Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Soldaduzka »  Lorenzo Aranburu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia: Soldaduzka : Lorenzo Aranburu

“Getarian Golindo baserrian egon nintzen ‘rebajauta’”

Lorenzo Aranburu
Lorenzo Aranburu.   

“Donostiara joan nintzen, han bandera jurau eta handik Oriora oinez, hankak denak txikituta, botak bai uno zinkuenta baino luzeago... Orio gainean puxka batean egon nintzen. Karrero ibilitakoa nintzen Amun, eta han ere karrero ibili nintzen. Mandoarekin eta karroarekin, enkarguak egin, barazkiak ekarri eta horrelakoak. Bolondresak eskatu zituztenean izena eman nuen, eta Getariara joatea suertatu zitzaidan. Hurrengo egunean munizioak eta kajak hartu, bi mando ere bai, eta Getariara joan nintzen. Batzuk Askisura joan ziren, eta beste batzuk herrian gelditu ginen. Eta Zumaiatik Getariara bitarteko ondartza gainean egon ginen kanpin dendan; han bi edo hiru hilabete egin nituen. Getarian Golindo baserrian egon nintzen rebajauta. Alferezak txerri txiki bat ekarri zuen, eta garoa bilatzeko agindu zidan. Bilatu nuen baserri batean, eta lagun egin nituen baserrikoak. Behin lagun eginda, garia ebakitzera-eta igotzen nintzen baserrira; nere ordezko bat jarri zuen alferezak eta, baserri hartan lan egiteko modua eman zidan niri. Oso famili jatorra zen. Bi etxebizitzako baserria zen; etxeko jaunaren koinatua bizi zen bestean. Txakurra eta katua bezala konpontzen ziren. Behin haserretu egin ziren –nik lan egiten nuen etxeko gizonak, pistola bat zeukan–. Oikinan ziren festak eta handik etxeratu ginenean, atorra mahai gainean odolduta zegoen; zerbait pasatu zelako susmoa hartu nuen. Etxekoandreak kontatu zidan dena. Hurrengo egunean, behiak jetzi nituen, eta joan nintzen goldara. Eta han ikusten dut agoazila; banuen kezka, pistola bilatu zutela-eta. Zuzenean niregana etorri eta galdetu zidan: ‘zu al zara Azpeiti txikiye, hemen soldadu dagoena?’. Hurrengo egunean epaitegira azaltzeko agindu zidan. Halaxe joan nintzen. Etxeko gizonari buruz galdetu zidaten, eta nik galdetutakoari erantzun nion. Hurrengo egunerako ordua ere jarri zidaten epaitegian, eta orduan alferezarekin hitz egitea erabaki nuen. Hala, gehiago epaitegira azaldu beharrik ez nuen izan”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak