Iosu Badiola
: Zaharra berri Elkarteko lehendakaria
'Gure helburua geure elkartea desagertzea da'
Nerea Uranga
Zaharra Berri, Azpeitiko Alde Zaharraren aldeko elkartea sortu berria da. Alde Zaharreko bizilagunak biltzen hasi ziren Alde Zaharraren biziberritzea bultzatu eta bizilagunen kezkak eta arazoak lantzeko. Iosu Badiola aukeratu berri dute elkarteko lehendakaria.
|
|
Josu Badiola.
(Nerea Uranga)
|
|
Zaharra Berri, Azpeitiko Alde Zaharraren Aldeko Elkartea ze helbururekin sortu zen?
Helburu nagusia Alde Zaharra biziberritu eta berpiztea da. Alde Zaha-rra nahiko hila dagoela uste dugu eta bizia eman nahi diogu. Berez herriko erdigunea izan beharko luke. Guri hori iruditzen zaigu. Horregatik, lehen Alde Zaharrak izan duen garrantzia edo indarra berreskuratu behar du. Alde zaharra berrituz alde earra da gure leloa.
Elkartea ezagutarazteko batzar irekiak ere egin zenituzten bizilagunen artean, ze harrera izan zuen elkarteak Alde Zaharreko bizilagunen artean?
Bizilagunen artean, elkartea sortzeko asmoa eta helburuak ezagutarazi nahi genituen, horretarako egin ziren batzar irekiak. Jendearen harrera ona izan zen, eta gainera jendearengan kezka eta interesa bazegoela ikusi genuen. Horrek animatu egin gintuen, eta herrira zabaltzea erabaki genu-en. Orduan ekin genion bazkide eta adiskide kanpainari.
Eta kanpainak nolako emaitza izan du?
Kanpaina era desberdinetara bideratu dugu, bai tabernetan kutxak jarriz, elkartearen izaera eta helburuen berri eta bazkide edo adiskide egiteko aukera emanaz. Gero, kanpainaren egun berezi bezala Santiyo eguna hartu genuen. Mahai bat jarri genuen kalean, eta bazkide eta adiskide gehien orduantxe bildu genituen. Gure helburua, Alde Zaharreko bizilagunen %10 elkarteko bazkide egitea zen. 1.800 lagun inguru bizi omen gara Alde Zaharrean, eta asmoak behintzat bete dira. Ia 200 bazkide lortu baititugu. Elkarteko adiskide, berriz, 400dik gora egin dira.
Orain elkartea legeztatzeko unean al zaudete?
Bazkide eta adiskideen kanpainan jaso dugun bultzada ikusita, elkartea eratu eta legeztatzeko bidean sartu ginen. Gero edozein eskaera egiteko edo laguntza lortzeko ate gehiago irekitzeko aukera ikusten baikenuen.
Elkartean lan taldeak osatu dituzue, ezta?
Hiru lan taldetan banatu gara elkarteko kideak: hirigintzan, gizartean eta kulturan. Hiru taldeen koodinazioa berriz, Ba-tzorde Nagusiaren lana da. Orain elkarteko kideak, bakoitza gure lan taldearekin biltzen gara; hala ere, hiru taldeak egun eta leku berdinean elkartzen gara, beste lekurik ez baitugu.
Lan taldeen helburu nagusiak zeintzuk dira?
Hirigintzakoak dagoeneko hasi dira lanean, arlo hori landu duten taldeekin harremanetan jarri dira: Kale Gorrianekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin. Helburu orokor batzuk jasota ditugu, baina zuzenean lantzen hasi aurretik, besteek zer lan eginda duten ikusi nahi dugu.
Gizarte arloan, pertsona helduen eta gazteen aisi-aldiarako aukerak aztertzen ari gara. Gero, adineko jendeari lotutako zenbait kezka ere azaldu dira elkartean.
Kultura arloan berriz, Alde Zaharra biziberritzea, animatzea da helburua. Ekintza batzuk antolatuz Alde Zaharrean, erakusketak, hitzaldiak, zinema irekia eta abar. Eta bestetik, kultur etxearen aldarrikapena egingo dugu, Basazal Alde Zaha-rrean baitago; guri arlo honetan argi bat piztu zaigu, hor baitago Uzta-rria Kultur Koordinadora, eta berekin ere kultur arloan lanean hasiak gara dagoeneko.
Lan arlo horiek abian jarrita gero zer?
Aurreko batean hala genioen elkartean, gure helburuak izan beharko lukeela gu desagertzea. Horrek esan nahiko lukeelako premiarik ez dagoela Alde Zaharrean ez kultur arloan, ez hirigintzan... eta dena ondo doala esan nahiko luke, eta helburua hori da, Alde Zaharra bizirik mantentzea. Gero lan-du beharreko beste arlo bat sortu daiteke, orain ikusten ez duguna, edo kontuan hartu ez duguna behintzat.
|