Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Auntxa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kultura : Antonio Aranaga ‘Auntxa’

Agur soinuaren aitzindariari

Imanol Iturbe

‘Auntxa’-ren heriotza. Abenduaren 13an hil zen Urrestillako soinujole handia, 91 urte zituela. Hamar urte zituela soinua hartu, eta ia hil arte egon da bere bizitza trikitiari loturik. Honatx, agur moduan, Imanol Arregi Iturbide-ren hitz batzuk

 

Usurbilgo lehenbiziko trikiti omenaldia izan zenean ezagutu nuen Auntxa. Orduan bi bikote osatu ziren: Auntxa-Miguel Iturbide eta Bitarte-Patxi Iturbide. Handik aurrera berpiztu ziren soinujole zaharrak, hainbat urtez isilik egon eta gero. Inoiz ez genuen aipatu zergatik izan zuen Auntxak geldiune hori. Usurbilgo hura eta gero, beste egun garrantzitsu bat Azpeitian eginiko omenaldi bat dugu; omenaldi hartara soinujole asko joan ziren, panderojoleekin. Orduan hasi ziren berriro Auntxa eta Iturbide herriz herri ibiltzen. Bada hor nonbait argazki famatu bat, Auntxa Elgetarekin eta Sakabirekin agertzen dena; horrek esan nahi du zerbait izango zela.

TRIKITIA ZABALTZEN.

Berak kontatzen zigun nola joaten ziren mugaz beste aldera, Bidarraira, eta hango kontuak kontatzen zizkigun. Berak sortu zuen mugaz beste aldean trikiti zaletasuna. Urte askotan joan ziren. Geroago, bi bikote joaten hasi ginen, zaharrak eta gazteagoak. Orduan ikusi genuen hark kontatuak egia zirela.

Urrutira autoz joan behar izaten genuenean, Auntxak niri deitzen zidan. Lehen aldiz Lesakara joan nintzen harekin, bi egunerako. Gogoratzen dut nola esaten zidan: “Nik horrenbeste pieza banitian, eta orain ezin ekarri burura...”. Isilik egoteak ez zion onik egin. Baina hari ardo onarena gertatu zitzaion: gero eta zaharragoa, orduan eta hobea. Euskal kantu berriak ikasi zituen, Nafarroa Behereako dantzak egiteko musika ere bai; meritu handia zeukan.

Gabon egun batez, Donostiako Loiola auzora joateko eskatu ziguten, kalejirak egiteko. Pozik ibili ginen, jendea pozik ikusten genuelako. Halako batean, mutiko batek honela esan zion: “Hain handiak zarete, eta eskean?”. Garai alaiak ziren orduko haiek. Arreta handiz entzuten zen soinua.

Beste errekor txiki bat ere kontatu nahiko nuke. Disketxe batera lagunduko al nion esan zidan, eta han joan ginen. Disketxeko arduraduna azaldu zen, eta diskoa grabatzen hasi behar genuela esan zuen. Auntxak, orduan, zera esan zidan: “Ba al dauzkagu hamabi pieza jotzeko modukoak?”. Eta nik: “Zerbait aterako da...”. Hasi ginen zutik jotzen, bata bestearen atzetik, hamabi pieza, batere atsedenik hartu gabe; eta hor dago disko polita. Norbaitek egin ote du halakorik?

Besteek soinujoleekin baino zintzoago ibiltzen nintzen Auntxarekin; zintzoa zelako. Harekin azkenengo saioa bere herrian, Urrestillan, egin nuen, bere omenaldi egunean. Kalejira egin genuen Auntxak berak, Boni bere azkenaldiko panderojoleak eta hirurok. Oroitzapen horrekin geratzen naiz. Agur, Antton.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak