Urolako Trena
: Juanjo Olaizola (Tren Museoko zuzendaria)
«Orain bestelakoa izango zen erabakia trenaren inguruan»
Juanjo Olaizola, 23 urte zituela, Euskal Herriko burnibidearen ondarearen inbentarioa egiten hasi zen, Eusko Jaurlaritzako garraio sailak eskatuta. Orduan hasi zen trenbide eta trenaren inguruan lanean. Gaur egun, Azpeitiko Urolako trenaren geltoki zenean dagoen burnibidearen museoan ari da lanean.
Euskal Burnibidearen inguruko zenbait liburutan Urolako trenari buruz idatzi duzu eta Urolako trenari buruz aterako den liburuan ere parte hartu duzu. Zer berezitasun zituen Urolako trenak?
Euskal Herrian bakarretakoa zen Foru Aldundiak sustatuko zuena. Bestetik interesgarria da baita ere, elektra indarrarekin ibili zelako, 1.500 watiokin ibili zen lehena izan zen. Geltokien arkitektura ere berezia da. Madriletik Iruiñera geltoki denak berdi-berdinak egiten ziren. Urolako trenbidekoak Kortazarrek diseinatu zituen, eta denak desberdinak dira eta Euskal Herriko estiloan egindakoak. Trenbidea ere oso ondo egina zegoen.
Baina egin zenetik ez zen bertan ezer berritu, ez zen inbertsiorik egin.
-60. hamarkadan-eta ez zen batere inbertitu trenbideetan, Urolako trenean besteak beste. Orduan autoa ikusten zen etorkizuneko garraiobidea. 90. hamarkadan Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila burnibideak berritzen hasi zen, kontzietziatzen hasi zen.
Gaur egun erabakia bestelakoa izango zela uste al duzu?
Trenbidea oso ondo eginda egon arren, orduan ez zen negozio ona izan. Garai horretan garraio publikoaren garrantzia ez zen gaur egun bezala ikusten. Beste garai bat zen, krisi sakona zegoen, eta uste dut orain erabakia bestelakoa izango zela. Seguru nago gaur egun ez zela horrelako erabakia hartuko.
Trenak garraiobide bezala zer berezitasun ditu zure ustez?
Trena garraiobide seguruena da, ekologikoena eta ez dago ataskorik. Orain, esan beharra dut, lurrinezko lokomotoreak ez direla batere ekologikoak. Autoak abantailak baditu, baina alde txarrak ere bai, istripu ugari gertatzen baita.
|