Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Azaroa »  Elkarrizketa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Alaitz Olaizola (Lakrikun Antzerki Taldeko kidea)

“Beharraren arabera idatzi ditut antzezlanak”

Nerea Uranga

Alaitz Olaizolak ikastolan Hamar gehi bat leotardo Taldean ezagutu zuen antzerki mundua. Gero Antxieta Antzerki Taldean aritu zen eta orain Lakrikun Antzerki Taldean ari da. Abenduaren 14an, berak idatzi duen ‘Garalderen requiema’ estreinatuko da, Soreasun.

 

Noiz eta nolatan hasi zinen antzerkian?

Urteaz zehazki ez naiz gogoratzen, 16 bat urterekin-edo izango zen. Karmelo Etxegarai Ikastolan, 8. mailan, Maria Jesus Aranburu andereinoarekin aurreneko harremana izan genuen antzerkiarekin. Gero, Axen Eskalada eta Irune Zuazolazigorragarekin jarraitu genuen. Orduan Hamar gehi bat leotardo Taldean aritu nintzen. Garai hartan aitzindariak izan ginen, beste herrietara mugitzen hasi baikinen. Baziren beste talde batzuk ere, Carpe Diem esaterako. Ikastolan UBI bukatu ostean, jendeak utzi eta talde hauek desagertu egin ziren. Orduan hasi eta gaur egun antzerkian dabilen jendea bada, Axier Agiriano esaterako.

Antxieta Antzerki Taldean ere aritu zara.

Antxieta Antzerki Taldean bi antzezlanetan parte hartu nuen, Ostegun gizena eta Beste mundukoak eta zoro bat antzezlanetan. Eta gero utzi egin nuen antzerkia.

Gaur egun, berriz Lakrikun Antzerki Taldean ari zara.

Bai, azken hiru-lau urte hauetan Lakrikunen ari naiz. Taldean sartzeko modua zera izan zen: taldeak antzerki lan bat behar zuela eta nahi gabe konpromiso batean sartu nintzen. Harrezkero, bi urte segidan antzerkia idatzi dut eta urtebeteko deskantsuaren ondotik hirugarrena da aurtengoa.

Lakrikun taldearentzat idatzitako lan hauek al dira idatzi dituzun bakarrak?

Beste antzezlan txikitxo bat idatzi dut, Idoia Urangak eskatuta, Ikasberri Ikastolan antzerkian dabiltzan hiru gazterentzat idatzia. Arratsalde batean haiekin elkartu, ideiak jaso eta hortik abiatutako lantxo bat da.

Eskatu ahala idatzi al dituzu orduan antzezlanak?

Beharraren arabera idatzi ditut antzezlanak. Nik sekula ez dut antzerki bat idatzi eta kajoian gorde. Nire idazteko modua nire era eta behar bati erantzuteko da, eta hori Lakrikuni esker da. Eta eskertzekoa ere zera da: nire lanei orraztu on bat Aitor Aranak ematen diela. Betiere ondo etortzen da lanei orraztu bat ematea eta nik badaukat zeinek eman; hori ere eskertzekoa da.

Antzezlanak idazterakoan taldeari egokituak izaten al dira?

Talde amateurra gara, eta honek eskatzen du eskenategiak sinpleak izatea, aldaketa asko gabekoak. Beti gauza txikitan mugitu beharra daukagu eta horretarako idatzita dauden zenbait lanek ez digute balio.

Eta antzezlaneko pertsonaiak osatzerakoan taldekideak kontuan hartzen al dituzu?

Taldean bederatzi kide gara eta denek egiteko moduko antzezlana idazten saiatzen naiza, askotan antzerkia uzteko modu bat horixe izaten baita, eskenategira ez igotzea. Taldekide bakoitzaren nahi eta izaeraren arabera egokitzen ditut pertsonaiak. Honek antzezlana taula gainera eramateko orduan erosoago egiten du.

Euskaraz idatzitako antzezlanak topatzea zaila al da antzerki talde amateurrentzat?

Nik igual, orain, esango nuke ez dagoela antzezlanik idatzita euskaraz. Gero, agian atzetik zortzi mila etorriko dira badaudela esaten. Nire sentsazioa da, azken hiru-lau urte hauetakoa, hutsune bat dagoela. Nobela liburuak-eta errazago kokatzen dira, irakurketa pertsonala delako. Antzerki amateurrak eskatzen duen horretarako zenbait lanek ez dute balio. Azkenaldian pare bat antzezlan pasatu izan dizkidate, iraganean kokatutakoak dira eta nahiko konplexuak. Niri pertsonalki gaur egun kokatutako istorioak edo bestela 2030. urtean-edo kokatutakoak gustatzen zaizkit.

Baina idatzi soilik ez, antzeztu ere egiten duzu.

Ni printzipioz idazten hasi nintzen eta gero jendea behar zela, animatu eta antzezten ere hasi nintzen. Oso ondo pasatzen dugu eta bazterrak ezagutzeko aukera ematen du eta horrek bakarrik merezi du. Nik behin antzerkia utzi nuen eta ez nuen berriro hasteko asmorik, baina zerutik etorritako gauza bat izan zen. Aurre-estreinu bakoitzean nere buruari zera galdetzen diot: zergatik sartu nintzen saltsa honetan? Ez da soilik neure papera ondo egin eta kitto. Jendeari antzezlana gustatu ote zaion eta abar ere kontuan hartzen ditut nik.

Eta bukatzeko, Azpeitian antzerkiaren egoera nola ikusten duzu?

Antxieta Antzerki Taldea galdu egin bada, lokalik gabe gelditu zelako eta beste arrazoi batzuk direla medio izan liteke. Lakrikumen Antxietatik etorritakoak ere badira; Iñaki Bergara, kasu. Lakrikun Taldeak beti ditu ateak zabalik gogoa daukanarentzat; denentzako lana egoten da. Lakrikun oso ondo doa eta jendea gogoarekin ari da lanean. Nik espero dut antzerkia nolabait berpiztea. Antzerki amateurrak bestela egunak kontatuta ditu. Zaletasuna beti izan da lantzekoa, futbolean bezalaxe antzerkian ere bai.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak