Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 23,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Soldaduzka »  Intsumisioa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Soldaduzka

Intsumisioak arrastoa utzi du Azpeitian

Orain dela bost urte Azpeitiko udaletxean zintzilikatu ziren gazte batzuk. Ordukoa da argazkia
Orain dela bost urte Azpeitiko udaletxean zintzilikatu ziren gazte batzuk. Ordukoa da argazkia.   

Duela hogei, hamabost edota hamar urte soldadutzara joan ez zen herritarra arraroa bazen, azken urteotan joan dena da arraroa. Intsumisioaren mugimendua indarra hartzen joan den heinean, Espainiako Armadara joateari uko egin dien gazteak gehitzen joan dira. Azken urteotan ez da azpeitiar gazterik joan soldadutzara, Azpeitiko Udalak emandako datuen arabera. Soldadutzara joateari uko egitearen arrazoiak ugariak izan dira gazteen artean; hala nola, politikoak, ideologikoak, sozialak, historikoak edota giza arrazoiak.

Azpeitian soldadutzaren aurrean intsumiso egin zen aurreneko Roman Urrestilla da; 1990ean egin zen intsumiso eta 1993an izan zuen epaiketa; bederatzi gipuzkoar epaitu zituzten egun hartan, intsumisioagatik denak. “Espainiako Armadari uko egitea erabaki genuen –kontatzen du Romanek–. Bederatzi lagun ginen, eta ni bakarrik azpeitiarra, besteak Donostialdekoak-eta ziren. Epaiketa egunean bederatziok ez deklaratzea erabaki genuen, eta halaxe egin genuen”. Bilatu eta atxilotzeko agindupean izan ziren denbora batean, baina Romanen atxilotzeko agindua galdu egin zen Azpeitiko epaitegian. “Garai hartan ekintza mordoska egin genituen Donostia aldean; erabakita genuen norbait kartzelaratzen bazuten denak sartzea. Espainiako Gobernu militarrean-eta kateatu ginen. Baina orduan Ertzaintzak ez gintuen atxilotu nahi izan. Eta halaxe, hirugarren gradua eman ziguten. Baina nire aginduaren paperak Azpeitiko Epaitegian galduta gelditu ziren”.

Urte gutxira, Azkoitiko eta Azpeitiko Antimilitarista Taldeek elkarlanean makina bat lan egin zuen arlo horretan. Intsumisioa aldarrikatuz, eta udalek beraiek intsumisioaren alde lan egin zezaten, “ordu artean bezala Espainiako Armadarekin-bat lan egin beharrean”, Antimilitarista Taldeak esaten duen bezala.

1997-KO MOZIOA

1997an bost puntuko mozio bat sartu zuen Azpeitiko Udalean taldeak: “Udalean Zigor Kode berriko inhabilitazioak praktikan ez jartzea; herri desmilitarizatuaren alde lan egitea; soldadutzaren ordezko zerbitzua egiteko objetoreak ez hartzea; soldadutzarako erreklutamenduetan parte ez hartzea; eta intsumisoei elkartasuna adieraztea (orduan Martutenen Xabier Etxeberria intsumiso azkoitiarra preso zegoen)”. Mozioak ez zuen ez aurrera ez atzera egin. Baina beranduago Udalak intsumiso eta objetoreei abokatu zerbitzua doan jartzea erabaki zuen.

Urteek aurrera egin ahala, intsumisio kasuak gehitzen joan dira Azpeitian, eta intsumisioaren aldeko aldarrikapenak ere bai. Mugimendu horretan ibilitako azpeitiar batek gogoratzen duenez, “atxilotuak izan ziren, epaituak ere bai; Xabier Etxeberria intsumiso azkoitiarra ere kartzelan zegoen. Azken batean, mugimendu bat zen, jende bat biltzen zen horretarako, baina batez ere Azpeitian mobida pertsonala zen, nire iritziz behintzat”.

EKINTZA ASKO

Egin ziren ekintzen artean era askotarikoak zeuden; udaletxean kateatzea, Loiolan hankak porlanez betetako ontzietan sartuta bidea moztea eta beste ekintza batzuk. “Udaletxean zintzilikatzearena gazte batzuen kontua izan zen; epaiketara ez azaltzeagatik bilatzeko eta atxilotzeko agindupean geunden, ez genuelako nahi ez Espainiako Justiziarekin edota Armada-rekin parte hartu nahi. Udaletxera kateatu ginenean, Azpeitiko alkateak gu handik jaitsi eta atxilotzeko agindu zuen. Ertzaintzaren koartelera eraman gintuzten eta hurrengo egunean Donostiara epaitegira, baina ez genuen deklaratu».

Horra bada intsumisioaren Azpeitiko arrastoak.

DATUA

Azken hiru urteak. Derrigorrezko soldadutzaren azken hiru urteotan (1999., 2000. eta 2001. urteetan) ez da azpeitiar gazterik joan Espainiako Armadara, Azpeitiko Udalaren datuen arabera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak