Iritzia
: Azketako ura
Hirugarren adina
Kepa Susperregi
Duela hilabete batzuk, uda garaian, gurasoak jubilatu eta adinean aurrera egiteak, seme-alabongan sortzen dituzten kezkak genituen mintzagai lagun batek eta biok, kafetxo bat hartzean.
Udazkenean sartu eta hilabetera ospatzen da gurean Jubilatuen Eguna. Ekintza ezberdinez osaturiko astea burutzen dute elkarrekin bazkalduz, Aitonenako lagunek.
Aurtengoan, ospakizun honen inguruko egunetan, adineko pertsonei buruzko artikulu bat baino gehiago irakurri ahal izan dugu. Gure artean adineko pertsonak ugaritzen ari direla adierazten zitzaigun, bai eta adinekoen artean ere, zaharrago eta mugatuago direnen kopurua handitzen ari dela ere.
Hirugarren eta laugarren adineko pertsonen inguruan sortzen edota handitzen ari diren beharrei erantzuteko, erakunde publikoek dituzten asmoen berri ere eskaini izan zaigu.
Irakurri izan dut nonbait, bestalde, gaur egun ere adineko pertsonen harreman sareak (familia....) oso garrantzizkoak direla adineko pertsonen zainketarako. Horrelaxe aipatzen zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Lluis Flaquer irakasleak ere, Familiaren zeregina gizartean artikuluan: «Familiako harreman-sareak babesleku, garapen eta elkartasun gune dira. Bere barnean eskaini izan zaio laguntza berenez moldatzeko gai ez ziren pertsonei (zahar, gaixo, haur...)».
Hori da dugun erronka: zailtasunak zailtasun, eta bide berriak asmatuz, guganaino iritsi den famili bizitzaren hainbat ezaugarri onuragarriri eustea.
|