|
|
|
Iritzia
Uztarria betiere aurrera begira hiru arloetan
Uztarria Kultur Koordinadora
Uztarria herri aldizkariak bi urte egin ditu jada. 1999ko azaroan atera zen lehen alea; 2001eko azaroan, berriz, 23. alea. Ontzat jo daiteke orain arte egindako bidea, baina egindakoa hobetu daiteke, eta Uztarria Kultur Koordinadorak horretan dihardu informazio-komunikazio alorrean, baina baita euskara eta kultur azpiegitura alorretan ere. Hurrengo urtea oso garrantzitsua izango da, eta hona hemen ditugun asmoak.
Herri aldizkarian aldaketak eta internet
Duela bi urte ikusi zuen argia Uztarria herri aldizkariak. Nahikoa kostata. Izan ere, hasiera zaila izan zen: Udalaren laguntzarik gabe hasiera haietan, herritarrek aldizkaria ez zutela ezagutzen, publizitatea sartzen duten bezeroek ere ez... Baina herria Uztarriara gerturatzen joan da, eta Uztarria herrira. Datuak hor daude: une hauetan 500 bazkide baino gehiago ditugu, herrian guztira 1.600 ale banatzen dira hilero (bazkide ez diren harpidedunak aldizkaria diruz laguntzera animatzen ditugu, proiektuei ondo heltzeko behar duelako Uztarriak azpeitiar haien ere aportazio ekonomikoa), publizitatea goraka doa, Udalarekin iaz lortutako akordioa... Herriari zerbitzu bat emateko sortu zen aldizkaria, bateko eta besteko informazioa jendeari emateko, euskara bultzatzeko, herriko kultur taldeei ahotsa eskaintzeko...; horretarako egin zuen Koordinadorak herri aldizkariaren aldeko apustua. Horretan dihardugu, gogotsu eta ilusioz.
Hala, egindakoa hobetu nahian, datorren urtearekin batera aldaketa batzuk izango ditu aldizkariak. Informazioaren tratamenduan, diseinuaren alderdi batzuetan... hobera egingo du aldizkariak. Bestalde, laster aldizkaria-Udala akordioa bukatuko da, eta hitzarmen berriaz hitz egin beharko dugu; Uztarriak betiere aldizkariko bazkideentzako eta herriarentzako egokiena den hitzarmena bultzatuko du, eta Udalak ere filosofia horrekin jokatu beharko luke, herrian oso txertatuta dagoen produktua baita Uztarria. Bestetik, internet arloan ere emango dugu pisuzko pausorik.
Hala ere, lehen esan bezala, Uztarria Kultur Koordinadora aldizkaria baino gehiago da. Informazioa da bere arloetako bat, baina hor daude euskara eta Baite Euskara Elkartea; hor taldeak, kultur etxea eta kultura. Erronka horiei ere heltzen die Uztarriak.
Baite Euskara Elkartea sendotu beharra
Uztarria Kultur Koordinadora 1998an sortu zen, eta ordutik herria euskalduntzea izan du helburu bat. Horregatik hartu du parte era aktiboan Baite Euskara Elkartearen sorreran, Azpeitia euskalduna eta euskaltzalea lortzea delako Baiteren helburua. Izan ere, Azpeitia euskalduna eta euskaltzalea dela uste dugun arren, benetan ez da hain euskalduna eta euskaltzalea: hor daude herriko erakunde eta talde askoren idatziak espainolez; hor herritarren kontsumo ohiturak (prentsa erdalduna, kultura erdalduna...); kartel batzuen erdaldunkeria... Zeregin handia du Baitek, eta horregatik bultzatuko du Uztarriak azpiegitura mailan, jende aldetik, ideia aldetik... Baitek bazkide kanpaina hasi du. Urtean mila pezeta besterik ez da. Uztarriak azpeitiarrak animatu egin nahi ditu Baiten bazkide egitera.
Kultur etxea helburu
Herriko taldeek kultura sortzeko lan egiten dute. Musika taldeek, argazkilariek, antzerki-taldeek, herri mugimenduek... denek ere kultura partehartzailea, herritarra, azpeitiarra, euskalduna bultzatu nahi dute, eta horretan dihardute.
Baina taldeek badute arazo larri bat: herrian ez dago kultur etxerik. Udalak azken urte hauetan jarri izan du diru kopururik Basabazal berritzeko, eta ahoz esan izan du taldeekin hitz egingo duela kultur etxeaz, baina ezer ez du egin. Uztarria Kultur Koordinadorak 1999an proposamen mardula eta logikoa kaleratu zuen kultur etxeaz, eta proposamen hari jarraituz, Uztarriako taldeen aldetik izango da hurrengo urtean proposamen eta ekimen berririk.
Beraz, komunikazioan, euskaran eta kulturan beste pauso batzuk emango ditugu laster. Lana emango du, baina merezi du. Hiru arloak herrian txertatuta daudelako, eta herriak hori eta gehiago merezi duelako.
|