|
|
|
Erreportaia: Soldaduzka
: Xanti Uranga
“Lana aitzakia hartuta ateratzen ginen kalera zerbait afaltzera”
“Donostian egin nuen soldadutza; 1963an joan nintzen, hogei hilabeterako. Zazpi duro kobratzen genituen hilabetean. Hilabete batean nire fusilaren pasadorea harrapatu zidaten, eta hogei pezeta kendu zizkidaten. Orduan neronek beste bati harrapatu behar izan nion. Han baserriko lanak egiten aritu nintzen Loiolako koartelean, hamar batek jarduten genuen. Nik batez ere oiloekin jardun nuen, jaten eman, garbitu eta horrelako lanetan. Hamabostean behin asteburua jai izaten genuen. Gero, mandoa eta gurdiarekin Donostian esnea banatzen ibiltzen ginen. Izugarrizko abiaduran ibiltzen zen mando hura, kaleetan autoen artean, semaforoei ere atzematen zion gorria zegoenean geldituz. Militarren etxeetara banatzen genuen esnea. Koartelaren goialdean bazen militarren baserri bat, bi soldadu zeuden han lanean eta arratsaldetan hara igotzen ginen lanera. Iluntzean ateratzeko aitzakia ere izaten zen batzuetan goiko lanarena. Nonbaiten afaltzeko asmotan baginen, aitzurra hartzen genuen eskuan eta zaintzaileari irteeran, goiko baserrira laguntzera gindoazela esaten genion. Eta halaxe ateratzen ginen. Gero ondoko Bar Americanon utzi aitzurra gordeta eta geu zerbait afaltzera. Bueltan, atzera aitzurra jaso eta kuartelera sartu ginen”.
|