Zenbat buru, hainbat aburu
: Hemerotekie
Beixama eta Momo
Juan Inazio Zulaika (Egunkaria, 01-12-05)
Sinetsi nahi dut ipuinetan. Sinetsi nahi dut egunen batean magia eta fantasia pilotalekuetan murgilduko direla. Mutiko zintzoak Tartalo beldurgarria garaitu zuen bezala, Beixama eta Momo, egunen batean, Eugiren eta Belokiren aurka garaile aterako direla. Sinetsi nahi dut benetako ustekabeak, lau t’erdiko txapelketan, Barriolaren joko bikaina eta Nagoreren porrota izan direla. Eta ez Iban Otaegirena eta Medina mexikarrarena, azken honek bigarren mailako txapelketan.
Zorionez, fikzioa errealitatearen jantziz janzten da noizbehinka. Pilotan den-dena ez dagoela aurretik lotuta, alegia. Sinetsi nahi dut Beixama Otaegik, Azpeitiko postariaren semeak, egin duena ez dela izan egun bateko lorea. Datorren urtean berriro Beixamak parte hartuko duela lau t’erdiko txapelketa nagusian eta ez kanporaketa bat, bi eta hiru soilik gaindituko dituela, seigarrena ere bai, txapela irabaziz.
Fernando Momo Medina, Mexikok eman duen lehendabiziko eskuzko profesionala, pasa den udan etorri zen Euskal Herrira, Asegarceren eskutik. Leitzan ikusi nuen debutaren egunean. Partidu txukuna jokatu zuen, estilo egokia erakutsiz, baina artean ametsetan ere ez nuen pentsatuko egingo lukeela egiten ari dena. Badakit bigarren mailatik lehenengora jauzi handia dagoela. Baina mexikarra egiten ari denak meritu izugarria du. Ia-ia ipuinetatik sortutako istorioa dirudi. Otaegirena bezalaxe. Nork esango zukeen iaz, aurten, urriaren 19tik hona, Beixama ibiliko litzatekeela dabilen eran? Azpeitiko kaleetan bi pauso segidan eman ezinik, jendearen zorionak jasoz.
Euskal Herrira etorri berritan, Fernando Momo Medinak esan zuen Belokiren aurka jokatzea amesten zuela. Belokik lo lasai egin zezakeela idatzi nuela gogoratzen naiz. Ikusitakoa ikusi damututa nago hura esanaz; izan ere, zeinek esan datorren urtean ez dela gertatuko?...
Azpeitia ez da Hollywood. Euskal Herrian ametsen faktoriak gutxi produzitzen du eta errealitate gordinena nagusitzen da, Beloki eta Eugirena, datorren igandean Eibarren ikusiko dugun final baten itxura duen finalerdia. Hala ere, ilusioa ez dute galduko ez Beixamak ez Momok, ezta jarraitzaileok ere.
Otaegiren lanpara ahaltsuaren argia Eugiren aurka itzali zen. Laster bere etxean telefonoak zalaparta gutxi aterako du eta Azpeitian posta banaketa normalizatu egingo da; izan ere, aita Udaleko posta banatzailea denez eta batekin eta bestearekin hizketan semeari buruz geratzen zenez, posta ez omen zen garaiz iristen. Otaegik aurki itzuli beharko du Errioxako, Soriako eta Madrilgo zirkuituko pilotalekuetara. Herriz herri furgoneta batean mugituko da, Garfeko enpresaburu den Garrido El Bonbero, gidari lanetan.
Gogoan geratu zaigu Beixamak eginiko lana, ipuina edo errealitate izan. Eta esperantza datorren urtean bertan izango dela; izan ere, postariaren semeak bitan deitzen baitu beti. Ametsen faktoriak Euskal Herrian gutxi ekoiztu arren, Mexikotik etorri berria den Momo Medinak ez du horren berri. Goza dezala ipuina idazten den bitartean.
|