|
|
|
Gai librean
Motorren zarata puta hori
Fernando Morillo
Hamasei urte dauzkat. Eta motor eder bat. Auzokoek ez didate onez onean begiratzen. Inbidiagatik dela suposatzen dut.
Kexatu izan zait jendea. Zaharrak eta gazteak. Azkarregi noala, zarata handiegia ateratzen dudala… Ez al gara gero tolerantzia gora tolerantzia behera ibiltzen? Eta ez al du inork neurea errespetatu behar? Besterik ez genuen behar. Esaten al diet nik ezer beraiei? Gaztea naiz eta niretzat ere errespetua eskatzen dut. Gutxienez motorrarekin harrapatu izan banitu, orduan izango zuten kexatzeko arrazoirik. Baina ezta hori ere. Nahi dutena egiten uzten diet nik! Noiz edo noiz zebra-bideren batean gelditu izan naiz, gainera, lasai pasa zitezen. Zarata? Horregatik ere kexatzen dira? Jendeak ez daki zer egin eta besteak izorratzea besterik ez zaio bururatzen. Zarata. Bo. Ez al du Martxialenek nahikoa ateratzen gauean? Eta zein kexatzen zaio? E?
Herrian inolako beharrik gabe –eta etengabe!– bueltaka ibiltzen garela ere leporatu izan didate, gora eta behera, denak aztoratzen. Aibadios. Eta? Herria ez al da, ba, guztiona? Errepideak ez al dira, ba, ibiltzeko? Hori, ba. Nik ere baditut eskubideak, aizue. Horixe bakarrik behar genuen.
Iskanbila handiegia ateratzen omen du motorrak. Legeak debekatu egiten duela esan didate. Nik, egia nahi baduzue, barre ederrak atera ditut horren kontura. Legeak… Hilabeteak daramatzagu legez kanpo, horren arabera, baina ez zait ezer pasatu. Ez niri ez ni bezala dabiltzan lagunei. Lasai asko ibiltzen gara nonahi eta noiznahi, eta, nik dakidala behintzat, ez dute horregatik multarik jarri, ez abisurik eman, ez ezer. Nola ez dugu, ba, bere horretan jarraituko?
Eta nola ez zait, ba, motorra gustatuko? Jakingo bazenute neskatxa gazteen albotik igarotzean nola begiratzen didaten, zein gogor-begiradarekin aztertzen ditudan nik… Kristorena da. Sakatu eta sakatu azeleragailuari. Atera burrunba. Ez dago hori bezalakorik. Ez dago.
Egunean zehar ederra izaten da jendea sutan jartzea –gaixoak–. Baina are gehiago gauean. Goizeko ordu batean –bueno, bale; dezente beranduago normalean–, etxerakoan, a ze gozamena. Sakatu azeleragailuari eta, ios, neure burrunba baizik ez da entzuten herri osoan. Askotan, gainera, etxe inguruan geratzen naiz, azeleratzen. Besterik gabe. Guztiek jakin dezaten iritsi naizela. Sentsazio deskribaezina sorrarazten dit horrek. Eta gutxi balitz bezala, horrela amak ere badaki etxera noala. Zarata entzun, eta badaki semea onik itzuli dela. Ama maite dut. Beti adi, beti kezkaz: motorrean kontuz ibiltzeko, baina ondo pasatzeko. Errietarik ez. Hain ondo ulertzen nau!
Uste dut nire urtebetetzean motor berria eskatu behar dudala etxean. Lagun batek nirea baino handiagoa dauka, zaratatsuagoa. Eta ez, hori ez. Ez du ba uste izango bera baino gutxiago naizenik horregatik! Ezta pentsatu ere. Ez diot aukerarik emango. Motor handiagoa ekarriko dut. Isilgailua? Utzidazue barre egiten: porkulo hartzera isilgailua! Trukatu egingo dut. Hartu bezain laster. Orduan bai aterako duela buila ederra! Joder, irrikitan nago. Benetan.
Baina zuek egon lasai, ekartzen dudanean antzemango diozue eta. Sobera buelta egingo ditut guztien etxe paretik. Ikusiko duzue. Ez dut beste zereginik!
|