Udala
: Azaroaren 9an hasiko dira Topaketak
Aldaketak Antzerki Topaketetan
Udala
Zelaitxo itxi denez Soreasu Antzokian egingo dira. Aurtengoan antzerkiaren kontzeptua bera zabaldu egin da. Mikel Garmendia aktore ezaguna omenduko da.
Azpeitiko Udalak antolatzen dituen Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak berrikuntzaz beterik datoz XIX. edizioan. Hasteko, orain arteko edizioen eszenatoki izan den Zelaitxo antzokia itxi egin denez, Soreasu antzokiak hartuko du lekukoa. Han aurkeztuko du antzezlan berria Azpeitiko Lakrikun antzerki taldeak.
Antzerkiaren kontzeptua bera ere zabaldu egin da, aurtengoan Antzerki Topaketen eskutik diska aurkezpenak, dantza taldea, laburmetraiak, bertso saioak eta erakusketa ikusi ahal izango direlako. Berez antzezlanak ez izanda ere, nolabait antzerkiarekin lotura estua duten emanaldiak ikusiko ditugu. Azaroaren 9an Soreasu antzokian prestatuko den erakusketa, prentsaurrekoa eta Emakumearen zapatak diskaren aurkezpenarekin irekiko dira Topaketak.
Urtero egin ohi den omenaldiak bere tartea izango du XIX. edizio honetan. Euskaraz egindako antzerkiaren alde lan egiten duten hainbat omendu izan dira edizio hauetan guztietan; gehienetan idazleak izan dira omenduak. Aurten, Mikel Garmendia aktore ezagunari egingo zaio omenaldia eta bere bizitza eta lanari buruzko liburua aurkeztuko da.
Imanol Kerejetaren kartela
Euskadiko Euskal Antzerki Topaketen edizio bakoitzeko irudizko euskarria izango den kartela aukeratzeko antolatzen den kartel lehiaketaren irabazlea Imanol Kerejeta, Azpeitian bizi den azkoitiarra izan da.
|