Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Abendua »  Iritziak »  Rock & Rolla Azpeitian

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Rock & Rolla Azpeitian azken urteetan

Aitor Bereziartua Atxuiya

Durangoko azoka gertu dela-eta nobedadeen artean Azpeitiko bi talde (Jotakie eta Karkaba) daudela esan zidan lagun batek, handik bost segundora azken hiru lau urtean 1.433. aldiz galdetu didaten galdera luzatzekotan edo. Honakoa: «Zergatik zegoen lehen Azpeitian talde bakarra (Jotakie) eta ezaguna, eta orain, hainbeste egon arren ez da bat bera ezaguna?». Bat-batean, azken urteotan 1.433 aldiz burura etorri tako leloaz gogoratu nintzen: «Ta nik ze letxe zakiat ba!».

Urduritu gabe, txistoa tragatu eta «Ejem..., pufff...» batzuk erantzun ostean eskaera bat luzatu zidan lagunak, Uztarrian herriko musika taldeen egoeraren zergatiari buruz iritzia ematea, alegia. Egia esan zurituta geratu nintzen. Hasierako zalantzak gaindituta, zer idatzi pentsatzen ari nintzela, behar bada 1.433. aldiz galdetutako horren zergatia azter nezakeela otu zitzaidan. Istorioa kokatzeko 1986ra joango naiz. 15 urte nituen eta Jotakie, Dirección Obligatoria, Leize, Os Gallardos edo Joxemays bezalako taldeak zeuden Azpeitia-Azkoitia-Zestoa inguruan. Kontzertuak maiz izaten ziren Gaztetxean, Azkoitiko profe-an edo Berdura Plazan. Azpeitian bazen irrati-libre bat (Kaka Flash) eta rock mundua aztoratuta zebilen, denak arrosa kolorekoa zirudien. Nahiz eta abesti batek Euskal Herrian Rock´n´Roll-ak dirurik ez zuela ematen esan.

Hiru urte geroago bi gertaera bitxi gertatu ziren: herrian musika talde berriak sortzen hasi ziren (Standa, Signaculum Virginitates, Zikupa, Uztauek) eta Jotakie-k musika egiteari laga zion, bere helmugetako batzuk ezin bete izanagatik (beste arrazoi batzuen artean, musikatik ezin bizi izatea, alegia). Honela, lau talde gazte geratu ginen Azpeitian, Udalak utzitako Urrestillako lokaletan entsaiatuz, oso egoera eskasean: itxurazko materialik ez genuen, lokala ez zegoen egokitua entsaiatzeko, eta, azkenik, gehienok ez genekien piperzorrik nola jo instrumentuak, ezta nola konpondu ere. Bat-batean, buruan izan ohi dugun Rock star system ideal hori Aizpurutxotik Lasao artean ez zela betetzen ohartu ginela (beharbada inkonszienteki) uste dut.

Hala ere, ilunpe hartan argi izpi txiki bat izan genuen, Kaka Flash Irratiaren proposamenak piztu zuen: Azpeiti-Azkoitiko talde berrien musikaz osatutako kasete edo maketa argitaratzeko prest zeuden, eta Jotakie-ko partaide ohiek grabatuko zuten. Ondorioz maketa xume bat atera zen urtebetera eta herritik kanpo ohiartzun handirik ez izan arren, Azpeiti-Azkoiti-Zestoako musikarioi ezagutzeko, elkarrekin lan egiteko eta Jotakie-koen eskuzabaltasunaz ohartzeko aukera eman zigun. Berriz ere inkonszienteki Rock’n’Roll-aren alde bero eta apala dastatu genuen, make yourself esaldi mitikoa Azpeitian egi bihurtu bait zen. Bat-batean helmuga berriak sortu ziren Urrestillako lokaletan; lokal egoki bat prestatzea, kontzertuetarako materiala denon artean erostea, bertako taldeen CD bat kaleratzea posible egitea...

Agian helburuok izateak eta Jotakie-ren esperientzia ezagutzeak, 92-98 urte artean, Azpeiti-Azkoitiko taldeek lokaletako azpiegiturak egokitzeari eta grabaketa estudio txikiak sortzeari ekin zioten buru-belarri. Herritik kanpo ere ateratzen ginen tartean kontzerturen bat jotzera, baina talde berri batean normala den haina ez behintzat. Baliteke autodefentsarako sortzen ari ginen gazteluko hormak ez zigutela urrunago joaten uzten, edo agian alper xamarrak ginen...

Orain, 2001 urte amaieran 30 urte ditut.Talde berrietako kideek erdi-dinosauru baten modura begiratzen naute, nik orain hamar urte Jotakie-koei bezala. Hala ere, ezberdintasun bat badela uste dut: gazte hauek dinosauru honekin lokal beraietan entsaiatu, gauzak ikasi eta esperientziak trukatzeko aukera dute (beraien gogo eta lotsagabetasuna era egokienean bideratu eta bihotzak inon ez harrapatzeko aukera hain zuzen). Hala ere, tartean behin Jotakie edo Dirección Obligatoria-ren abesti bat ipintzen diet eta inork ezagutzen ez dituenean Rock star system delakoan sinetsiko ote duten, inork arrakastarik izango ote duen, lortzeko zer egin beharko duten, zer irabazi eta galduko duten, istorio honek guztiak zerbaiterako balioko ote duen,... eta honelako inozokeriak pentsatzen ditut.

Gauza hauei denei bueltak ematean zahartzen hasi ote naizen ohartu naiz. Hala eta guztiz, gauza bat argi geratu zait: 1434. aldiz galdera bera entzutean, «ta nik ze letxe zakiat ba!», erantzungo dudala

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak