Aurrera ekarrita
: Patxi Goenaga
Sortzen diren galderak
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Patxi Goenagaren kargu berri posiblea dela eta, galdera batzuk sortzen dira. Honatx itaunak, eta erantzun batzuk ere bai.
Ona al da goenaga izatea sailburuorde?
Patxi Goenagak hartzen badu Hizkuntza Politikako sailburuorde kargua, azpeitiarrontzat ona izango da, norberak bere herriko kontuak gertuago segitzen dituelako Patxi Gasteizen bizi den arren eta herritarrei karguduna gertuago egiten zaiolako.
Ona al da politikan ibili ez izana?
Patxi Goenaga orain arte ez da sekula politika munduan zuzenean sartuta egon. Unibertsitatean eta Euskaltzaindian ibili da batik bat, eta, beraz, ona da politikoek duten birus hori gabe egotea.
Sinadura = konpromisoa al da?
Azpeitiko Udalak herriko 657 gizarte eragileren sinadura lortu du. Baina sinadura hauek konpromiso direla esan nahi al dute? Gizarte eragileek, oraingoz, sinadura besterik ez dute bota. Kontseilua bere plana garatzen ari den herrietan, aldiz, sinatzaileek konpromiso garbia ere hartzen dute hasiera-hasieratik.
Euskalgintza gabe egin al daiteke zerbait?
Azpeitiko Udalak orain arte ez du Baite Euskara Elkartea kontuan hartu, ez abenduaren 2ko kanpaina antolatzeko, ez plan nagusiaren aurrediseinua egiteko. Baitek plangintzan zuzen-zuzenean parte hartzeko proposamena egin dio Udalari. Izan ere, zeinek pentsatzen du euskararen normalizazioa lortzeko euskalgintza gabe zerbait eraginkorra egin daitekeela?
Azpeitiarrak prest al daude?
Prest al gaude azpeitiarrok herrian behingoz euskararen alde gogor eta egunero lan egiteko? Orain arteko pasibitatea ikusita, zeinek du garbi?
|