskaltegiak 2001-2002 ikasturteari, eskualdeko hiru herrietara (Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa) euskalduntze, alfabetatze, Hizkuntz Eskakizunak eta EGArako ikastaroak eskainiz. Urtero legez, hauxe dugu AEKideok aurten ere erronka nagusia; hain zuzen ere, herritarrak dituen beharrak asetzea eta bide beretik geurea den euskara indartzea. Helburu hau bideratzeko asmoarekin AEK-k beste erronka batzuk ere abian jarri ditu; hala nola, Zestoan joan den urrian ospatu zen AEKeguna, herrietako jaietan parte izatea, Baite Euskara Elkartean eta Uzta-rria Kultur Koordinadoran kide izatea, AEK-ko ikasleak euskaraz herriratzea...

Azpeitiko AEK-ko euskaltegiak 75 ikasle ditu arestian aipaturiko ikastaroetan eta hauei eginiko eskaintza burutzeak hainbat baldintza eta behar martxan jartzea dakarki. Hala nola, AEK-k sorreratik izan duen filosofiarekin bat, euskal herritar orok herri honetako hizkuntza ikasi ahalko luke ahalik eta diru gutxien ordainduz. Honela, euskaldundu nahi ditugun ikasleei ahalik eta erraztasun handienak emanez gure hizkuntzan trebatzeko.

AEK-k, herrietako udalak herritarren zerbitzura daudela ulertzen duen heinean, herri bakoitzeko udal ordezkariengana jo izan du beti, ikasleei bidea erraztu asmoz. Baina udaletako erantzunak ez dira inola ere berak izaten.

Urola eskualdean, aurretik aipatu bezala, hiru herrietako udalekin izan ditugu harreman hauek, eta hauek izan dira lortutako emaitzak:

  • Azkoitiko Udalak, euskara ikastaroak emateko kultur etxeko gelak utzi dizkio AEKri, eta bertan matrikulatuak izan diren ikasleek kurtso amaieran matrikularen %50 eta %75 jasotzen dute, lan baldintzen arabera.
  • Zestoako Udalak, AEK-k bere proposamena egin zionean, lehiaketa bat aurkeztu zuen, Udalak kontratu ikastaro bat egin nahi zuelako. AEK-k postua atera, eta egun Zestoako kultur etxean ematen dira ikastaroak, eta bertako ikasleek doan jasotzen dituzte klaseak.
  • Azpeitian, aldiz, urteak joan urteak etorri, Udalarekin biltzeko ere arazoak izan ditugu. Aurten ikasturtearen hasieran biltzea lortu bagenuen ere, ia hiru hilabete pasatu ondoren ikasleek ez dute beka jasoko duten ala ez informaziorik. Gauza bitxia benetan abenduaren 2an Azpeitiko plazara gerturatu ziren herritarrentzat. Hainbatek usteko zuten Azpeitiko Udalak bere biziko konpromisoa hartu duela euskararekiko; baina euskara ikasten ari den hainbat azpeitiarrek, behintzat, ez dute inondik inora konpromiso horren gauzatzea ikusi. Zertan gastatu behar du hainbeste diru, euskara ikasi nahi duten ikasleei laguntza txikienik ere eman nahi ez dion Udalak?

Dena den, AEK-k bere eskaera eginez jarraituko du, esan bezala, ikasle guztiak nahi duten lekuan eta nahi duten metodologiarekin euskara ikasteko eskubidea izan arte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak