Urolako trena
Urolako trenbideak 75 urte
Nerea Uranga
1926ko otsailaren 22an inauguratu zen Urolako trenbidea, eta Gipuzkoako trenbide sarea osatuta gelditu zen. 60 urte egin zituen martxan trenak; gero ordezko autobusak jarri ziren. Orain atzera
irekitzeko asmoa dago.
Urolako trenbideak aurten 75 urte bete ditu. 1926ko otsailaren 22an inauguratu zen, Manuel Alonso Zabala injeniariak zuzendu eta Foru Aldundiak sustatu eta kudeatuko zuen trenbidea.
1920ko urriaren 5ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, egitasmo berri bati ekin zitzaion: Zumarraga eta Zumaia arteko Urolako trenbidea egiteari. Garai hartan, Foru Aldundiko agintean bi azpeitiar zeuden –Julian Elorza eta Inazio Perez Arregi–, eta haiek gogor egin zuten Urolako Trena gauza zedin. Urolako trenbidea Gipuzkoan eta Trianokoa Bizkaian izan ziren diputazio batek bere kontura egindako eta ustiatutako trenbide bakarrak Euskal Herrian; orduko trenbide gehienak enpresa pribatuen kapitalarekin egindakoak ziren.
Trenbide berezia
Urolako bailara zen garai hartan trenbiderik ez zuen bakarra Gipuzkoan. Urolako trenbidea egin zenean –1926. urtean–, Gipuzkoako trenbide sarea bukatuta gelditu zen.
Trenbideari izena emango zion Urolako ibaiaren bidea egiten zuen, zubien bidez batetik bestera zeharkatuz ibilbide osoan. Metro zabaleko trenbidea zen eta beste guztien artean berezia izateko ezaugarriak zituen Juanjo Olaizola, Euskal Burnibidearen Museoko zuzendariak Burnibideetan zehar liburuan dioenez: «Trazadura bikaina du, eta egindako injeniari lanak eta bidean dituen geltokien arkitektura apartekoak tren berezia egiten dute».
Urolaldean, hainbeste kostatako trenbidearen inaugurazio eguna, ez zen nolanahikoa izan. Alfonso XIII.a Espainiako Erregea etorri zen Zumarragara, han Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariekin elkartu zen. Azpeitian ere egin zen geldialdia, bertan instalakuntzak ikusi eta gero, trena Donostiako Gipuzkoa Plazaraino heldu zen. Joxe Elizburu azpeitiarra Urolako trenbidean urte asko administrari lanetan ibilitakoa da eta gogoan du trenaren inagurazio eguna: «Nik orduan hamabi bat urte-edo nituen eta eskolatik etorri ginen trenaren geltokira, banderatxoa eskuan hartuta».
Azpeitiko geltokia
Azpeitiko tren geltokia izan zen Urolako trenbideko geltoki nagusia: han zeuden bulegoak, trenen konponketa lantegia –1925an eraiki zen, eta, trenbidea itxi zen arte martxan izan zen, inolako aldaketarik gabe–, argindarraren elikadurarako azpi-zentrala (Euskal Herrian egindako lehendabiziko elektraztapenaren adierazgarri dena) eta kotxetegiak.
Urolako trenbideko geltoki denak desberdinak dira bata bestearengatik. Ramon Kortazar arkitekto gipuzkoarrak egin zituen Euskal Herriko etxeen estiloari jarraituz. Juanjo Olaizolak kontatzen duenez, Azpeitiko geltokiaren geltoki berdina den bat dago Galizian, «Renferena da eta Ordes-Pontagra (A Co-ruña) herrian dago, Azpeitikoaren geltoki berdin-berdina da».
Urte oparoak, diru kontuetan behintzat, gutxi izan zituen Urolako Trenak. Urteak aurrera galerak handiagoak izan zituen. Inbertsio gogorrik ere ez zen egin trenbidean. 60. hamarkadan merkantzien garraioa errepide bidezko garraioak ordezkatu zuen, trenari nabarmen eraginez.
1985ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen Urolako trenbidea, Lurralde Historikoaren Legearen ondorioz. Orduan, trenaren ordez autobus zerbitzua jartzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.
.60 urtean zerbitzuan izan ondoren, 1986ko uztailaren 14an bere azken bidaia egin zuen Urolako Trenak eta 1988an behin betiko ixteko erabakia hartu zen, herritar asko eta asko trena kentzearen aurka azaldu baziren ere.
Hainbat egitasmo
Urolan trenbidea egiteko hainbat egitasmo izan ziren, Zumarraga eta Zu-maia arteko trenbidea egin artean. Lehen asmoak XIX. mendean izan ziren. Imanol Eliasek Azpeitia, Historian Zehar liburuan aipatzen duenez, Azpeitian trenbidea aipatzen den lehen berria 1856.koa da. Norte-ko trenbidea Urolaldera gerturatu nahi zenekoa. Bergarako alkatearen deiari erantzunez bildu ziren inguruko alkateak, Azpeitikoa tartean. Baina asmoak asmo baino ez ziren izan.
Trenbidea eraikitzeko lehen proiektua, Pablo Alzola injeniariak egin zuen, 1888an: Zumarraga eta Zumaia artekoa, Getariako porturaino luzatzeko asmoarekin. Egitasmoa bertan behera gelditu zen.
1897an, berriz, Oraa injeniariak Zumarragatik Zumaia arteko tranbea elektrikoaren egitasmoa egin zuen. Azpeitiko Udalak tranbeak herriari ekarriko zizkion abantailak azpimarratu zituen, Imanol Eliasen liburuan esaten denez: «Bertako azoka eta industria bultzatu eta kanpotarrak herrira gerturatuko zituen». Azpeitiko Udalak proiektua onartu arren, ez zen egin.
XX. mendearen hasieran beste saiakera eta egitasmo berri batzuk izan ziren Urolaldean. 1902an, Zumarraga eta Zumaia arteko beste asmo bat egin zen, hura ere ez zen gauzatu.
Gaur egungo asmoak
Aurtengo urrian, Azpeitiko tren geltokiko Burnibidearen Euskal Museoan, Urolako trenbidearen 75. urteurreneko ekitaldian trenari buruzko erakusketa ireki zen. Bertan, EuskoTreneko arduradunak, Alvaro Amman Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburua eta Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak izan ziren. Ammanek, EuskoTrenen eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa trenen bidezko merkantzien garraioa indartzea dela azpimarratu zuen: «Eusko Trenen eta Garraio Sailaren helburuetako bat, trenez merkantzien garraioa sustatzea da, intermodalitatea bermatuz».
EuskoTren XXI. Planak, Merkantzien Negoziorako Planaren lehentasunen artean, Pasaiako portua eta Irun eta Azpeitia arteko garraioa jasotzen ditu, txatarra eta siderurgiako produktuen trafikoa aurreikusiz. Azpeitia-Pasaia egitasmoan 3.845 milioi pezeta aurreikusten dira eta Azpeitia-Zumaia ibilbidea berriro irekitzeko, aurretik aipatutako diru kopuru horretatik 1.040 milioi pezeta bideratuko dira.
|