|
|
|
Baliteke azpeitiar bat izatea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea: Patxi Goenaga; aurki baiezta daiteke albistea
Patxi Goenaga, euskara sailburuorde?
Enekoitz Esnaola
Azken orduko ezusterik ezean, Patxi Goenaga euskaltzain azpeitiarra izango da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde berria. Hurrengo egunetan baiezta daiteke albistea. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) maiatzaren 13ko hauteskundeen ondoren, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Miren Azkarateri eman zion Kultura Sailaren ardura, eta Azkaratek bere konfiantzako lagunekin egin nahi du lan, eta horregatik egin dio Goenagari euskara sailburuorde kargua hartzeko eskaintza, konfiantzakoa duelako, Euskaltzaindian batera aritu direlako lanean —biak 1990eko hamarkadan izendatu zituzten euskaltzain oso—.
Azaroaren bukaera aldera hasi zen zabaltzen azpeitiarra izango dela sailburuorde berria. Uztarriak azken egun hauetan jakin duenez, Goenagari ematen diola halako erreparoa politikara pasatzeak, behin ere ez delako politikan murgildu, eta “jauzi” horrek zer pentsatua ematen dio eta buruhautesterik ere bai, baina oso litekeena da azkenean onartzea eskaintza.
Patxi Goenagak, beraz, Xabier Aizpuruaren ordez jardungo luke postu horretan, Aizpurua baita egun Hizkuntza Politikako sailburuordea, eta berak izan du azken urteetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia gidatzeko ardura.
BIZIBERRITZEKO PLANA.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia —euskara normalizatzeko plana, azken batean— aurrera eramatea litzateke euskaltzain azpeitiarraren lehendabiziko lanetakoa. Hain zuzen, EAEko herrien artean estrainekoz Azpeitian garatuko da plan hori. Abenduaren 2an eman zitzaion Plan Nagusiari hasiera Azpeitian, eta Udalak orduan esan zuenez, herriko 657 gizarte eragilek sinatu dute euskararen alde. Udala orain beste eragile batzuen atxikimendua lortu nahian dabil, eta Eusko Jaurlaritzarekin plangintza finantziatzeko hitzarmena egingo du hurrengo asteetan. Ikusi egin behar hitzarmena sinatzen denerako Goenaga den Hizkuntza Politikako sailburuorde berria edo ez.
Azpeitiak ezezik, EAEko beste 33 herrik ere eskatu dute Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berean garatzeko, baina, oraingoz, Azpeitikoaz gain ez dago berri handirik. Jakinekoa dena da herri bakoitzean aurrekontuaren %70 Jaurlaritzak jarriko duela. Dena den, Xabier Aizpuruak abenduaren 1ean Euskaldunon Egunkaria-n emandako elkarrizketan zioen udaletako euskara aurrekontuak ez direla “behar bestekoak”, eta “udalek konpromisoa erakutsi beharko lukete aurrekontuak gehitzeko”.
Eusko Jaurlaritzak ez du nahi herrietan euskara normalizatzeko proiektu hau “urtebetekoa izatea, baizik eta bizpahiru urtekoa”. Kontseilua ere ari da herrietako bere plangintzarekin
—Azpeitia hautatu egin zuen bere garaian, baina Udalak gero Eusko Jaurlaritzakoari heldu zion— eta “oso emaitza onak” izan ditu orain arte.
|