|
|
|
Euskara
: Joxe Lizaso eta Patxi Altuna, euskararen aldeko langile historikoak
Ohorezko euskaldunak
Enekoitz Esnaola
|
|
Joxe Lizaso eta Patxi Altuna, Loiolan.
(Enekoitz Esnaola)
|
|
|
|
Patxi Altuna eta Joxe Lizaso.
(Enekoitz Esnaola)
|
|
Biak urte berean jaiotakoak dira –1927an–, biak azpeitiarrak dira, biak Enparan kalekoak, eta biak euskaldun handiak, ohorezko euskaldunak; Joxe Lizaso eta Patxi Altuna dira biak, hain zuzen ere.
Azpeitiarrak izanik, normala den bezala euskaldunak dira betidanik –hots, euskararen jabeak–, eta hitz egin ere hala hitz egin dute txikitatik –«Urretxutik izebak-eta etortzen zirenean erdarara irrist egiten bagenuen ere gurean», dio Altunak–. Bakoitzak arlo desberdina jorratu izan du eta jorratzen du oraindik ere: Patxik euskaltzain bezala egin ditu bere lanik garrantzitsuenetakoak eta Joxek bertsolari gisa. Biek euskara izan dute lanabes, aspalditik eduki ere.
Antzeko adinean hasi ziren euskararekin lanean. Patxik jesuita izateko bideari ekin zion oso gaztetatik, eta hemeretzi urterako, nobizio zenean, doktrina klaseak ematen zituen: «Panaderi-berriko gainean, Aita Laskibar Kongregazioko buru zela, jolasteko biltzen ginen, gauez, eta gogoa etorri zitzaidan ikastera joateko, eta hala, 1939an, hamabi urterekin, Javierrera kolegiora joan nintzen. Oso giro erdalduna zegoen han, Espainiako Gerra Zibila bukatu berria zegoen eta Nafarroa garai hartan zen… Baina han joan nintzen, batxilerrik egin gabe, bokazioz. Gero Loiolako santutegira, hemeretzi urterekin, nobizio. Eta doktrina erakustera joaten ginen Urrestillara, Oñatzera, Errezilera… Euskara ez zen ongi ikusia agintarien aldetik, eskolan euskaraz hitz egitea galarazita zegoen, baina inork ez zuen jakin guk nola erakusten genuen doktrina; euskaraz, alegia». Jesuitek «kalearekin harremanik ez» edukitzeak «mesede» egin zien alde horretatik, «bestela agintariek erdara aterako zuketelako».
Patxi Altunak 1953an Filosofia ikasketak bukatu zituen Oñan (Burgos, Espai-nia), eta 1956an euskarari buruzko bere lehen artikulua idatzi zuen, Euskera I. aldizkarian. 1965ean Euskaltzaindiko euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1980an euskaltzain oso, Jose Mari Lojendioren aulkia betetzeko.
Joxe Lizaso ere etxetik kanpo zaletu zen bereaz, bertsolaritzaz. «Askotan esan izan dut eta berriro esango dut: nik jaio nintzen lekuan –Enparan kalean– hazteko zortea izango banu, ni ez nintzateke bertsolaria izango seguru-seguru, etxean eta kalean ez zegoelako bertso girorik; herrian ez zen saiorik antolatzen, 1936an, nik bederatzi urte nituela, Euskal Herriko Txapelketako saio bat Azpeitian jokatu bazen ere, Azoka Plazan. Orduan bertsolaritza ez zen, gainera, hain maitea ere. Zeozer zekiena arlotetzat jotzen zen; Txirrita adibidez, Euskal Herrian izan den bertsolaririk famatuena izan arren. Ber-solaria ez zegoen ondo ikusita, hortaz».
Lizaso txikitan amaren baserrira –Sa-berrira– eraman zuten, eta hantxe eduki zuen bertsolaritzarekin lehen harreman zuzena. «Orduan bertso paper txukun batzuk banatzen ziren, eta izeba zenak-eta leitzen zituzten, baina leitzen ikasi aurretik hasi zitzaidan niri bertsoa gustatzen, eta gehien gustatzen zitzaizkidanak Markesaren alabaren bertsoak; izeba zenari zenbat aldiz kantatu ote nizkion... Gauetan abesten genituen. Orduan ez zegoen telebistarik eta ez ezer, eta neguko iluntze luze haietan denbora nola-hala pasatu behar izaten zen eta... Doinu aldetik eta argudio aldetik gustatu egiten zitzaizkidan orduan Markesaren alabarenak; orain, berriz, begiratzen diozu argudioari eta ez diet balore handirik ematen, erdarazko hitzak ditu gehienak, eta, adibidez, txapelketa batean kantatuz gero, maila baxuan geratuko lirateke».
Keixetak «ziritokiko zirriztu» eta Azkoitiko euskara
Euskararekiko arreta handia izan dute biek, norberak bere arloan gero ahal den ondoen erabili eta garatu ahal izateko. Joxe Lizasok 56 urte daramatza plazaz plaza bertsotan, eta, beraz, Euskal He-rriko txoko asko eta askotako hizkerak ezagutzen edo entzun ditu. «Gehien gozatu» Errezilgoarekin egin du. «Baina ojo!, Aizarnakoarekin ere bai. Kanpoko jende gutxi joan izan da herri horietara eta horregatik egongo dira seguruenez erdarak ia kutsatu gabe».
Errezilen bazen gizonezko bat Joxeren ustez oso ondo hitz egiten zuena euskaraz, eta haren solasa entzutea gustatzen zitzaion. «Keixeta zen gizon hura, eta behin, artean ezkongabea nintzela, igande batean Bidanian andregaia utzi eta etxerako bueltan Errezilen taberna batean geratu nintzen. Izan ere, tabernan mahaiaren bueltan bi edo hiru gizon bazeuden berriketan, gozatu egiten nuen haiek entzuten. Orduan behintzat, Keixeta hura ere afaltzen tokatu zen, eta hango batek esan zidan: ‘Keixetak izugarri gaizki hartzen dik baten batek alu(b)a esatea, eta nola-hala esaiok solasaldi batean hitz hori eta segituan hartuko dik kargu eta botako dik egundoko disparateren bat’. Halaxe, hurbildu nintzen harengana, hasi nintzen hizketan eta esan nuen batzuetan aluba delakoa, nahiz eta nik artean ez nekien zer esan nahi zuen alubak. Keixetak niri: ‘Ez zakiat nongoa haizen, baina ez daukak ahoalde ederra! Oso barregarri ari haiz!’. Nik: ‘Gizona, nahiago nuke aluba zer den baneki, honezkero jakin nahi nuke zenbat bider esan dudan edo zenbat hizpidetan’. Eta Keixetak, serio-serio, hatz bat altxatuz: ‘Zeozer dakigunok ez dakienari erakustera behartuta gaudek. Aluba duk emakumearen ziritokiko zirriztu!’ [Patxi Altuna harritu egin da Joxeren azalpenarekin, eta, barre algaratan, haren azalpena moztuz: «Hori da definizioa, eh, Joxe!», esan dio]. Handik bi egunera, San Jose egunean, Basarri eta biok Markinara joan ginen, Zumarragan saioa egin ondoren, eta Markinatik gero gurekin etorri zen autoan Aita Agirretxe errezildarra, eta hark niri: ‘Aspaldian Errezil aldean-eta izan al zara, Joxe?’. Eta nik baietz, Keixetarekin afaldu nuela igandean. ‘Orduan badugu kontu politen bat, ateraldi politak baditu-eta’. ‘Nahiago nuke frailea ez bazina’, esan nion, aluarena kontatzen ez nintzelako ausartzen, orduan bazelako tarte bat elizgizonen eta herritarron artean. Kontatu nion, ordea, eta haiek barreak egin zituena Aita Agirretxek! Pasadizo honekin zer esan nahi dut? Ba, erraza da: Keixetak ez zuen ikasketarik eta halakorik, baina niri gustatuko litzaidake hark beste zera hori diplomazi horrekin definitu zuen bezala definituko lukeen euskaldun bat topatzea; zaila litzateke gero!»
Patxi Altunak euskara ez ezik, frantsesa, espainola, alemana, latina, grekoa eta ingelesa ere badakizki, baina hizkuntza hauen artean ez dago euskara bezainbeste jorratu duenik. Ez da alferrik gero euskaltzaina, eta hizkeraren kalitateaz mintzo dela, gertuko konparazio bat jarri du: «Azkoitiko euskara Azpeitikoa baino aberatsagoa eta jatorragoa da. Azpeitian sekula esaten ez diren hitzak entzuten ditut Azkoitian. Fonologia, hitzak eta formak zaharragoak gordetzen dituzte azkoitiarrek, eta hiztegia ere bai, hitz gehiago erabiltzen dituztelako». Baina horrek ez du esan nahi, haren ustez, Azpeitian euskara txarra hitz egiten denik. «Gainera, gehienek euskaraz egiten dute, eta hori garrantzitsua da, bolada bat izan bazen ere herritar batzuek erdarara jotzen zutena, batik bat neskek, hala hitz eginda gehiago balira bezala».
Biak kartzelatik pasatuak
Frankismoaren garaian hazi eta hezitakoak dira Patxi Altuna eta Joxe Lizaso, eta beren arloetako lanak garai hartan burutu izan zituzten hein handi batean. Arazoak izan zituzten horregatik, biak kartzelatik pasatutakoak direlako.
Patxi, esaterako, Donostian euskaraz emandako sermoi batean zerbait esateagatik sartu zuten preso. «Franko hil baino urte eta erdi lehenago izan zen. Egun batzuk lehenago gazte mordoska bat harrapatu zuten, donostiarrak gehienak, haietako bat gero alkate izan zen Alkainen semea. Atxiloketa haiek izan eta gutxira, Donostian bertan, Garibai kaleko elizan, meza batean sermoiaren bukaeran bero-bero nengoen eta esan nuen: ‘Hortikan zaude Euskal Herriko seme gaixo’... ; mezako kantu baten zati bat da hori. Hurrengo egunean Polizia etorri zitzaidan bila EUTGko unibertsitatera, eraman egin ninduen, eta arratsaldean Madrilera, autoan. Kartzelan ziegan sartu ninduten, eta goizaldera esnarazi eta epailearen aurrera, galdera batzuk egin behar omen zizkidalako. ‘Usted ha hecho una apología de los presos’. Nik: ‘¿Yo de los presos?’; ezin nintzen akordatu zergatik zioen hori epaileak, eta halako batean jakin nuen ustez behintzat zein zen nire apologia. ‘¿Sabe usted cual ha sido la apología? He terminado el sermón recitando unos versos de un canto a la Virgen que es conocido en todo el País Vasco, y si decir seme gaixo es hacer apología...’, bota nion. Orduko marka hautsi nuen: 400.000 pezetako isuna jarri zidaten; orduan zen dirua!... Kartzelatik irten nahi banuen dirutza hura ordaindu beharko nuela zioten, baina nik esan nien ezin nuela, unibertsitatean urte guztian klaseak ematen ez nuelako horrenbeste diru irabazten, eta ezin nuela ordaindu eta nahiago nuela kartzelan hiru hilabete pasatzea. Eta hiru hilabete pasatu nituen, Madrilgo kartzela batean».
Joxe ere beste saio bategatik –bertso saioa, bere kasuan– sartu zuten behin kartzelan –beste bitan ere egona da, beste arrazoi batzuk tarteko–: «Amezketan saio batean Joxe Agirre eta biok ginen, San Bartolome egunean, eta beste bi gazte goierritar ere bai festetako beste saio batean; frankismo garaian zen, orain dela 30 bat urte edo. Bi gazte haiek, itxura denez, geroko Espainiako Erregeagatik eta honen emazte Sofiagatik aritu ziren, hau bahitu egingo zutela esanez eta berekin ohera joango zirela eta abar. Orduan Amezketan alkate zegoenak zer egingo eta parte eman, eta guardia zibilak nora etorriko eta gure etxera, ni bertsotan ibili nintzelako. Azillarko atari osoa guardia zibilez beteta zegoen iluntzean, eta Joxe Agirre ere atxilotu zuten, baina ez Joxe Agirre Oranda, baizik eta Azkoitira ezkonduta zegoen Joxe Agirre bat, izen-abizenak berberak zeuzkalako –Oranda handik bi egunera-edo eraman zuten–. Bi gazteak ere atxilotu zituzten. Eraman ninduten behintzat, eta nik nioen Orandak eta biok ez genuela horrelako gauzarik esan; hala ere, hura lata santua! Baina bi gotzainak eta dena mugituarazi genituen orduan, zaharra eta gaztea. Halako batean azpeitiar bat etorri zitzaidan atxilotuta nengoela, guardia zibilekin traturen bat izango zuen azpeitiar bat, eta ea zer pasatu zitzaidan, eta azaldu nion azaldu beharrekoa. Azpeitiar hura jardun zitzaion guardia zibil tenienteari ‘este es mas jatorra...’ esanez nigatik, eta teniente tripa handi hark: ‘Mira, cabrón, yo no sé lo que es jatorra, pero teneis que ser o unos buenísimos o unos cabrones indeseables’».
Joxe Lizaso-eta lau bat egunez egon ziren atxilotuta, eta manifestazio batek salbatu zituen. «Gure laugarren eguneko gauean, Pertur desagertu zela-eta manifestazioa zegoen Donostian, eta guardia zibil tenienteak esan zidan ziegetan 44 lagun kabitzen zirela, gehiago ez, eta gau hartan 44 atxilotu behar zituela. Beraz, Oranda eta biok libre utzi gintuzten, kristorenak entzunda hori bai, baina beste bi gazte goierritar haiek Ondarretako kartzelara eraman zituzten».
Patxi eta Joxe. Joxe eta Patxi. Bi hitzetan: ohorezko euskaldunak. Eta historia egiten ari diren euskaldun historikoak.
|