Erreportaia: Dantza
: Juan Luis Lizabe (Sahatsa-ko arduraduna)
«Hasierako garai haietan honelako gauzetarako gaur egun baino kontzientzia handiagoa zegoen»
Sahatsa dantza taldea 1976. urtean sortu zen, Urrestillan. Sorreraren eta geroko kontuen inguruan hitz egin dugu taldearen arduradunarekin: Juan Luis Lizaberekin.
Nolatan dantza talde bat sortzeko ideia?
Urrestillako jendearen ideia izan zen. Bertako gazteek kultur talde bat sortzeko gogo handia zuten. Eta dantza arloan hutsune zabala ikusten zutenez, dantzak ikasten hasi ziren. Hori 1976aren erdialdean izan zen.
Garai zailak zirenez, oztoporik izan al zenuten taldea sortzeko orduan?
Ez. Jakina denez, diktadura amaierako urteak ziren haiek, eta jendeak oso sentimendu abertzalea bizi zuen. Sentimendu hori azaltzeko modua euskal kulturaren barnean zeuden hainbat gauzez baliatzea zen; adibidez, euskal dantzak ikasiz.
Jendearen aldetik nolako erantzuna izan zenuten?
Oso ona. Jendea berehala hasi zen interesa erakusten, eta segituan osatu zen taldetxoa.
Zenbat pertsonak osatzen zen sasoi hartan Sahatsa taldea?
Hasiera batean jende gutxiri erakusten zieten dantzan. Taldea hamar mutilek eta dozenaren bat neskek osatzen zuten; baina, denbora gutxian, Azpeititik eta Azkoititik jendeak interes handia erakutsi zuen. Beraz, lehen urte haietako talde txiki hura handi bihurtzea posible zela ikusi zuten, eta hortik taldea sortzeko ideia.
Non entseatzen zenuten?
Hasieran Urrestillako plazan. Eguraldi txarra egiten bazuen, orduan eliza azpira joaten ginen. Eliza gaineko lokal txiki bat ere erabiltzen genuen, baina materiala eta arropak gordetzeko.
Sorreran zein zen helburu nagusiena?
Ez dakit garbi, baina entzun dudanaren arabera, garai hartan euskal dantzen barruan zegoen hutsunea betetzea zen helburua. Behin taldea osatzeko aukera ikusi zenean, hurrengo helburua taldea euskal dantzen erakusle bihurtzea izan zen. Orduan gaur egun baino kontzientzia handiagoa zegoen honelako gauzetarako.
|