Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Aurrera ekarrita »  Gertutik

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita : Gertutik

Euskaltzain oso 1995etik

Patxi Goenaga Mendizabal Azpeitian jaio zen, 1948an. Hamar urte zituela Xabierrera, jesuiten ikastetxera, joan zen ikastera. Han egin zuen batxilergoa seigarrena arte. Hamazazpi urterekin Lagundian sartu zen. Pare bat urte egin zituen nobiziaduan Loiolan, gero urtebete Salamancan eta azkenean Bilbon. Hogeita zortzi urte zituela, ordea, uztea erabaki zuen.

Filosofia eta Letretan (Filologia Erromanikoa espezialitatean) lortu zuen lizentziatura Deustuko Unibertsitatean 1974an, eta Euskal Filologian doktore gradua Euskal Herriko Unibertsitatean 1984an, Koldo Mitxelenak zuzendu Euskal sintaxia: konplementazioa eta nominalizazioa tesiarekin.

EUTGn aritu zen irakasle eta zuzendari, 1976tik 1980 arte, eta 1980an Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatean hasi zen lanean —Koldo Mitxelenak deituta, hain zuzen ere—. Fakultate honetako dekanordea izan zen 1986an eta ondoren dekano izendatu zuten, 1986tik 1990 arte. Katedra irabazi zuen 1991n. Arabako kanpuseko errektoreorde ere izan da (1991-1995) eta EHUko Euskal Filologia sailburu, 1999an.

Euskaltzaindian.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1979ko abenduaren 20an eta euskaltzain oso 1995ko urtarrilaren 27an, Antonio Maria Labaien zenaren ordez. Adolfo Arejitarekin eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin lehiatu zen Goenaga, Txillarde-giren hautagaitza azken unean erretiratu egin bazuten ere. Goenagaren hautagaitza Patxi Altunak, Miren Azkaratek, Juan Mari Lekuonak eta Beñat Oihartzabalek proposatu zuten, eta hamalau boto jaso zituen, eta bost Arejitak; boz haiez gain, hiru boto zuri egon ziren. Sarrera hitzaldia Gasteizen egin zuen, 1995ko azaroaren 24an, Euskararen batasunaz eta duintasunaz gaiari buruz. Euskaltzaindiko idazkaria da 1996az geroztik. Gramatika batzordeko kide da hasieratik beretik.

Sariak eta diru laguntzak.

  • Ikertzaileei laguntzeko Eusko Jaurlaritzak 1981-82 ikasturtean emandako beka. Hurrengo urtean ere berritua.
  • 1985ean Arabako Aurrezki Kutxaren diru laguntza Euskal sintaxia: gobernu eta uztardura izeneko talde proiekturako.
  • 1979an Bilboko Galería del Libro dendak emandako Zilarrezko Lauburua, Gramatika Bideetan liburuaren salmentagatik.
  • Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak Resurrección María Azkue saria eman zion, ikerketa tesiagatik (1984).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak