Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Azaroa »  Polizia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

AAB : Hiru azpeitiarren etxeak miatu ostean «ugaritu egin da errepresioa»

Herrian «kalez jantzitako polizi» asko dabilela salatu dute AABek

Uztarria

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Batzordeen ustez, «kalez jantzitako polizi» asko dabil herrian azken operazioaren ostean. Espainiako Estatuaren estrategiaren baitan kokatzen dute. Gizarteari horren kontrako urratsak egiteko eskatu diote.

Urriaren 19an goizeko ordubiak aldera Espainiako Polizia herriko hiru etxetan sartu zen, hiru azpeitiar atxilotzera seguruenez, hirurek lotura dutelakoan Poliziak berak bi egun lehenago Soraluzen, Azkoitian eta Ondarroan ustez ETA erakunde armatuaren kontra egindako operazioarekin, baina hiru herritarrak ez zeuden etxean, eta Poliziaren eginbeharra etxeak miatzera mugatu zen orduan.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Batzordeen (AAB) ustez, baina, Espainiako Poliziaren lana «ez da hor bukatu». AABek Uztarriara helarazi duten gutun batean diotenez, «harrezkero kalez jantzitako polizi asko dabil herriko kaleetan, noiznahi eta nonahi, ospa egin zutenen senideen eta lagunen atzetik. Lehen ere bazebiltzan herrian, baina azkeneko egunetan ugaritu egin dira». AABek esan dutenez, herritar batzuk kalean bertan miatu ere egin dituzte «polizi horiek».

Espainiako Estatuak «martxan» duen «makinaria errepresiboaren» baitan kokatzen dute hori Amnistiaren Aldeko Batzordeek. «Azkeneko gertaerak dira horren adibide. PP-PSOEk apustua egina dute: haien helburua Euskal Herria suntsitzea da, eta horretarako errepresioa dute bidea».

«Alde hemendik!»

AABek Alde hemendik! kanpainan dabiltza, eta uste dute «oso beharrezkoa» dela «kanpotar poliziek» Euskal Herritik alde egitea; euskal gizarteak berak behartu behar omen ditu horretara. «Bestela, argi dago ez dela posible izango benetako bakea lortzea. Baina gizarteak badu aski indar, eta une gogor hauetan gutako bakoitza inoiz baino gehiago dago errepresioaren aurka eta benetako bakearen alde urratsak egitera behartuta». EAJri jarrera alda dezan eskatzen diote AABek, «edukirik gabeko bakearen diskurtsoaz ahoa betetzen duen bitartean, errepresioa babestu eta bultzatu besterik ez duelako egiten, atxiloketak txalotuz, tortura mantentzea ziurtatzen duen legedi ‘antiterrorista’ babestuz...»

Poliziak hiru azpeitiarren etxeak miatu zituela-eta, Azpeitiko Batasuneko udal taldeak udalbatza berezia eskatu zuen, baina Jose Mari Bastida alkateak ez zuen beharrezko ikusi hori, atxiloketarik ez zelako izan. Batasunak eskaera berezi bat sartu zuen gero, eta udalbatza noiz egingo daude.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak