Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Azaroa »  Pumori

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pumori : Azpeitian, Aizarnazabalen eta Aizarnan izango dira ekitaldiak; bien gorpuak Pumorin gelditu dira betiko

Azaroaren 3an agurtuko dituzte Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza

Enekoitz Esnaola

 

Egun zail eta nahasien ondoren, gauzak pixka bat behintzat lasaitu dira, eta Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra larunbat honetan –azaroaren 3an– agurtuko dituzte, Azpeitian, Aizarnan eta Aizarnazabalen. Bi gazteak –Cesar Nieto, Javier Arkauz eta Aritz Artieda nafarrekin batera– urriaren 17an hil egin ziren, Pumori mendiko (7.161 metro, Nepal) tontorra egin nahian zebiltzala; 6.300 metro aldera ustez izotz-jausi bat izan ondoren hil ziren. Benantxio Irureta aizarnarra –Azpeitian bizi da 22 urtean–, Xabier Osinalde azpeitiarra, Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak eta Jexux Mari Errazu aizpurutxoarra ere espediziokideak ziren, baina hauek beherago zeuden eta libratu egin ziren ezbeharretik.

Ondorengo orduak eta egunak nahasiak eta zailak izan ziren. Batetik, istripua gertatu eta gutxira Nepaldik etorri zen informazioa ez zen zabala izan, eta zer gertatu zen ere ez zegoen oso garbi. Behin jakin zenean, ordea, zer gertatu zen eta zein ziren hildakoak, erreskatearen kontua etorri zen, eta horrek zaildu egin zuen espediziokideen egoera.

Benantxio bera izan zen Pumoriren magalean –Everesteko beheko kanpamendu ondoan– bi gorpu ikusi zituena, baina haiek erreskatatzea «oso arriskutsua» zela esan zuen, elur-jausiak bukatzen diren tokia delako hura. Nafarroako Gobernua, ordea, prest zegoen hiru nafarrak erreskatatzeko baliabideak jartzeko. Nafarroako Gobernuko inor ere ez zitzaien zuzendu Pumoriko espediziokoei, ez aholku eske, ez laguntza eskainiz, eta hori ez zitzaien «batere gustatu» Urolako mendizaleei. Urriaren 25ean gorpuak erreskatatzen saiatu ziren italiar batzuk –Beñatena han uzteko esana zuen familiak–, Edurne Pasabanek eta baita taldeko hiruk lagunduta ere, baina Benantxiok aurreratu bezala, ezin. Han geratu dira, beraz, gorpuak.

Urriaren 27an iritsi ziren espediziokoak etxera. Larunbatean agurra egingo zaie Beñati eta Iñakiri, lagunek antolatuta.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak