Elkarrizketa
: Izaskun Zeziaga (Azkoitia-Azpeitia Udaltalde 21eko teknikaria)
“Kutsadura legez onartutakoaren azpitik dago”
Jon Aranburu
Bederatzi udalerritako emaitzak alderatu eta gero, Tokiko Agenda 21eko arduradunek diagnosia kaleratu dute.
Duela gutxi egin dute publiko Azkoitia-Azpeitiko diagnosia, eta Izaskun Zeziaga Azkoitia-Azpeitia Udaltalde 21eko teknikariarengana jo dugu horren berri izateko, elkartearen lehen urteurrenean hain zuzen ere.
Tokiko Agenda 21ek jada diagnosia egin du. Zer azpimarratu daiteke diagnosian?
Diagnosia bederatzi udalerriren artean egin da: Laudio, Basauri, Santurtzi, Erandio, Amurrio, Zarautz, Legazpi, eta Azkoitia eta Azpeitia. Beste herriekin al-deratuta, guk ingurumen natural onenetakoa dugu, baina horrek ez du esan nahi gauzak ondo egiten direnik. Basoa ustiatzeko teknikak aldatu egin beharko dira, daukaguna indartu eta ezagutarazi. Energiaren gaian, berriz, gehien guk kontsumitzen dugu; besteak beste, Azkoitian eta Azpeitian enpresa handiak daudelako gertatzen da hori –Aceralia eta GSB–. Hondakinen kontuan antzera sortzen dugu; horri dagokionez, gaikako bilketarekin jarraitu nahi dugu.
Zuri, Agenda 21eko teknikari bezala, zerk harritu zaitu gehien diagonisiaren emaitzak ikusita?
Azpeitiko auto kopuruak harritu nau gehien: mila biztanletik 545ek daukate autoa; Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekotik gora dago. Gurekin lanean jardun dutenak harrituta gelditu dira datu horrekin.
Ingurumen diagnosi horren arabera, Azpeitiak batik bat zer ezaugarri dauzka?
Datuen arabera, kutsadura maila legez onartuta dagoenaren azpitik dago. Kutsadura atmosferikoaren kasuan, datuak falta dira, eta estimazioak egin behar izan ditugu, datu errealik ez zegoelako. Badirudi Lapatxek ondo funtzionatzen duela, baina hondakinak hobeto kudeatzea nahi dugu.
Tokiko Ekintza Planaren proposamena aurkeztu duzue; zer da, eta zer suposatzen du?
Gaikako emaitzak aurkeztuko ditugu. Orduan hasiko gara azaltzen ahultasunak, mehatxuak, puntu sendoak eta aukerak. Emaitzen arabera, ildo estrategiko desberdinak finkatuko ditugu, aurrera eramateko programa desberdinak egingo dira, eta gero ekintzak.
Tokiko Ekintza Plana martxan jartzen denean, egitasmo berrietan-eta nolako eragina izan dezake?
Berez, eragin handia. Ingurumen aldagaia udaletako kudeaketa sistema osoan sartzea da helburua. Badakigu, dena dela, oso zaila dela.
|