Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Iritziak »  Komunikazioa »  Ez da normala

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen: ‘Komunikabideak Azpeitian’. Zergatik erosten dugu prentsa espainola? Zergatik ez dugu irakurtzen euskarazko prentsa? Herri abertzalea izanik, zerk hutsegiten du?...

Ez da normala azpeitiarrona

Iban Arregi (kazetaria)

El Diario Vasco, 1.367 ale; Gara, 197; Egunkaria, 117; Deia, 57. Azpeitiko larunbat bateko prentsa kontsumoaren datuak dira. Ikus daitekeenez, prentsa espainolista erosten da gehien, El Diario Vasco –lagun baten arabera, Gipuzkoako ABC–. Ez da normala. Zeozer ez da ondo egin.

Azpeitian boto abertzalea nagusi da. 1999ko udal hauteskundeetan %91k EAJri, EHri eta EAri eman zieten botoa. Baina Azpeitian, prentsa espainolista nagusi.

Baten batek galde dezake: “Eta zer zerikusi dauka batak bestearekin?”. Edota: “Datuok erakusten dute prentsak eragin politiko txikia daukala”. Bada horrela pentsatzen duenik; baina nik kontrakoa uste dut: alegia, botoak eta etxean sartzen dugun egunkariak, ideologia aldetik, nahikoa antzekoak izan beharko luketela; eta bai, prentsak eragin politikoa badauka, handia gainera. Akaso botoa emateko orduan ez hainbeste, baina eragin politiko handia dauka.

Bestelakorik esatea gezurra esatea litzateke. Azpeitian aldearekin gehien saltzen den egunkariak badituelako helburu politikoak –helburu komertzialez gain–. Eta jendearengan erreferentzia politikoak, kulturalak eta lurraldeari dagozkionak sortzen dituelako, betiere helburu politiko horien arabera. Bestela, esan: azpeitiarrok zergatik esaten diogu “euskal-frantsesa” baionatar bati? Zergatik esaten diogu “Euskal Herria” Euskal Autonomia Erkidegoari? Ezagutzen al ditugu Koldo Izagirreren edota Jose Luis Otamendiren liburuak eta jarduera? Futbolean, zein da azpeitiarrontzako “la selección”? Euskal kultura, bertsolaritza, trikitixa, Atxaga eta antzerki topaketak baino zerbait gehiago dela ba al dakigu? Eusko Ikaskuntza zer den ba al dakigu? Eta Lizarra-Garaziren porrotean komunikabide espainolistek –Gipuzkoako ABC-k ere bai– egundoko eragina izan zutela?

Eta ez, hori ez da prentsaren ondorioa bakarrik, jakina. Baina prentsaren ondorioa ere bada.

SABOTEATZAILE FINA.

Komunitate abertzalea nagusi zen Lizarra-Garazi garaian Azpeitian ere; prozesu demokratiko horren alde geunden azpeitiar gehienok. Baina Lizarra-Garaziren saboteatzaile finenetako bat, orduan ere, fin-fin etxera eramaten genuen. Eta horretan dihardugu.

Komunitate abertzalea nagusi da orain ere Azpeitian. Teorian, zazpi herrialdeok gutxienez kultur-komunitate-(herri) bat osatzen dugula onartzen dugu ia denok. Euskara, hitzez, denok defenditzen dugu. Baina komunitate horren saboteatzaile finenetakoa, euskarari balio ofizialik errekonozitzen ez diona, gaur ere fin-fin etxera eramaten segitzen dugu.

Eta ez, hori ez da Azpeitiko egoera bakarrik, jakina. Baina Azpeitiko egoera ere bada.

Eta ez da normala. Eskelak? Azpeitiko karta? Reala? Hori bakarrik balitz... Bukatzeko, ohar bat: ez dut esan nahi egunkari bakarra irakurri behar dugunik, besteenak ezagutu behar ez ditugunik; baina egunero ordaintzen ditugun 0,75 euro horiekin zer munstro elikatzen ari garen ba al dakigu?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak