Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Iritziak »  Komunikazioa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen: ‘Komunikabideak Azpeitian’. Zergatik erosten dugu prentsa espainola? Zergatik ez dugu irakurtzen euskarazko prentsa? Herri abertzalea izanik, zerk hutsegiten du?...

Komunikazioaren jauntxoen boterea mugatu beharra dago

Patxi Azpillaga (EHUko irakaslea)

 

Gaur egun ezagutzen ari garen informazioaren oparotasunak eta komunikabideen ugaritzeak ez dituzte beraiekin herritar informatuagoak eta gizarte demokratikoagoak ekarri. Geroago eta zabalagoak dira komunikazioaren inguruan antolatzen ditugun gure bizitzaren atalak: politika, ekonomia, elkarrekiko harremanak, aisialdia,... Baina, aldi berean, hiperkomunikazioaren garai hauetan, inoiz ez bezalako uztartzea gertatzen ari da botere ekonomiko eta informatiboaren artean, antolamendu politiko demokratikoa bera ere kolokan jarriz.

Informazioa eta komunikazioa negozio dira aspalditik, merkatuaren eta errentagarritasunaren esanetara antolatuak. Baina azkenaldi honetan kontzentrazio prozesu ikaragarriak ari dira gertatzen, enpresa gutxi batzuen eskuetan uzten dituztenak kultura, informazioa eta komunikazioa produzitu, antolatu, argitaratu eta herritarrengana helarazteko ahalmena.

Ikusi bestela zer gertatzen den Espainian, non hiru multimedia-talde eratu diren urte gutxitan, hango –baina baita hemengo- benetako komunikazioaren jauntxo bilakatu direnak: Correo, Telefónia-Admira eta Prisa. Azken mugimendua, hain zuzen ere, Bilboko Correo komunikazio taldeak, besteak beste Azpeitian gehien irakurtzen den egunkariaren –El Diario Vasco– jabe denak, eman du duela pare bat hilabete, Madrilgo ABC egunkaria argitaratzen duen Prensa Española taldea erostean. Dagoeneko, ezer gutxi gertatzen da Espainiako komunikazioaren munduan enpresa hauen kontroletik kanpo, berdin Estatu mailan zein eremu lokalean.

Zuzenean edo zeharka hiru talde horiek Espainian egunero zabaltzen diren egunkari-ale guztien erditik gora kontrolatzen dituzte: %20tik gora Correo taldeak, menpe dituen 18-23 egunkariak medio; %20tik gertu Telefonicak ere –nahiz eta zeharka (Recoletos-Pearson-en bitartez) eta azken zurrumurruek Correo-ren eskuetan jartzen dituzte egunkari hauek (El Mundo, Marca, Expansión); pentsa orduan noraino helduko litzakeen El Correo-ren indarra–; eta %15 inguru Prisa-k (behinik behin El Pais eta As-ekin). Eurenak dira baita telebista pribatuak (Tele 5, Antena 3 eta Canal Plus, hurrenez hurren) eta sateliteko plataformak ere (Via Digital Telefónicak eta Canal Satélite Digital Prisak). Eta eurena da, orobat, irratia: gutxieneko parte hartzea du Correok COPE-n (%8); Telefonica, aldiz, Onda Cero-ren jabe da eta Prisa SER-Union Radiorena; guztira irratiaren entzuleriaren erditik gora. Gainera, albiste-agentziak (Correok Colpisa), asteburuetako gehigarriak (Suplemento Semanal Correok, EPS eta La mirada El País-ek), Internet-eko zerbitzariak, argitaletxeak, ikus-entzunezko produkzio-etxeak eta abar luzea menderatzen dituzte.

Egitura horrek isla zuzena du, nola ez, baita Hego Euskal Herrian ere, are maila larriagoan oraindik. Prentsan Correo taldeak EAEn banatzen diren egunkari-aleen %65-70 bitartetan menderatzen baititu eta Diario de Navarra-k Nafarroako merkatuaren %70etik gora hartzen baitu. Eta irratian eta telebistan EITBren presentziak kontzentrazio mailak leundu egiten baditu ere, nabarmena da, halaber, talde horien eragina eta boterea SER eta COPE kateen bitartez. Begiratu, gainera, lau hiriburuetako telebista lokalekin gertatzen ari dena. Prisa Iruñean eta Donostian kokatu da zuzenean Pretesa-Localia-ren bitartez (eta Bilbon eta Gasteiez-en ere bai, zeharka, Euskaltelekin duen hitzarmena medio); Correo, berriz, Donostian eta Bilbon dago Teledonosti eta Bilbovision-ekin, baina arlo honetarako eratu duen filialarekin –Atlas– laster hedatu egingo ditu eraginak.

ZER EGIN?

Honako komunikabideen jabetza-egiturak ez dio onik egiten gure herriko bizitza demokratikoari, are gutxiago lagundu dauzkagun arazoei tajuzko irtenbideak bilatzeari. Gogoratu bestela iazko maiatzeko hauteskundeetan gertatu zena. Alde honetatik ez da oso ondo ulertzen PNVren estrategia Prisan bilatuz, itxuraz, Correori aurre egiten lagunduko dion bazkidea: ez da berriro ezer entzun Gipuzkoan zabaldu asmo zuten egunkari proiektuaz, baina indarrean daude oraindik EITB, Euskaltel eta Sogecable-ren (Prisaren ikus-entzunezko atala) arteko hitzarmenak. Arazoa ez baita komunikazioaren jauntxo bat edo bestearen artean aukera egitea, baizik eta jauntxo horien boterea mugatzeko arauak ezartzea eta betearaztea, zerbitzu publikoaren irizpideak sakondu eta garatzea, komunikazio eremu berriak zabaldu eta babestea multimedia-taldeen eraginetik. Euskal Herriak, bakeak, demokraziak eta euskarak berak ere eskertuko lukete.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak