|
|
|
Urolako trena
Urolako trenbidean hainbat urtetan lanean jardundako azpeitiarrak
Joxe Mari Odriozola, Joxe Elizburu eta Jabier Larribak Urolako trenbidea barren-barrenetik ezagutu zuten, eta gogoan dute benetan Urola zaharra.
|
|
Elizburu, Odriozola eta Larriba, Urola Trenean lanean ibilitakoak.
|
|
Urolako trenbideko bide eta konponketen arduraduna izan zen Joxe Maria Odriozola. 43 urtean jardun zuen lanean bertan. Zumarragatik Zumaira artean makina bat konponketa egindakoa da, «orduan boladatan lan ugari» izaten zelako. «Haiek ibilerak ordukoak!», dio hark. «Oinez ibili behar izaten genuen askotan trenaren ibilera ikusi eta trenbidea konpontzeko. Zenbat aldiz egin ote dut Aizpurutxotik Zumarragara oinez trenbidetik. Tirafondo piloa sartutakoak gara, baita karril mordoxka aldatutakoak ere. Trenak gero gastu handia izaten du».
Jabier Larriba, tren geltokiko arduraduna izandakoa da. «Zumaiatik Zumarraga arteko ia geltoki guztietan egin dut lan geltokiko arduradun bezala. Zumarragan egin nituen urte gehien, bederatzi urte, eta gustura ere han jardun nuen». Trena itxi zenean, Eusko Trenbideko langile izatera pasatu zen eta han jardun zuen 1996. urtea arte, erretiroa hartu zuen arte. Geltokiko arduradunaren lana «erraza», baina «ardura handikoa» zela uste du: «Normalean lan sinplea da, baina okerra ere izan daiteke». Hala ere, Urolako bidean, hainbeste urteren buruan, ez zen istripu larririk gertatu, «Ondo bedeinkatutako trena zen gero».
Joxe Elizburu, administrari lanetan hasi zen 18 zituela Urolako trenbidean, gero biltegian ere aritu zen, eta Urolan lanean jardundako azken urtean zerbitzuetako arduraduna izan zen. «Gure lana paper artekoa zen. Gero biltegian jardun nuenean erosketak egin behar izaten genituen».
Trenaren garai oparoetako oroimenak dituzte hirurek, Zestoako eta Azkoitiko bainuetxera jendea trenez ibiltzen zenekoak. Baita udako igandetan bidaiarien trenak gainezka ibiltzen zirenekoak ere.
|