|
|
|
Erreportaia: Dantza
: Ondorengoei euskal dantzak erakusteko sortu zen Itsasi
Oargiri lekukoa hartuz une zailetan
|
|
Itsasi taldearen lehendabiziko jendaurreko emanaldi bat.
|
|
Azpeitiko Itsasi dantza taldea 1976. urteko udazkenean sortu zen, urri aldera hain zuzen. Urte batzuk lehenago bazen herrian beste dantza talde bat, Oargi izenekoa. Oargiko partaideen arteko harremanak okertzen hasi ziren eta berehala jabetu ziren zerbait egin beharra zegoela. Beraz, irtenbidea bilatzeari ekin zioten.
Pena eta samindura harekin, partaide batzuk (Mikel Larraņaga eta Begoņa Aizpuru) beren seme-alabei eta hauen inguruko lagunei dantzak erakusten hasi ziren. Orduan sortu zen Itsasi. Hala ere, ez ziren urte onak izan Itsasirentzat lehendabiziko haiek. Frankismoaren ondorengo urteak bizi izan zituen taldeak. Baina une aproposa zela pentsatu zuten gustatzen zitzaien hura aurrera eramateko. Hasierako helburu nagusia, zekiten guztia beraien ondorengoei erakustea zen, hainbat urtean ikasitako euskal dantzak ez galtzeko, eta ahal zen moduan gizartean bizirik mantentzeko. Lehendabiziko urteetan jendeak oso ondo erantzun zuen. Horren argibide da honoko datua: hasieran talde finko bat zegoen, hamar lagunek osatua. Baina hirugarren urtean 30-40 lagun zeuden jadanik taldean. Gazte askok dantzak ikasteko gogoa zuten, eta dantza eskola jarri zen martxan. Lehenengo urteetan, arduradunek beraiek Oargin ikasitakoak erakusten zizkieten. Baina, denbora igaro ahala, zerbait berria ikasteko gogoa sortu zitzaien. Horrela, zenbait jenderen laguntzaz beste herrietako dantzak eta ohiturak ezagutzeko aukera izan zuten.
KARASUSAREN LOKALEAN
Lokal aldetik ere arazo ugari izan zituen taldeak. Lehendabiziko urteetan, Karasusak utzitako tailer zahar bat erabiltzen zuten entseatzeko; argia eta dena berak ordaintzen zituen. Gero Udalak hartu zuen bere esku argiaren eta uraren ordainketa. Hala ere, lokal hura ez zela aproposena-eta, beste bat eskatu zioten Udalari. Hamabi urteren ondoren, Udalak beste lokal bat utzi zion taldeari. Utzitako lekua zaharkitua zegoen, eta egokitzeari ekin zioten. Diru askorik ez zutenez, bakoitzak ahal zuen bezala materiala lortu (gurasoek lana egiten zuten tailerretatik egurra eta oholak hartuz...), eta era horretan lokala txukun samar jarri zuten.
Itsasi dantza taldearen jendaurreko lehenengo emanaldia sortu eta urtebetera izan zen, 1977an, herrian, Loiola auzoan. Harrezkero, ezin konta ahala emanaldi egin ditu.
|