Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2001 »  Urria »  Eztaiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eztaiak : 25. urteurreneko ekitaldiak antolatu dituzte

Herriko lau taldek zilarrezko eztaiak

Udala

25 urte betetzen dituzten taldeak Iraurgi Saskibaloi Taldea, Zine-Klub Taldea, Itsasi Kultur Taldea eta Sahatsa Dantza Taldea dira. Ospakizun ekitaldiak habian jarri dituzte lau taldeek. 1976. urtea urte oparoa izan zen herrian, talde sendoak sortu baitziren

Sahatsa Dantza Taldearen emanaldiko irudia
Sahatsa Dantza Taldearen emanaldiko irudia.    (Udala)

Urte garrantzitsua izan zen 1976a, ametsei eta ilusioei bide emanez era askotako taldeak sortu baitziren: Iraurgi Saskibaloi Taldea, Zine-Kluba, Itsasi Kultur Taldea eta Sahatsa Dantza Taldea. 25 urte luze igaro dira eta talde hauek euren zilarrezko eztaiak ospatzen ari dira.

Josu Arregi Bilbotik Azpeitira etorri zenean –han saskibaloi talde baten jokatzen zuen– gazte koadrila bat entrenatzen hasi zen saskibaloi taldea osatzeko asmoz. Pixkanaka, taldea indartzen eta zaletuak bikoizten hasi ziren herrian eta estatu mailan, 80ko eta 90ko hamarkadak saskibaloia pil-pilean zeneko garaiak baitziren. Gainera, taldeak zaletuak ez zituen esku hutsik uzten: Iraurgi bost urtetan egon zen bigarren mailan, eta hirugarren mailan 1987an, 1989an eta 1992an txapeldun izan zen.

Egun, taldeak aurrera darrai eta 25. urteurrenerako hainbat ekintza prestatu ditu: Gabonak aldera liburua aurkeztuko du, udaberrirako Gipuzkoako jokalariak bilduko dituen Street Basket txapelketa prestatu nahi du eta taldean izan diren jokalari nahiz entrenatzaileekin saskibaloi partidua eta bazkaria ere antolatuko du.

Zine-kluba, zine zaletasuren eragile

Urriaren 1ean eman zuen Azpeitiko Zine klubak lehen zinema emanaldia. Asmoa, zinemarekiko zaletasuna bultzatzeaz gain, garai hartan, zentsuragatik ibilbide komertzialetik at gelditzen ziren filmeak eta zuzendariak herriko zaletuei gerturatzea zen. Filme emanaldiak ematea ez ezik, pelikula amaitu ostean forumarekin kultura zinematografikoa indartzea zen helburua. Aisialdi aukera berri bat zabaltzeaz gain, filmeak ere egin zituzten taldekoek.

Sorreratik 25 urte igaro direnean, Zine-klubaren ibilbide luzea kronika batean jasotzeko, kideek egindako filmeak jendaurrean emateko eta erakusketa bat antolatzeko asmoa dute.

Euskal kultura zabalduz

Loiolako Santutegian, urriko gudari egun batean aurkeztu zen lehenengoz jendaurrean Itsasi dantza taldea. Aurreneko pausoak dantza talde bezala izan baziren ere, beste hainbat kultura jarduera ere landu ditu, helduen dantza taldea, umeentzako dantza eskola, ttuntturro taldea eta musika taldea ere bere baitan sortu dira. Herriko festetan parte hartu eta hamaika ikuskizun eman ditu, baita Euskal Herri eta nazioartean ere.

Zilarrezko eztaiak ospatzeko egitarau zabala prestatu du: irailean Itsasiko kideenentzako filminak; abenduan Itsasiren egun berezia bazkari eta guzti, eta argazki erakusketa; datorren urteko maiatzean, liburu eta bideo baten aurkezpena eta jantzi tradizionalen erakusketa; uztailean, Galiziako talde baten kontzertua; halaber, udazkenean taldekoak izan direnekin ekitaldi berezia aurkeztuko du.

Euskal folklorearen erakusgarri

Sahatsa dantza taldea Urrestillan jaio zen. Bertako gazteek euskal kulturaren alorrean zerbait egin nahi zuten, eta dantza talde bat sortzea otu zitzaien. Handik gutxira, gazte azpeitiar eta azkoitiarrak ere sartu ziren taldera. Bi urte inguruan entseiatu zuten Urrestillan eta, 13 edo 14 urtean Azpeitiko Azoka Plazan. Egun Azkoitiko Baztartxon entseiatzen dute. Lan asko egin ondoren, oso maila ona eta lagun giro jatorra lortu dute..

Urteurrenari begira ekintza ugari prestatu dute, uztailean hasi ziren Azkoitian Eslovakia eta Kaukasoko taldeen ikuskizunarekin. Irailean dantza eta abesbatza bielorrusiarren emanaldia antolatu zuten Azpeitian. Sahatsako kideentzat edo izan direnetzat bideo proiekzio eta afaria antolatu dute, eta gainera aintzinako jantzien eta taldearen historiaren erakusketa egin dute Betharramen. Urriaren 6an, Miarritzeko Balleta ekarriko dute Baztartxora (Azkoitia) eta azaroan Lehena eta oraina bat eginik izeneko ikuskizuna emango dute 17an eta 24an.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak