Iritzia
: Akuilua
Autorik gabeko eguna
Fernando Morillo (Idazlea)
Duela gutxi, autorik gabeko eguna izan genuen. Autoen erabilera murrizteko eskatu ziguten, eta, ahal izanez gero, garraiobide publikoez baliatzeko. Ez zen proposamen txarra. Alderantziz, neurri egokia eta —zalantzarik ez— onuragarria genuen. Guztiontzat. Tamalez, bide guztiek agertzen dute belar gaiztoa. Hura barne. Eta areago gurean.
Nik proba egin nahi nuen, zinez, eta autoa utzi eta garraiobide publikoak erabiltzea pentsatua nuen. Gainera, oraindik orain, herri askotan autobusen eta trenen ordutegiak zabaldu egin dituztela gogoratu nuen, jendeak autoa hartzeko beharra izan ez dezan.
Baita zera ere! Gogoratu ere gogoratu bainuen hori ez zihoala gurekin. Azpeitian lehenagotik sobera garraiobide genuelako, agian. Zertarako zabaldu orduan zerbitzua?
Eguna iristean, aukera publikoak aztertu nituen. Zer esanik ez, autoa hartu behar izan nuen.
|