Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Iritziak »  Tristura

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pako Aristiren enbidoa

Tristura azpeitiko etxerik alaienean

Pako Aristi

 

La casa más divertida de Texas, putetxe bati buruzko filmearekin gogoratu naiz. Duela hilabete inguru Azpeitiko etxe alaienaren funtzioa betetzen zuen Larre ospetsuko nagusia edo gerentea hil zen, Sebastian Benitez gizon ezaguna. Etxe horren inguruko berriak badakizkit, eta Benitez gizon estimatua eta maitatua zela esan behar da. Hau da: ez zela proxeneta makur eta arrunt bat.

Prostituzioarena denongan era askotako jarrerak pizten dituen mundua da. Katxondeoa, esate baterako. Benitezen hiletetan prostitutak parrokira azalduko zirela eta izan ziren hainbat txiste: “Eliztarrak gustura izango dituk”, “bai zera, zenbaitek apuro ederra pasa beharko dik”, “igual apaizen batek handiena” eta abar.

Prostituzioaren aurrean gizarteak orohar ezjakinarena egiten du, ezikusiarena. Gure bizitza bi arotan bereizten da: egunekoa eta gauekoa. Eguna lana egiteko epea da, gizartean agertzekoa, zeure maila eta lekua erakustekoa. Gaua ezkutuko kontua da, gauaz egindakoak ez dezala eraginik izan zure eguneroko bizitzan. Ez da jardun behar gauaz egindakoak hortik zehar kontatzen. Beraz, prostituzioa gauaz egindako bekatu txikitzat hartzen du gizarteak.

Hipokresia horren baitan bizi gara: etorkinak bidali egin behar direla dioen gizona gauean prostituta kolonbiarrarekin lasaituko da. Igandero mezetara joan eta ezkontza defendatzen duen kristau sutsuak gauaz Larrera joanda jarriko dio bizigarri pixka bat bere bizitza sexual aspergarriari, emazte gizena ahaztuta neska gazte lirainari helduz.

Euskara bera hizkuntza pobrea eta iluna da maitasuna eta plazerrari buruz, gorputzari buruz, grinari buruz. Gazteleraz mujeres de vida alegre izan direnentzat emagaldu tetriko hori asmatu zuen norbaitek. Eskerrak prostituta hitz neutroa geratzen zaigun.

Gauzak aitortzen hasi beharra dago: Larre oso etxe garrantzitsua da (eta izan da) Azpeitiaren historian. Gazte askok eta askok hor ezagutu ditu lehenengo joaldiak, juergako azkeneko otartekoekin batera. Noizbait Larrera joan ez dena, Azpeitian, raro!

Mutilzaharren bizipoza izan da, lotsatien askalekua, kasino inprobisatua, egun arruntetan tabernak itxi ondoren geratzen zen leku animatu bakarra. Bizioen disfrutalekua izan da: parranda jarraitu nahi zuten gautxoriena, dirua jokatzea gustatzen zaienena, libidoa biziberritzeko gorputz eta estilo ezberdinak behar dituztenena, ligatzen ez zutenek frustrazioa hiltzeko behar zituzten emakumeen topalekua izan da Larre.

Hala ere, nolakoa izan da prostituten bizitza Azpeitian? Batzuk asentatu egin dira herrian, ezkondu ere bai, baina orohar existentziarik gabeko pertsonak izan dira. Beti disimulatu egin behar. Beti halamoduzko begiratuak agoantatu behar. Gauean konfiantza osoz egondako gizonezko hura ezin zuten goizean Eroskin agurtu, prostituten araua baita gaueko inor ez agurtzea egun argitan, gizonezkoak konpromisoan ez jartzeagatik. Hainbat mutilzaharrek senideekin errieta latzak izan ditu prostituta etxera ekarri nahi zuelako. Hori ez da humanoa!

Emakume horiek zer agoantatu duten, eta zein, ez dago esaterik. Gizon asko oso txarra jartzen da mozkortutakoan, gizon asko putetxean emakumeak bere eskura daudela uste duen likits zikin bat bihurtzen da. Emakume horietako askok monumentua merezi luke Azpeitiko plazaren erdi-erdian.

Edo gutxienez, Benitezen hiletetan merezi zuten parrokian aurreko eserlekuan egotea denak, eta gutxienez Donostiako gotzaina etortzea haien eskuetan Jesusen gorputza jartzera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak