Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Azaroa »  Pumori »  Elkarrizketa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Xabier Osinalde (Pumori espedizioko mendizalea)

«Zorte txarra izan dugu, gauzak oso-oso ondo ari ginelako egiten»

Enekoitz Esnaola

Katmandun harrapatu zuen telefonoz Uztarriak Xabier Osinalde mendizale azpeitiarra, urriaren 23an, Pumorin hildakoak erreskatatzen saiatu edo ez erabakitzen ari zirela bilera batean.

Xabier Osinalde, urriaren 22an, Katmandun ateratako argazkian
Xabier Osinalde, urriaren 22an, Katmandun ateratako argazkian.   

Zer moduz?

Hasierako kolpetik errekuperatzen ari ginen, heriotzak zirela-eta tramiteak azkar eta ondo eginak genituen, baina orain erreskatearen kontu hau etorri zaigu eta berriz ere gauzak zaildu egin zaizkigu.

Luzea egiten ari al zaizue dena?

Bai, etxera joateko amorratzen gaudelako, baina, tira, bestela bostok egunero afari pasada bat egiten dugu hotelean, gauzak pixka bat ahaztearren. Gainera, hemen Katmandun trekking-etik bueltan euskaldun ugari dabil –Elgetakoak, Mutrikukoak, Hernanikoak...– eta haiek asko animatu gaituzte.

Zu non zeunden istripuaren berri jakin zenuenean?

Benantxiorekin batera nengoen, Periche herritik beheko kanpamendura bidean. Gauzak mundial egiten ari ginen, oso-oso ondo, Euskal Herrian jaso genituen aholku guztiak betetzen, dena ondo ekipatuta zegoen, iluntzean irten behar zen orduan irten zuten, eta gero hau! Zorte txarra izan dugu.

Istripua nola izan zen edo...

Justu ez dakigu, baina hemen uste dugu izotz-jausi handi bat gertatu zela eta denak aurretik eraman zituela. Sherpak beraiek ere harrituta gelditu dira, gauez izan zelako izotz-jausia.

Beñat-eta zer paretan zeuden?

Komunikabideetan ez dute ondo informatu, guk ez genituelako bi kanpamendu jarri, bakarra baizik, betiere gailurrerako bidean arrisku-gune hori behin baino ez pasatzeko. Kanpamendua 6.200 metrora jarri genuen, eta handik zuzenean gora joatekoak ziren Beñat-eta, atzera kanpamendu horretara itzultzeko lo egitera. Goizeko ordubatean irten zuten gora [7.161 metrora dago gailurra], soka finkoetan kateatu ziren, baina irten eta segitura, ordu laurden batera, istripua izan zuten.

**Beñantxiok dio hurrengo urtean Pumori aldera bueltatzeko gogoa duela, «bisitan».**

Neure asmoa ere horixe da. Gu mendizaleak gara, ez zaigu hau ahaztuko, baina gure bidea ez du moztuko.

Herriaren partetik babesa edukiko duzue, behintzat.

Bai, eta eskertzen da, baina orain momentuan behintzat ez dugu inor ere ikusteko gogo handirik, guztiek ere, logikoa den bezala, azalpen eske ariko zaizkigulako, baina guk ez dugu gauzak azaltzen hasteko gogorik. Etxera joan, geure senideekin-eta egon, eta lasai egon nahi dugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak