Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Abendua »  Joxe Lizaso eta Patxi Altuna »  Norberaren kategoria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskara

Norberaren kategoria, plazak, sermoiak, tragoa, bazkaria...

Enekoitz Esnaola

Patxi Altuna
Patxi Altuna.    (Enekoitz Esnaola)
Joxe Lizaso
Joxe Lizaso.    (Enekoitz Esnaola)

Bi dinosauru dira Patxi Altuna eta Joxe Lizaso; bakoitza bere arloan gaur egun aitzindarietakoak Euskal Herri mailan –Patxi euskararen munduan eta Joxe bertsolaritzarenean–, baina Joxek, nonbait, ez du uste Patxik adinako kategoria duenik. «Niri lotsa ematen dit nolabait Patxirekin konparatzeak; adibidez, Baite Euskara Elkarteak biok ohorezko bazkide egin gintuenean», dio Lizasok. Patxik segituan erantzun dio: «Joxe, mesedez, ez esan lotsa ematen dizunik». «Nik ez ditut Patxik dituen ikasketak; Orkazarreko baserriko eskola besterik ez». «Bakoitzari berea, Joxe». «Bueno –dio Lizasok–, lehengoan, Baiteren ekitaldiaren egunean, kalean bat hurbildu zitzaidan eta ‘Joxe, bazakiagu gizon azkarra dena Patxi, baina, hala ere, hik bertsotan pasatu duan adina herri ez zitian pasatuko hark sermoiak ematen’, esan zidan».

Loiolan bildu zituen Uztarriak ohorezko euskaldun hauek, Uranganean, eguerdian. Joxe heldu zen aurrena, eta han zen, mostradorean, puruarekin. «Zer behar duk, Patxi?». «Ez, ez, Joxe, gaurkoan nik ordainduko diat». Ez zion berehalakoan ordaintzen utzi Lizasok: «Nik ez badiat ordaintzen, niregatik esango ditek txarra naizena, eta hik ez baduk ordaintzen, higatik ez ditek esango halakorik». Bitterra hartu zuen jesuita euskaltzainak, ardo beltza bertsolariak; azken honek ordainduta jakina, ez ziolako ez Patxiri, ez beste inori utzi ordaintzen.

Ordu eta erdi inguru egon ginen solasean. Hika eginez agurtu baziren ere, gero zuka hitz egin zioten elkarri, errespetuagatik edo. Solasaldian Joxek purua dena erre zuen, eta ez zuen presa handirik etxera joateko. Bazegoen gaia gehiago jarduteko, baina Patxik joan beharra zuen: «Gurean [santutegian] bazkaltzera ordurako ez bazara iristen... Gaur dagoeneko bigarren mahairako heldu beharko naiz; alegia, bigarren txandarako»

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak