Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2002 »  Urtarrila »  Dantza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erreportaia : Dantza

Euskal dantza gurean

Nerea Aranburu

Itsasi eta Sahatsa dantza taldeek beren sorreraren 25. urteurrena bete dute. Itsasik aurten ditu ospakizun handienak; Sahatsak egin berri ditu. Sasoi onean daude biak.

 

Sahatsa eta Itsasi dantza taldeak ospakizunetan murgildurik aurkitzen dira, aurten bete baitira 25 urte sortu zirela. Denbora asko igaro da hasiera haietatik, eta zenbait gauza aldatuz joan dira; esate baterako, dantzak. Itsasi taldearen arduradun nagusienetako Xabier Bidezabalen hitzetan, “hasiera-hasieratik taldea euskal kulturaren alor garrantzitsu bat izan da, eta gu, urteak aurrera doazen heinean, bere osoan mantentzen saiatu gara”. Hala ere, hori lortzea oso zaila izan dela dio hark, “ia ezinezkoa baita gaur egun dantzak lehen ziren bezala gordetzea. Irakasle bakoitzak gauzak aldatu egiten ditu, eta, horrela, orain dantzatzen diren zenbait dantza oso desberdinak dira lehenengo urte haiekin alderatzen baditugu”.

Sahatsa taldeko arduraduna ere, Juan Luis Lizabe, ados dago aldaketak egon direla esaterakoan: “Nire ustez, egon diren aldaketak handiak izan dira, eta adibide bat jartzerakoan motibazioarena esango nuke”. Haren esanetan, garai hartako motibazioa abertzaletasunean eta politikan oinarriturik zegoen. Hori horrela izanik, jendeak euskal dantzak ikasteko orain baino askoz ere “motibazio handiagoa” zeukan.

EGITURAN ALDAKETAK.

Talde barneko egiturak ere zenbait aldaketa sufritu dituela diote bi taldeetako arduradunek. Itsasiko Bidezabalen esanetan, “lehen taldea pertsona baten eskutan zegoen, bera arduratzen zen gauza guztiez”. Baina, urteek aurrera egin ahala, beste formula bat jarri dute martxan: “Gaur egun taldeko partaide ezberdinez osatutako mahai bat dago. Mahai horretan hartzen dira erabaki guztiak”. Orain arte modu horrekin oso ondo funtzionatu du taldeak, eta aurrera begira ez omen dute aldaketak egiteko asmorik. Sahatsa Dantza Taldean ere antzeko zerbait gertatzen da, hala dio Lizabek: “Taldearen buru bezala zuzendari bat dago. Horren ondoren zuzendaritza batzordea eta batzar bat daude. Batzar horretan, hain zuzen, hartzen ditugu taldeko erabaki guztiak”.

Baina, Itsasiko Xabier Bidezabalek dio “garai honetako aldaketa edo aurrerapen garrantzitsuena teknologiarena” dela. Interneta eta komunikazio bideak asko zabaldu dira azken urte hauetan; horri esker, taldearen izena ere munduan zehar hedatuz joan da.

TALDEAK INDARTUZ.

Itsasi eta Sahatsa Dantza Taldeak urteekin osatzen eta indartzen joan dira; momentu hauetan bi dantza talde sendo bihurtu dira. Itsasi Euskal Kultur Taldea dantzari, ttuntturro eta musikariek osatzen dute. Alde batetik, helduen taldean 24 neska eta 16 mutil daude; txikien dantza eskolan, berriz, 140 umek dihardute euskal dantzak ikasten. Dantzariez gain, musikariak daude: 14-15en bat guztira.

Sahatsa Dantza Taldea azpeitiarrek (%60) eta azkoitiarrek (%40) osatzen dute. “Normalean erdi eta erdi ibili izan dira. Urte batzuetan azpeitiar gehiago egon dira, eta beste batzuetan alderantziz”. Gaur egun, Azpeititik jende gehiago joaten dela dio bertako arduradunak, Lizabek. Sahatsa, dantzari eta musikoak kontuan hartuta, 70 lagunek osatzen dute.

Bi dantza taldeek, Itsasik eta Sahatsak, atzerrian ere ezagunak izatea lortu dute, urteetan egindako lanagatik. Itsasi taldea lehen aldiz 1985. urtean irten zen atzerrira: Valladolidera (Espainia). “Harrezkero, ia urtero izan dugu kanpora joateko aukera, nahiz eta pare bat urtetan ezin izan dugun joan”. Pasa berri den udan Siziliako (Italia) jaialdian parte hartzeko aukera izan zuten. Urte horietan denetan hainbat herrialdetan izan dituzte emanaldiak; besteak beste, Ingalaterran, Holandan, Frantzian, Belgikan, Bielorrusian eta abar. Sahatsa taldeak ere han eta hemengo jaialdietan parte hartu izan du. 1987an atera ziren lehenengo aldiz, Zaragozara (Espainia), han egiten zen jaialdi batean dantza egiteko. Handik aurrera, urtero joan dira norabaitera: Madril, Castello, Suitza, Grezia...

Hogeita bost urte hauen balantzea egiteko orduan, bi taldeetako arduradunak bat datoz: balantzea oso ona dela diote biek. Nahiz eta hasierak beti gogorrak izan, merezi izan duela diote. Itsasi eta Sahatsa momentu onean daude eta oso pozik aurkitzen dira Bidezabal eta Lizabe. “Hemendik aurrera ere horrela izatea espero dugu”, diote biek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak